Mikel Basabe. Aralarreko legebiltzarkidea

«Aspalditik genuen hartua etxera joateko erabakia»

Mikel Basabek uste du «koherentziaz» jokatzea alderdiaren diziplinari jarraitzea baino garrantzitsuagoa dela. Alderdiaren agindua bete egin dutela sinetsita dago.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Aralarreko hiru legebiltzarkideen eta alderdiko zuzendaritzaren arteko konfiantza lehendik hautsita zegoela aitortu du Mikel Basabek (Elorrio, 1966).

Horrela amaitzea espero zenuten?

Egia esan, ez da amesten genuen amaiera. Gure asmoa legealdia bukatzea zen, eta gero nor bere zereginetara joatea. Baina horrela izan da. Zer egingo diogu...

Nola joango zarete Legebiltzarretik? Penatuta? Minduta? Haserre?

Legebiltzarrean izan dugun ibilbidea luzea eta trinkoa izan da,eta nahiago dugu alde onarekin geratu. Hau ere pasatuko da, eta perspektibak, beharbada, beste ikuspegi bat emango digu.

Zergatik ez duzue bete Aralarren zuzendaritzak bakerako lantaldearen inguruan eman zizuen agindua?

Guk oraindik pentsatzen dugu bete egin dugula agindu hori. Ez edukiaren aldetik, ez batzordearen beraren funtzionamenduaren aldetik, ez dago alderik gure jatorrizko proposamenaren eta bozkatu dugun testuaren artean. Izan ere, lantaldea osatzeko, Legebiltzarreko araudia erabili behar da, eta, alde horretatik, jatorrizko testuaren eta bozkatu genuen testuaren artean ez dago alderik, hau da, jatorrizko testua bozkatu izan bagenu, lantaldeagaur egun dagoen bezala eratua izango zen, baina boto gutxiagorekin. Hori da alde bakarra. Beraz, guk jarraitzen dugu esaten edukietan ez dagoela alderik eta, beraz, bete egin dugula zuzendaritzaren agindua.

Zuen ideiekin koherente jokatu duzuela esan duzue maiz. Koherentzia hori alderdiaren diziplinari jarraitzea baino garrantzitsuagoa izan da zuentzat, beraz.

Bai. Eta horrek eztabaida luze bat zabaltzen du: badu hautetsi batek alderdiaren diziplina apurtzerik? Baietz esaten badugu, eta onartzen badugu agindu zuzen bat ez dugula berbaz berba bete, nahiz eta edukiaren aldetik bete dugun, non dago arazoa? Eta ezetz esaten badugu, horrek zer esan nahi du? Zerrenda bat osatzerakoan berdin diola zein izen jarri, azkenean erabakia zuzendaritzak hartuko duelako? Burura datorkit Sanchez Gordilloren kasua: Andaluziako Izquierda Unidaren militanteen erabakia izan zen PSOEren hautagaiari eman behar zitzaiola botoa, eta berak ezetz esan zuen, eta boto baliogabea eman zuen. Berak bere koherentzia lehenetsi zuen. Txarto egin zuen? Debekatuta zeukan hori egitea? Pertsonak aukeratzen ditugunean kontuan izan behar dugu pertsona bakoitzak izaera bat eta motxila bat daramatzala eta funtzionatzeko modu bat daukala. Guk koherentziaz jokatu dugu. Gure koherentziak eskatzen ziguna bozkatu genuen, eta onartu ditugu koherentzia horrek ekarri dizkigun ondorioak.

Denboran atzera egiteko aukera izango bazenu, modu berean jokatuko zenuke? Zerbait aldatuko zenuke?

Lantaldeari buruz hartutako erabakiari dagokionez, nik neuk ez nuke ezer aldatuko.

Zuek diozue bakerako lantaldearekin lehen aldiz ireki zaizkiela Legebiltzarreko ateak bertan ordezkatuta ez dauden alderdiei. Baina, praktikan, zein alde dago batzorde honen eta Legebiltzarrean eratu diren beste batzuen artean parte hartzeari dagokionez?

Guk egin genuena izan zen gai zehatz bati buruz eztabaidatzen hasteko lantalde bat proposatu. Poliziaren biktimei buruzko lantaldean, esaterako, legebiltzarkideak izan dira kideak, eta beren artean antolatu dituzte lanak. Bakerako batzordean, ordea, lehenengo urratsa alderdi guztiei idatziz ekarpenak eskatzea izan da, eta behin hori dagoela, agerraldiak egiteko beste epe bat zabalduko da. Hori da aldea.

Baina arazoaren muina da ezker abertzaleari ez zaiola bermatuko modu normalizatuan eta iraunkorrean parte hartzen.

Ez dut uste hori denik arazoa. Izan ere, testuan jarriko balu bazterketarik gabe izan behar duela, lantaldea berdin-berdin eratuko litzateke; alegia, orain dauzkan muga berberekin. Hau da, testu horrek ez luke aldatuko lantalde honen funtzionamendua. Beraz, arazoa ez da hori.

Orduan, zein da arazoa?

Ez dakit, hori zuzendaritzari galdetu beharko diozu.

PPk esana zuen ez zuela utziko ezker abertzaleak parte hartzea...

PPk esan dezake ez duela nahi ezker abertzalea egotea, baina gehienok kontrakoa esaten dugu. Lantaldea eztabaidarako gune bat balitz bezala hartu behar da, eta hori hala den heinean, ez da beste edozein lantalde edo fororekin bateraezina, ezta kanpoan egiten direnekin ere. Batak ez du bestea kentzen. Geratzen diren hiletan eta datorren legealdian lantaldeak sortua izan zen helburuetarako balio izatea espero dugu guk.

Etorkizuna ikusten diozu, beraz?

Nik etorkizuna opa diot. Eta opa diodan etorkizuna da jasotzen diren ekarpen guztiekin oinarri bat ezartzea, ondoren garatu ahal izateko. Eta hori ez dago zertan legealdi honetan egin. Lantalde bat baino gehiago legealdi batean osatu da, eta hurrengoan jarraipena izan du, eta sinetsita nago lantalde honek datorren legealdian jarraituko duela. Kontua da orain parte hartu dutenek gero ez dutela argudiorik izango parte ez hartzeko. Hortaz, ekarpen positiboa izan dela pentsatzen jarraitzen dugu.

Hiru legebiltzarkideon eta Aralarren zuzendaritzaren arteko konfiantza erabat pitzatuta dago?

Bai, hori argi dago. Zuzendaritzako kideekin ez daukagu harremanik, Dani Maezturekin izan ezik.Danirekiko harremana ez da lehen genuena, baina jarraitzen dugu hitz egiten, eta harreman horri eutsi nahi diogu.

Konfiantza hori lehendik apurtuta zegoen?

Baietz uste dut. Argi zegoen legealdia amaitzean hemendik joatea zela gu hiruron borondatea etaez genuela parte hartze aktiborik izango bestelako apustu batzuetan. Etxera joateko erabakia aspalditik geneukan hartuta.

Egoera zuzentzeko aukerarik ez da egon?

Gaurda eguna ez dugula oraindik bilerarik egin. Gauzak dauden moduan egonda, ez dut baztertzen egunen batean bilera bat egitea. Niri, behintzat, gustatuko litzaidake, baina ez dago nire esku.

Aintzane Ezenarrori Aralarren izenean izan duen bozeramailetza alderdiaren esku uzteko ere eskatu diote. Oraindik ez du utzi.

Kaleratzen duzun pertsona bati exijitzen diozu akta, eta ekainaren 30ean emango duela erantzuten badu, zer aldatzen du bozeramailetza alderdiaren esku uztea?

Talde mistora joango zarete?

Dani Maeztu talde mistora baldin badoa, gu haren atzetik joango gara. Guk ez dugu nahi talde bat osatzea; guk ekainaren 30era bitartean eginkizun dauzkagun lanakamaitu eta orain arte egon garen modu berean jarraitu nahi dugu. Hala egiten badugu, taldeagatik eta eserlekuengatik dagokigun dirua orain arte bezala bideratuko dugu, baina mistora joaten bagara, Legebiltzarrak gordeko du diru hori.

Eta Legebiltzarra utzi ondoren, politikan jarraitzeko asmoa duzu?

Nire asmoa ez da politikan jarraitzea. Berriro ere irakaskuntzara bueltatu nahiko nuke, hori da nire nahia.

Nahiaz hitz egiten ari garela, Nahia alderdiaren osaketarekin zerikusirik baduzue?

Errespetuz ikusten dugu aukera hori, baina ez gaude eta ez gara egongo, eta ez dugu beste hauteskunde eskaintzarik egingo. Hiruron izenean hitz egiten ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.