Nafarroako Gobernuaren osaketa

Aste hasieran egingo dute Txibiteren inbestidura saioa

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du astelehenean egitea lehen inbestidura saioa, eta asteartean bigarrena. Nafarroako EH Bilduren militanteen %82,7k inbestiduran abstenitzearen alde bozkatu dute, eta %12,7k, kontra.

Laura Aznalek uste du aurrera egiten jarraitzeko «bide baten hasiera» izan daitekeela inbestidura. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Otaegi Leonet - Iosu Alberdi
2023ko abuztuaren 10a
09:46
Entzun

Maria Txibite Nafarroako presidentetzarako PSNren hautagaiaren inbestidura saioak badu eguna. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak ebatzi du astelehenean eta asteartean egitea, nahiz eta hasieran asteburuan egiteko aukera proposatu zuten. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aste hasieran itxi zuten Nafarroako Gobernurako akordioa, baina, gehiengo osorik gabe, beste bozketa bat beharko du Txibitek gehiengo soilarekin presidente bilakatzeko. Horretarako, EH Bilduren abstentzioa behar du, eta koalizio subiranistaren Nafarroako Mahai Politikoak horren inguruan galdetu zien atzo koalizioko militanteei. Gaur eman dute emaitzen berri: kideen «gehiengo zabalak» egin du abstentzioaren bidez Txibiteren gobernuari bide ematearen alde. Bozketan parte hartu dutenen %82,7k alde bozkatu dute, eta %12,7k, kontra.

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderen asmoa zen inbestidura saioa asteburuan egitea; lehen bozketa, larunbatean, eta bigarrena, igandean. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, baina, atzeratzea erabaki du. Arrazoia: UPNren, PPren eta Voxen oposizioa. Eskuineko alderdiek araudian ezarritako epeak errespetatzeko eskatu dute; hau da, 72 orduko tartea igarotzea Hualdek deia egin zuenetik inbestidura saiora bitarte. Hala egin ezean, UPNk helegite bat aurkeztuko du, azaldu dutenez.

Horiek hala, Hualdek adierazi du «ziurtasun juridikoa» bermatzeko egingo dutela inbestidura astelehenean, UPNren helegite batek gehiago atzeratzea eragin dezakeelakoan. Halere, Onda Cero irrati katean egindako elkarrizketan azaldu du ez litzatekeela epeak murrizten diren lehen aldia, eta araudiak ere ematen duela horretarako aukera.

PSNko eledun Ramon Alzorrizek jarri du adibide bat: Miguel Sanzen (UPN) azken inbestidura saioa, 2007koa. Hala, eskuinaren jarrerarekin kexu azaldu da. Esan du UPNren, PPren eta Voxen «exigentziek» behartu dutela inbestidura atzeratzera: «Beste behin, eskuinak eta eskuin muturrak bat egin dute legealdia hastea eragozteko, motibazio politiko argi batekin». Halere, eledunak adierazi du eskuineko alderdiek ez dutela lortuko Txibitek zuzendutako gobernuaren osaera ekiditea: «Nafarrak lasai egon daitezke, Maria Txibite Nafarroako presidente izango baita, eta gobernu aurrerakoi bat egongo baita, eskubide murrizketak gelditzeko».

Alzorrizek eta Hualdek kritikatu egin dute zenbait parlamentari oporretan egon daitezkeelako aitzakia. Izan ere, biek gogoratu dute Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adostu zutela uztaila eta abuztua erabilgarri izatea inbestidura prozesuarekin lotutako ekinaldietarako.

Egunak zehaztuta, astelehenean ekingo diote prozesuari, 09:30ean. Txibitek bere programa babestuko du, denbora mugarik gabe. Ondoren, alderdietako ordezkariek erantzungo diote haren mintzaldiari —bakoitzak ordu erdi izango du gehienez—, eta Txibitek erantzun ahal izango die, hamar minutuko tarteetan. Hala eginez gero, eledun bakoitzak beste hamar minutu izango ditu hitz egiteko. Azkenik, bozketa egingo dute, 18:30 aldera. Ezusterik ezean, Txibitek aldeko 21 boto —PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— jasoko ditu inbestiduran, eta kontrako 20 —UPN, PP eta Vox—. Hau da, ez du eskuratuko lehen bozketan beharrezkoa den gehiengo osoa —26 boto—. Hala, EH Bilduren abstentzioa erabakigarria izango da bigarren bozketan —gehiengo soila nahikoa da— PSNren hautagaia Nafarroako presidente bilakatzeko. Hori astearte arratsaldean izango da.

Hurrengo urratsa Txibiteren kargu hartzea izango da. Hualdek adierazi du ostegunean egingo dutela, 11:30ean. Egun berean egingo dute Madrilen Espainiako Kongresuaren lehen bilkura, mahaiko bederatzi kideak hautatzeko. Halere, Nafarroako Parlamentuko presidenteak adierazi du Espainiako Gobernuko kideren bat egongo dela ekitaldian. Ostiralean, berriz, kontseilariek kargua hartzeko txanda izango da.

«Lehen geldialdia»

EH Bilduko eledun Laura Aznalek «poza» adierazi zuen PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak astelehenean itxitako akordioaren berri izan ostean: «Aurrera egiten jarraitzeko lau urteko bide baten hasiera izan liteke inbestidura». Izan ere, gobernua osatuko duten hiru alderdietako kideak koalizio subiranistako kideekin elkartu ziren atzo, itunaren inguruko xehetasunak azaltzeko, eta EH Bildurekin akordioetara iristeko asmoa adierazi zuten. Orduan, EH Bilduk adierazi zuen jada garatzen ari diren bideari jarraipena emateko garaia dela, eta horretarako «lehen geldialdia» dela Txibiteren inbestidura. EH Bilduren esanetan, legealdi berrian «zorrotzago» lan egingo dute «zerbitzu publikoak indartzeko, eskubideak zabaltzeko eta Nafarroako autogobernuan aurrera egiteko». Hala, azaldu dute koalizio subiranista dela «politika aurrerakoak» egiteko bermea.

Aurrez, koalizioak mahai gainean jarri zuen Txibiteren aldeko botoa emateko aukera ere, «negoziazioak desblokeatzeko asmoz», Aznalen esanetan. Hori, baina, ez da beharrezkoa izango, hiruko gobernuak nahikoa baitu koalizioaren abstentzioa. Haren alde egin du Nafarroako Mahai Politikoak, eta militantziaren babesa jaso du. Galdera egiterakoan, Nafarroako Mahai Politikoak egungo «testuinguru konplexuari» egin zion erreferentzia: «Agortzen ari den erregimenaren politika zaharraren eta bazterketarik eta konplexurik gabeko etapa berri baten artekoa».<br />

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.