Aste Santuaren ostean 70-79 urte artekoak txertatzen hastekoak dira Nafarroan

Txertoak jartzeko plana «erritmo onean» doala esan du Osasun kontseilari Santos Indurainek

arantxa iraola
2021eko martxoaren 24a
17:38
Entzun

AstraZenecaren txertoa jartzeko adin tartetik kanpo daude 65 urtetik gorakoak, baina adinarengatik aparteko arriskua dute COVID-19aren aurrean, eta kezkarako motibo izan da noiz hasiko diren horiei jartzen. Eta hasi dira zalantzak argitzen: Nafarroako Gobernuak gaur esan du, adibidez, Aste Santuaren ostean hasiko dela 70-79 urte arteko adinekoei txertoa ipintzen.

Moderna eta Pfizer konpainiek egindako txertoak jarriko dizkiete, adin nagusiagokoekin egin duten eran. AstraZenecaren txertoek ere ailegatzen jarraitzen badute eta egoera «egonkortzen» bada 65 urtetik beherako populazio orokorrarekin ere hasteko eran izango direla iradoki du Osasun kontseilari Santos Indurainek.

Txertaketa «erritmo onean» doala esan du kontseilariak, eta, 70-79 urte artekoak txertatzearekin batera, zenbait osasun arazo dituzten pertsonak ere sartuko dituztela zerrendan; zehazten ari dira zein izango diren. Etapak ixten joate aldera, helburu jakin bat ere zehaztu nahi izan du: apirilaren hasierarako, bukatuta eduki nahi dute 80 urtetik gorakoen txertatzea. Osasun langileen artean ere, antzera: hil honen amaierarako bukatuta nahi dute prozesua.

Txertatzearen emaitzak agerikoak direla nabarmendu du: zahar eta mendekoen artarako zentroetan, esaterako, kasu bakar bat ez dago orain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.