'Haika-Segi auzia'

Astebetez atzeratu du Paueko epaitegiak Segiko hiru kideren aurkako euroaginduaren azterketa

Defentsaren eskaera aintzat hartuz, Paueko instrukzio ganberak astebetez atzeratu du Segiko kide izategatik Amaia Rekarte, Yves Matxikote eta Haritza Galarraga gazte lapurtarren aurka Espainiak aurkeztutako euroaginduaren azterketa. Zehazki, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak euroaginduaren bidez hiru gazte horiek entregatzeko eskatu zion Frantziari "erakunde terroristako" kide direla argudiatuta. Segi erakundea legezkoa da Frantziako Estatuan.

2004ko maiatzaren 18a
11:50
Entzun
Audientzia laburra egin dute Paueko instrukzio ganberan. Izan ere, Rekarteren, Matxikoteren eta Galarragaren defentsak denbora gehiago eskatu du kasua prestatzeko, eta tribunalak eskaera onartu eta astebetez atzeratu du azterketa. Horrenbestez, datorren hilaren 25an egingo da euroaginduaren azterketa.

Nolanahi ere, jende taldea bildu da Paueko epaitegiaren atarian Segiko hiru gazteei elkartasuna adierazteko.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek joan den apirilaren 12an aurkeztu zuen Rekarte, Matxikote eta Galarraga gazte lapurtarren aurka atxilotzeko euroagindua. Segikoak izategatik, "erakunde terroristako" kide izatea leporatzen die.

Frantziako legediak ez zuen estatu hartako herritartasuna duten pertsonen estradizioa edo entrega aurreikusten harik eta joan den martxoan aukera hori ahalbidetzen duen euroagindua indarrean jarri zen arte. Gainera, Segi ez da ilegala Frantziako Estatuan.

Rekarte, Matxikote eta Galarraga maiatzaren 12an atxilotuta izan zuen Frantziako Poliziak zenbait orduz, hain justu, Garzonek haien aurka aurkeztutako euroaginduaren ondorioz. Espainiaren arrestatze aginduaren berri eman zien Fiskaltzak, etaondoren aske utzi zituzten.

2002an utzi zuen legez kanpo Segi erakundea Garzonek Espainian. Erakunde horretako zenbait kide espetxean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.