Kutxa Bira

Asteburuan bukatuko da Kutxa Bira

Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) izango dira azken ekitaldiak. Herritarrek kutxan sartutako ametsak irakurriko dituzte bukaerako ekitaldian. 

Ibarran (Gipuzkoa) Kutxa Birari egindako harrera ekitaldia. JON URBE / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 28a
16:53
Entzun

Martxoaren 20an Argentinan hasi, eta asteburu honetan bukatuko da Euskal Herriko herritarren ametsak herriz-herri bildu dituen Kutxa Bira ekimena. Urrunañ (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) izango dira amaiera ekitaldiak, larunbatean Urruñan eta igandean Seguran. Bizi gira... kutxa bira! lelopean, Euskal Herrian zein diaspora gurutzatu ditu egurrezko kutxak. 

Azken egunak Gipuzkoan eman ditu, eta bertatik joango da kutxa Urruñara. Alta hori baino lehen, Baionan izanen da, bertan bihar arratsaldean murgiltze ereduaren defentsan antolatutako manifestaziora eramango dute kutxa Azkaineko (Lapurdi) herritarrek.

Baionako manifestazioan egon ondotik, Urruñara eramanen dute kutxa eta  18:00etan hasiko da amaiera besta. Bertsolariak eta dantza saioa izanen dira, eta baita musika, Iturengo joaldunak eta zirtzilak ere. Ondotik eginen dute ekimenaren bukaera ekitaldia. Zuzenean emango dute ekitaldia Kanaldude telebistan.

Igandean, aldiz, 12:30ean eginen diote Seguran Kutxari ongi etorria eta 13:00etan izanen da ekitaldi nagusia. Bertan irakurriko dituzte azken bi hilabetetan herritarrek sartutako ehunka mezuak. Arratsaldean, Galerna taldearen musika emanaldia izanen da.

«Galera emozionala»

Euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzeko eta «herria» erdigunera eramateko helburuz sortu zuen ekimena Urruña eta Segurako herritarrak biltzen dituen Iparra Hegoa elkarteak. Argentinan abiatu, eta Euskal Herria gurutzatu du geroztik, iparraldetik hegoaldera, eta ekialdetik, mendebaldera. Gainera, Euskal Herritik kanpora ere ibili da, Bartzelonan eta Parisko Reau espetxean. 

 

Igarotako herri denetan harrera beroa egin diote Kutxa Bira ekimenari. Tokian tokiko euskaltzale eta eragileek antolatu dituzte ongi etorri ekitaldiak eta ondotik herritarrek dituzten ametsak sartu dituzte bertan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.