Astelehenean elkartuko da Euskararen Aholku Batzorde berritua

2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Euskararekin loturiko gaietan Jaurlaritzari aholkuak ematea eta erabakiak hartzen laguntzea helburu duen Euskararen Aholku Batzorde berritua datorren astelehenean elkartuko da Leioako Artaza Jauregian (Bizkaia). Batzordea euskararen munduan erreferente diren 40 pertsona independentek eta prestigiodunek osatzen dute. Horietatik 21 aurreko batzordeko berberak izango dira, 16 berriak eta gainera, beste hiru eserleku berri erantsiko dira. 40 lagun horiez gain, batzordean parte hartu dute hainbat instituzioetako 13 ordezkarik, Eusko Legebiltzarrak hautatutako beste bost pertsonak eta Euskararen Aholku Batzordeko Bilkurako idazkari Iván Igartuak. Beraz, guztira, 59 lagun izango dira batzordean.

Batzorde horren egitekoa izango da 'Euskara 21' garatzen jarraitzea. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan, 'Euskara 21' gogoeta da Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren eta Sailburuordetzaren aurrekontuen bizkarrezurra eta hari orpoz orpo jarraitzen saiatu dira: “Gogoeta horren puntu batzuk oso orokorrak dira eta batzordearen iradokizun eta proposamenak beharko ditugu gauzatu ahal izateko. Uste dugu maila teorikotik errealitatera jaisteko garaia dela–. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat plana garatzea lehentasuna da eta horregatik 'Euskara 21'-eko batzorde-ataletako kideak berehala izendatuko ditu. Izan ere,'Euskara 21' planeko batzorde-atalei Terminologiako eta Toponimiako batzorde-atalak gehituko zaizkie, eta horiezaz gain, 'IKT eta Euskara' izeneko batzorde-atala ere abian jarriko da.

'Munduoro Euskaraz' kanpaina aurrera doa

Euskararen erabilera bultzatzea helburu hartuta, joan den abenduaren 3an jarri zuen abian Munduoro Euskaraz kanpaina Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Kanpaina horren bidez, euskararen mugak hautsi eta nazioartera jauzi egin nahi izan da. Horrexegatik, munduko hirigune ezberdinak islatzen dira kanpainan eta ingurune horietan euskara txertatzen da.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu bezala, kanpainaren bidez adierazi nahi da mundu guztietan sustatu behar dela euskara eta mundu guztiari eman behar zaizkiola aukerak euskara ikasi eta erabiltzeko: “Elkar ulertzen dugu hizkuntzari esker. Hizkuntzak gizakiarenak dira. Hitzek aldiz, espazioak gainditzen dituzte hizkerak sortuz. Eta euskararen geografiak, hau da, giza geografiak, ez du mugarik. Erabilgarritasunak, komunikagarritasunak eta adierazgarritasunak ematen dio bizia eta indarra–.

Munduoro Euskaraz kanpainan erabili diren euskarri nagusiak 2011ko egutegia eta telebistako iragarkia dira. Hainbat erakunde eta elkarteren artean banatu da egutegia. Telebistako iragarkia, berriz, ETB1en eta ETB2n ikus daiteke albisteak hasi baino 20 segundo lehenago.

2010-2011rako Udal Euskaltegien finantzaketa bermatuta geratu da

2010-2011 ikasturterako diru-laguntzetan % 12,5eko beherapena aurreikusten bazen ere, beherapen hori % 1,96koa soilik izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esfortzuari eta erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker. Hala, 2010-2011rako Udal Euskaltegien finantzaketa bermatuta geratu da.

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sinatu duten akordioaren helburu nagusia da udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskari errealari erantzuten saiatzea. Horrek dakar, alde batetik, aldez aurreko neurriraketarik ez ezartzea udal euskaltegi bakoitzaren finantzaketarako; eta bestetik, finantzaketa publikoaren eraginkortasuna bermatzea, euskaltegi bakoitzeko giza baliabideak eskari errealera egokitzeko ahalegina eginez. Adostutako irizpideen arabera, ikasturte honetan udal euskaltegiek bermatuak izango dituzke eskolak emateko baldintzak eta beraz, hiritarrek eskolak jasotzekoak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.