Atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herri osoa konfinamendua arintzeko hirugarren fasera pasatuko dela astelehenean, eta gaur eman ditu xehetasunak Eusko Jaurlaritzak. Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak prentsaurrekoa eman dute. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19 izurritearen kudeaketaren ardura osoa hartuko dute, baita egoera berrira egokitzeko erabakiak hartzeko ere.
Tapiak esan du «garrantzi handia» duela hirugarren fasera pasatzeak. Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, mantendu egingo dute 70 urtetik gorakoentzako ordutegia errespetatzeko aholkua. Hala ere, gogorarazi du «nahi dutenean» ateratzeko aukera dutela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahal izango dira, inolako mugarik gabe; oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere. Garraio publikoak %100 edukiera eta maiztasuna izango ditu, eta maskarak jantzita erabili beharko dira.
Gainera, aurrerantzean, hogei pertsona biltzeko aukera egongo da etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan, betiere babeserako neurriak hartuta.
Astelehenetik haur eskolak irekitzeko aukera egongo da, 0-3 urteko haurrentzat, gehienez ere %60an. Tapiak aipatu du horren atzean kontziliazioa dagoela.
Hezkuntzarekin jarraituz, Ibaiondo zentroa irekiko dute, eta ospitaleko, etxeko eta hezkuntza terapeutikoko hezkuntza arretarako lurralde zentroetan aurrez aurreko hezkuntza jarduerari ekingo diote. Unibertsitatean ere jarduera presentziala itzuliko da, «jarduera hori aurrez aurre ez egitea ezinezkoa den kasuetan». Jarduera presentziala izango da bikaintasuneko ikerketaren esparruan, eta ikerketa eta administrazioa laguntzeko gainerako laborategietan eta zerbitzuetan ere.
Haur eta gazteentzako aisialdi jarduerak ere arautu dituzte. Aire zabalean egiten direnean, gehienezko edukieraren% 60ra mugatuko dute parte hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 pertsonak parte hartuko dute, hezitzaileak barne. Eremu itxietan egiten direnean ere, ohiko edukieraren% 60ra mugatuko dute parte hartzaileen kopurua, baina gehienez 80 lagunek parte hartu ahal izango dute, hezitzaileak barne. Kasu batean eta bestean gehienez hamabost laguneko taldeetan –hezitzaileak barne– egingo dituzte jarduerak.
Ostalaritzan, elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan, berriz, ez da gehienezko edukierarik egongo, baina bi metroko distantziak mantendu beharko dira mahaien artean. «Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero taldeen artean bi metroko distantziarekin», zehaztu dute. Espainiako Gobernuak aurkakoa esan badu ere, diskotekak eta gaueko tabernak itxita mantendu beharko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Merkataritzarako erabiltzen diren guneak gehienezko edukieraren %60an egongo dira irekita, eta espazio komunetan eta jolasguneetan ere neurri bera errespetatu beharko da.
Hoteletan eta turismorako erabiltzen diren beste ostatuetan, eremu komunak irekiko dituzte, %60ko edukierarekin. Liburutegiak, museoak, zine aretoak, azokak egiteko guneak eta erakusketetarako aretoak irekita egongo dira, gehienez %60ko edukierarekin. Leku itxietan ere kultur jarduerak egin ahal izango dira. %60koa izango da baimendutako gehienezko edukiera, gehienez ere 80 pertsona bilduko dira eta eserlekuak aurrez esleituta egongo dira. Aire zabalean egiten direnean, berriz, gehienez %60ko edukiera izango dute, eta 1.000 pertsonako muga egongo da, aurrez esleitutako eserlekuetan.
Kirol instalazio guztiak irekitzeko aukera egongo da, baita igerilekuak ere, %60ko edukierarekin, eta horietan aldagelak eta dutxak ere erabili ahal izango dira, segurtasun distantziak mantenduz gero. Taldeko entrenamenduei ere ekingo diete, kirolarien arteko interakzioarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiatzen has daitezen. Gainerako kirolak ere taldean entrenatu daitezke, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia betez. Turismo aktiboko eta naturako jarduerak eta ariketa fisikoa 30 pertsonako taldeetan egiteko aukera egongo da, betiere, distantziak mantenduz.
Murgak iragarri udenez, beste lau kutsatu antzeman dituzte PCR bidez: Araban bat eta hiru Bizkaian. Beste zazpi pertsona hil dira azken orduetan. Hala ere, datuen joera «positiboa» dela ziurtatu du Murgak.
Nafarroan, muga gehiago
Maria Txibite Nafarroako presidenteak atzo eman zituen 3. faseari buruzko xehetasunak. Ostalaritzaren eremuan, terrazetan gehiengo edukiera %75ekoa izango, da eta barruan, bi herenekoa. Nafarroan, beste astebetean gutxienez, ezingo da barran kontsumitu. Hoteletan eta turismorako bestelako ostatuetan baimendu egingo dute gune komunak irekitzea, edukieraren bi heren baino gehiago betetzen ez bada.
Liburutegietan eta museoetan kultur ekitaldiak egitea ere baimenduko dute, edukieraren %50arekin. Gehienezko edukiera bera izango dute entzunaretoek, zinema aretoek, antzokiek, zirkuek eta antzeko espazioek, eta eserlekuak aldez aurretik esleiturik dituzten guneek, ikuskizunetarako eta bileretarako. Aire zabaleko ikuskizunetan eta kultur jardueretan, gehienez 400 pertsona biltzeko aukera egongo da.
Merkataritzari dagokionez, txikizkako merkataritzako saltokiak eta lokalak eta zerbitzu profesionaletako jardueretarakoak irekitzeko aukera egongo da, erakusketarako eta salmentarako azalera edozein dela ere, eta edukiera gehienez ere %50ekoa izanik.