2015eko maiatzaren 24ko Nafarroako Parlamentuko hauteskundeek inoiz ez bezalako abagunea ireki zuten Nafarroako politikagintzan. Bederatzi eserleku lortu zituen Geroa Baik, zortzi EH Bilduk, zazpi Ahal Dugu-k eta bi Ezkerrak. Denera, 26. Hau da, posible zen UPNren —eta, hein batean, PSNren— hegemoniari aurre egingo zion gobernu bat eratzea. Errealitate ere bilakatu zen hori uztailean, Uxue Barkosek presidentetza hartu zuenean, eta akordio haren eraginak nabari dira oraindik ere. Hamar urte bete dira gaur.
«Astro guztiak lerratu ziren», esan dute Aingeru Epaltza idazleak eta Juan Kruz Lakasta kazetariak 2015eko gobernu aldaketa sustatu zuten gertaera multzoa gogoratuz. Finantza krisiaren ondorioak agerikoak ziren, eta 2007-2011ko legealdia amaitu aurretik Miguel Sanz presidenteak (UPN) garai latzena igaro zela esan bazuen ere, Yolanda Barcina alderdikidearen agintaldia (2011-2015) markatu zuten. Ricardo Feliu NUPeko soziologoaren esanetan, Nafarroa «oasi bat» zen ideia hankaz gora ipini zuen krisiak: hiru eraikuntza enpresatik bi desagertu ziren, ehunka kaleratze izan ziren industrian, pobrezia tasaren gorakada nabarmena... Eta, instituzioei begira, Nafarroako Gobernuaren zorra boskoiztu egin zen: «Auzitan jartzeko moduko ekinaldi batzuen ondorioz, gainera».
Horrekin batera murrizketak iritsi ziren, eta zerbitzu publikoen kalitatean izandako eraginak aktibatu egin zuen «ahulduta» zegoen gizarte zibila, Feliuren hitzetan: «Mugimendu erreaktiboak izan ziren. 2010etik aurrera hartu zuten indarra». Kalera ateratzeko beste arrazoi handi bat UPNren gobernuei lotutako ustelkeria kasuak izan ziren. Nabarmenena, Nafarroako Kutxa auzia eta zenbait goi kargudunek kobratutako dietak; tartean, Barcinak eta Sanzek. Lakastak azaldu du «elkarri bizkar emanda bizi zen jendea» batu zutela kalean.
Barcinaren aurkako zentsura mozio baterako argudio ere izan zen auzi hura. Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak babestu zuten, baina PSNren abstentzioak ezerezean utzi zuen. Ordurako, sozialistak gobernutik oposiziorako bidea eginda ziren, Barcinak PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenez gobernutik bota ostean. Hala ziren beste zentsura mozio bat aurkezteko aukera mahaigaineratu zenean ere; kasu hartan, Nieves auziari lotuta. PSN hura gidatzeko prest zegoela zirudien, baina Ferrazek eten egin zuen, abertzaleengana gerturatzearen kostuen beldur.
Ez zen lehenengo aldia Madrildik Iruñera halako agindu bat iristen zena. 2007ko bozetan, gehiengo alternatibo bat osatzeko adina eserleku eskuratu zituzten Nafarroa Baik, PSNk eta Ezker Batuak, eta, hura bideratzeko asmoz, NaBaik presidentetza ere eskaini zion Fernando Puras sozialistari, nahiz eta abertzaleek boto gehiago eskuratu. Abuztuaren 1ean, PSNk gobernua osatzeko prest zegoela iragarri zuen, baina PSOEk atzera bota zuen. Hilaren 11n abuztuko kolpea izan zen: PSNko parlamentariek zuri bozkatu zuten, eta hala, bide eman zioten Sanzen laugarren agintaldiari.
«Aldaketaren gobernua ez da bat-batean agertzen den perretxiko bat. Pixkanaka ehundu zen 2007tik»
RICARDO FELIUNUPeko soziologoa
Feliuk data hori jo du aldaketaren hasieratzat: «Aldaketaren gobernua ez da bat-batean agertzen den perretxiko bat. Pixkanaka ehundu zen 2007tik». Epaltzak azaldu du ordurako bazela «etsipen» sentsazio bat UPNren agintaldi luzeak zirela eta: «Hau betiko izanen ote da? Isilik egon behar dugu, beti berdin jarraitzera kondenatuak?». Eta hein batean horri erantzuteko eratu zen Nafarroa Bai esparru abertzalean. Abertzaleak politika instituzionalaren lehen lerroan kokatzeko balio izan zuen formula hark, analisten arabera, gai izan baitzen aldaketa bat nahi zuten PSNren boto emaileak eta ilegalizatuta zegoen ezker abertzalearen inguruko jendea gerturatzeko.
Lau urte geroago, lau eserleku galdu zituen NaBaik, baina beste lehiakide bat iritsi zelako. ETAk urte hartan eten zuen jarduera armatua behin betiko, eta gaur egun EH Bildu dena bere bidea egiten hasia zen ordurako. Indartsu sartu zen Nafarroako Parlamentura, eta, bi indarren artean, espazio abertzaleak ordura arte izandako ordezkari kopuru handiena eskuratu zuten: hamabost eserleku.
Horrek «tentsioa eta ezinikusiak» ere eragin zituen, Lakastak gogoan duenez. Ezker abertzalearekin bat egiteagatik, lehenik EA kanporatu zuten NaBaitik, eta gero Aralar. Hala, koalizio haren bidea eten zen, eta Geroa Bai iritsi zen 2015eko bozetarako.
Maiatzak 25
Koktelontzi horretara krisi ekonomikoari eta jardun instituzionalarekiko desengainuari lotutako beste fenomeno bat batu behar zaio: M15 mugimendua eta haren ondorioak. Ezagunena, Ahal Dugu-ren sorrera. Alderdi morea 2015ean egituratu zen Nafarroan, bozak baino hilabete batzuk lehenago. «Modan zegoen alderdi bat zen, hedabide guztietan zegoen, eta Alderdi Sozialistan eta abstentzioan lilura galduta zeudenen botoa erakarri zuen», gogoratu du Feliuk. Hori giltzarri izan zen aldaketarako.
Izan ere, maiatzaren 25eko bozetan, UPNk soilik ez, PSNk ere behera egin zuen. Sozialistek bigarren indarra izateari utzi, eta bosgarrena izan ziren; Epaltzak eta Lakastak bat egiten dute zergatia azaltzean. Uste dute iraganean PSNren alde egin zuten hainbatek Ahal Dugu-n ikusi zutela aldaketa baterako aukera; beste zenbaitek, Geroa Bai koalizioan. Izan ere, Lakastak azaldu du ordurako lan garrantzitsua egin zela bai gizarte mugimenduetan bai alderdietan, 2007koa berriz gerta ez zedin.
Halere, gauzak estu egon ziren. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohi Laura Perezek gogoan du Ahal Dugu eta PSN bete-betean aritu zirela lehian azken eserlekua lortzeko. Eta ez zen aldaketarik izango Ciudadanosek boto gutxi batzuk gehiago eskuratu eta parlamentuan sartzeko gutxienekoa (%3) lortu izan balu. «Txiripa politikoa izan zen, eta hori presente izan genuen gure jarduera politikoan», gogoratu du Perezek.
«Presio ugari sufritu genituen Madrilgo zuzendaritzaren eskutik, oso kezkaturik baitzeuden zer egingo ote genuen, abenduko hauteskunde orokorrei begira izan zezakeen eraginagatik»
LAURA PEREZNafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohia
Gehiengoa hor zegoen, beraz, baina forma eman behar zitzaion, eta horretarako negoziazioei bide eman zieten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Ez zegoen akordioa beste aukerarik, EH Bilduren zerrendaburu Adolfo Araizek aitortu zuenez: «Nafar gizarteak txapelkadaka botako gaitu ez bagara aldaketarako ados jartzen».
Hura erraztu zuten faktoreei dagokienez, UPN kanporatzeko nahia izan zen faktoreetako bat, noski. Baina Geroa Bai eta EH Bildu desadostasunak atzean uzteko gai izan zirela ere aipatu du Epaltzak, baita bozetan lehena bigarrenaren aurretik geratu zela ere. «Agian, alderantziz ere gerta zitekeen, baina hala errazagoa zen». Beste faktore bat Ahal Dugu-ren hauteskunde primarioetako emaitza izan zen, Lakastaren ustez. Hain zuzen, Perezek irabazi zituen, eta aldaketaren aldeko apustu sendoa egin zuen. «Presio ugari sufritu genituen Madrilgo zuzendaritzaren eskutik, oso kezkaturik baitzeuden zer egingo ote genuen, horrek abenduko hauteskunde orokorrei begira izan zezakeen eraginagatik», gogoratu du, eta gehitu du Podemos prest zegoela «Nafarroa sakrifikatzeko».
Espektatibak lurreratzea
Aldaketaren gobernuak espektatiba handiak piztu zituen Nafarroan, baina haiek lurreratzea ez zen erraza izan. «Ez dakit hainbestetan amestutako aukera hori behar bezala probestu ote zen», adierazi du Epaltzak, eta esan «etsipen puntu bat» ere geratu dela. Perezek hala definitu du etsipen hori: «Hitzemandako aldaketa ez baduzu gauzatzen, eta ez badiozu jendarteari esaten zergatik ez den posible, jendeak agerikoa dena ikusten du».
Koalizio gobernuetan, ohikoak izaten dira alderdien arteko xextrak. Kasu hartan, adostasunak eta desadostasunak zerrendatu zituzten gobernu akordioan. Desadostasun horietako batzuek bere hartan iraun dute, tartean euskararen ingurukoa. «Zergatik ez zen aldatu Euskararen Legea?», galdetu du Epaltzak, CCOO sindikatuak ezker konfederalean egindako presioa gogoratuz.
Perezek ere desadostasun haiei egin die erreferentzia: «Laukotearen baitan erresistentzia eta beldur asko zeuden». Uste du Geroa Baik aldaketaren noranzkoa baldintzatu zuela eta ezkerreko beste hiru indarrak ez zirela gai izan presio egiteko. «Gehiago egin zitekeen, baina erakundearen mugak ere agerian geratu ziren».
«2019ra arte PSN ez zen jabetu beste formula baten bidez asko irabaz zezakeela, eta gutxi galdu. Ez dakit konbentzimenduz edo komenentziaz egin ote zuen aldaketa»
JUAN KRUZ LAKASTAEuskalerria irratiko esataria
Gobernuaren lana zaildu zuen beste elementua eskuinaren presioa izan zen; instituzioetan, hedabideetan eta kalean. Feliuk dio diskurtso batzuei erreparatuta bazirudiela «apokalipsia» iritsi behar zela: «Hain esajeratua zen batzuetan, erridikulua baitzen». Lakastak ere eskuineko hedabideek emandako «egurra» du gogoan, hain justu, euskararen alorrean: «Oposizioetan euskarari emandako balioa izan zen haien jomuga». Eta uste du euskalgintzan ez zela asmatu horri aurre egiten. «Garesti ordaindu zen itsu-itsuan hor sartzea».
Inbestidura saioan abstenitu egin bazen ere, PSNren oposizioa ere «gogorra» izan zen, Perezek gogoan duenez: «UPNren mailakoa edo okerragoa». Besteak beste, Altsasu auziari eta euskarari dagokienez. Iritzi berekoa da Epaltza: «Euskaltzaleentzat ikaragarri mingarriak izan ziren zenbait esku hartze egin zituzten».
Ziklo aldaketa
Arrazoi batzuengatik edo besteengatik, 2019ko bozetan ez zen gehiengo bera berriz suertatu. Halere, analistek uste dute 2015eko aldaketa haren eraginak agerikoak direla hamar urte geroago. Nabarmenena: UPN ez da gobernura itzuli. «Bizikidetzaren ikuspegitik, horrek errotik aldatu du Nafarroa», adierazi du Lakastak, eta argudiatu du aldaketa gobernuak modua eman zuela iraganeko diskurtso hegemonikoa, eskuin erregionalistarena, atzean uzteko.
Hain zuzen, PSNk gidatu ditu 2019tik aurrerako gobernuak. Geroa Bairekin eta Ahal Dugu edo Zurekin-ekin batera egin du hori, eta EH Bilduren babesarekin. Hau da, estrategia aldaketa nabarmena izan da Alderdi Sozialistan. «2019ra arte ez zen jabetu beste formula baten bidez asko irabaz zezakeela, eta gutxi galdu», esan du Lakastak. Eta horrexegatik, ez daki ziur PSNren egungo bidea «konbentzimenduz edo komenentziaz» egina ote den, baina uste du Nafarroak aurrera egiteko balio izan duela.
«Aldaketaren gobernuak eragindako kolpe horrek lau urte iraun zuen, baina gero kontuak ateratzen jakin zuen PSNk. UPNk oraindik ez du ikasi»
AINGERU EPALTZAIdazlea
Feliuk, berriz, belaunaldi aldaketa bat ikusten du horren atzean. Maria Txibite PSNren idazkaritza nagusian egonkortuta zegoen jada, eta Pedro Sanchez PSOEren idazkaritzan eta, ordurako, baita Espainiako Gobernuan ere. Bestetik, UPNren diskurtso aldaketa ere aipatu du. Barcinak ezarritako diskurtso gogorrak markatu du UPN 2011tik. Era berean, ezker konfederala lehiakide du PSNk. «Aliatu historiko izan direnak isekaka ari zitzaizkien, oinarri elektoralaren zati batek jada ez zien botoa ematen. Ezkerrerantz bideratu edo PSN gisa desagertzeko arriskua zuten».
Hala, Epaltzak uste du 2015etik ikasitako lezio baten ondorio dela hori. Haren esanetan, aldaketa kolpe latza baitzen haientzat: «Kolpe horrek lau urte iraun zuen, baina gero kontuak ateratzen jakin zuen PSNk. UPNk oraindik ez du ikasi».
Kritikoagoa da Perez, uste baitu Nafarroa ezkertiarra «nahiko neutralizatuta» geratu dela eredu berri horretan. Diskurtsoak apaldu direla uste du, eta eraldaketa materialei dagokionean soilik ez, arlo sinbolikoan ere ez dela behar beste aurreratu. Horren adibidetzat jo du Erorien Monumentuaren auzia.
Aurrera begira, ikusteko dago zer ekarriko duten 2027ko bozek. Lakastak ez du ziur PSNk egungo ereduari eutsiko ote liokeen EH Bildu sorpasso bat egiteko gai izango balitz, eta UPN-PSN binomioaren mamua hor dagoela esan du. Feliuk, berriz, UPNren eta Geroa Bairen balizko aliantza bati erreparatu dio, nahiz eta ez duen posible ikusten egungo testuinguruan; besteak beste, erregionalistek euskararekiko duten jarreragatik. Eta begirada zabalduz, Madrilen gerta daitezkeenak ere izan ditu hizpide: eskuineko balizko gobernu bat eta Sanchezen osteko PSOEk har dezakeen bidea. Halere, etorkizunerako aurrekaria jada ezarrita dagoela gogoratu du Perezek: «Erakutsi genuen posible dela gehiengoak ehuntzea PSNren eta UPNren eraginik gabe».