Azpeitiko Loiola auzoan gertatu zen, Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen errepide nagusiaren alboan; Altuna y Uria enpresak bulegoak dituen eraikinaren eta Kiruri jatetxearen erdian dagoen errepidetxiki baten bazterrean. Lekukoen arabera, Kiruri jatetxera zihoan Uria, egunero bezala, kartetako partida jokatzera. Bide hartako espaloian geratu zen gorpua, harik eta 15:45ak aldean epaitegiko idazkariaren aginduz altxatu zuten arte. Handik Donostiara eraman zuten, Institutu Anatomiko Forentsera, autopsia egiteko.
Herrizaingo Sailaren arabera, etakide batek tiro egin zion, aurrez aurrez, beste batek autoan itxoiten zion bitartean. Atentatua izan den lekutik gertu dago uriatarrak bizi diren etxea ere. Emaztea eta bost seme-alaba zituen, hiru seme eta bi alaba. Hiru anaia ziren, hiruak 1969an sortu zen Altuna y Uria familia enpresako buruak.
Bi etakidek egin zuten atentatua, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman duen bertsioaren arabera, 30 urte inguruko bi gizonezkok. Itziarko (Deba, Gipuzkoa) gainera joan ziren ibilgailu batean. Auto hura Itziarren aparkatu -Azpeititik 25 kilometrotara-, eta pertsona bati gidatzen ari zen Alfa Romeo ibilgailua kendu zioten, atentatua egiteko. Pertsona hura Itziarren utzi zuten, besoak lotuta eta begiak estalita. Azpeitira jaitsi, Ignacio Uria hil eta Itziarrera jo zuten berriro. Atentatua egiteko erabilitako autoari su eman, eta beraiek ekarritako autoan ihes egin zuten.
Gaur, irekiko dute Uriaren hil kapera, Azpeitiko beilategian. Bihar egingo diote hileta elizkizuna, 19:30ean, Soreasuko Sebastian parrokian. Juan Maria Uriarte gotzainak emango du meza, eta hiletaren ostean hilketa salatzeko manifestazioa egingo dute Azpeitian bertan, Canfebaskek, Adegik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek deituta.
41. enpresaburua
Uriak ez zuen bizkartzainik, eta ETAk hiltzen duen 41. enpresaburua da. Jose Mari Korta hil zuten azkena, duela zortzi urte, Zumaian (Gipuzkoa). Iraultza zerga deiturikoa ez ordaintzeagatik hil izan ditu enpresaburuak ETAk, eta Ertzaintzaren arabera, Uriak horregatik mehatxuak jaso izan baditu ere, ez da hori kasu honetan Herrizaingo Sailak darabilen hipotesi bakarra.
AHTren lanetan ari da Altuna y Uria enpresa, eta erakunde armatuak AHTren lanetan ari diren enpresen kontra egin izan du. Hondeamakina batzuen kontra egin zuen Hernanin eta Amenabar enpresaren kontra Zarautzen. Acciona-Fonorteren kontra ere egin zuten eraso Orion, baina azken hori ez zuen bere gain hartu ETAk, agirian.
«Porlan tona horietako bakoitzak gure herri proiektua lurperatzen du», zioen ETAk abuztuan kaleratutako agirian. «AHTrekin egiten ari diren txikizioa, PNV eta enparauen politikaren adibide ezin argiagoa da. Batzuen irabaziak kosta ahala kosta bermatu behar dira», gaineratu zuen. 2007ko martxoan Altuna y Uria enpresako ibilgailu batzuen gurpilak zulatuta agertu ziren, pintaketak eginda eta ihes hodiak estalita.
Politikariak hilketaren tokian
Atentatuaren berri zabaltzen hasi bezain pronto, Loiolara iristen hasi ziren politikariak eta herritarrak. Aurrenetakoak Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea (ezker abertzalea), Xanet Esnaola alkateordea (ezker abertzalea) eta Manuel Unanue (EA), atzora arte Azpeitiko Gobernuko kidea, izan ziren.
Juan Jose Ibarretxe Eusko Legebiltzarreko lehendakaria ere han izan zen. Markel Olano Gipuzkoak ahaldun nagusia eta Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusia ere berehala gerturatu ziren, eta baita Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea (EAJ), Jokin Bildarratz Eudeleko burua eta Julian Eizmendi Udalbideko lehendakaria zein Azpeitiko zinegotzi eta alkate ohia (EAJ) ere. Atzo goizean, bederatzietan, Donostiako eraikuntza lan batean Uriarekin batera egon zen Julian Kortajarena Azpeitiko zinegotzia (EAJ) ere gerturatu zen. Maria Jose Usandizaga eta Regina Otaola PPko ordezkariak ere joan ziren Azpeitira, eta baita PSE-EEko Miguel Buen, Manuel Huertas eta Iñaki Arriola ere, besteak beste.
Diskrezio handiagoz iritsi ziren Uriaren familiakoak, lagunak eta lankideak. Altuna y Uriaren enpresa dagoen eraikinaren atzeko aldera eramaten zituzten. Hitz egiteko gogorik ez zuten. ETAk martxoan tiroz hil zuen Isaias Carrascoren alarguna eta alaba ere gerturatu ziren atentatuaren tokira, Uriaren senitartekoei doluminak ematera.
Loiola inguruan zirkulazio kaos handia sortu zen atentatuaren ostean. Kiruri aurretik pasatzen den errepide nagusia itxi egin zuen Ertzaintzak, eta Loiola barrutik desbideratu zuten zirkulazioa. Segurtasun eremua ere handitzen joan ziren jendea gerturatzen joan ahala.
Aurten hildako laugarrena
ETAk aurten beste hiru pertsona hil ditu: Isaias Carrasco PSE-EE zinegotzi ohia Arrasaten (Gipuzkoa) martxoaren 7an, Juan Manuel Piñuel guardia zibila Legution (Araba) maiatzaren 14an eta Luis Conde de la Cruz militarra Espainian (Santoña, Kantabria) irailaren 22an. Azken biak bonba-autoen eztanden ondorioz hil zituen, eta Isaias Carrasco, Uria bezala, tiroz. Horiek dira, azken elkarrizketa prozesuaren ostean erakunde armatuak egin dituen hilketak.