Esku artean daukaten liburuarekin «oso pozik» daudela ezkutatu ezinik mintzatu dira Mari Luz Esteban eta Marta Luxan EHUko ikertzaile eta aktibista feministak. Hutsune bat betetzera dator, eta aitortza bat egitera. «Ezinbestekoa da euskal gatazka armatuari buruz ikuspegi feministatik hausnartu edo ikertu nahi dutenek euskaraz sortu diren lanak ezagutzea», esan du irmo Luxanek. Euskara eta feminismoa aterki izan baitira gatazka bestela ulertzeko: kontakizun hegemonikoari ihes egiteko babeslekua izan da hizkuntza, eta ikuspegia zabaltzeko tresna izan da feminismoa. «Feminismoari esker ari gara berrikusten gatazka», nabarmendu du Estebanek.
Olatz Dañobeitiarekin batera editatu dute Sin permiso. Estudios feministas sobre el conflicto armado vasco (Baimenik gabe. Ikerketa feministak euskal gatazka armatuari buruz), Bellaterra argitaletxean. Ikerlari feministek euskal gatazkaz euskaraz idatzitako eta argitaratutako bederatzi artikulu bildu dituzte liburuan, gaztelaniara itzulita. Aste honetan aurkeztu dute Donostian, Kaxilda liburu dendan, eta datozen asteetan Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat tokitara eramango dute bilana.
«Ezinbestekoa da euskal gatazka armatuari buruz ikuspegi feministatik hausnartu edo ikertu nahi dutenek euskaraz sortu diren lanak ezagutzea»
MARTA LUXAN Liburuaren editorea
Itzulpena «ariketa politiko feminista bat» dela diote editoreek liburuaren sarreran, eta hala, euskaraz egindako lana aldarrikatu dute gaztelaniarako itzulpenaren bidez. Nabarmendu dute euskaraz badela «gogoetarako ekosistema propio bat», eta horrek ekarri duela euskaraz ikuspegi hegemonikotik kanpo hausnartu eta ikertu ahal izatea. «Euskaraz gauza asko egin dira, eta lanak askoz zabalagoak dira: Patria-k edo Ocho apellidos vascos-ek ematen duten diskurtso hegemoniko hori hausten dute», adierazi du Luxanek.
Hizkuntzak askatasuna eman diela berretsi du Estebanek. «Autozentsura gutxiago dago; liburuaren amaieran esan dugu egileek hitzak neurtu behar izan dituztela, ondorio penalak izan ditzakeelako». Baina, Eider Rodriguezek liburuan egin duen gogoetari erreparatuta, erantsi du euskara hizkuntza «gogaikarria» dela askorentzat: «Ikerketaren munduan, antropologian behintzat, euskara gauza partikulartzat jotzen da, propio euskal munduarekin lotua; ez da unibertsaltzat hartzen».
Gizarte zientzietatik eta kulturatik
Aldiz, bada errealitate bat: euskal gatazka euskaraz ikertu da batez ere. Esteban: «Egiaz gaztelaniaz oso ikerketa gutxi argitaratu dira; eta ikuspegi feministatik, lan bakarra argitaratu da gaztelaniaz, eta beste bat ingelesez. Espainian, diskurtso hegemonikoa fikzioaren eta hedabideen bidez sortu da; eta hemen fikzio gutxiago egiten ari gara, baina ikerketa gehiago». Luxan: «Fikzioa askoz eraginkorragoa delako iruditeriak sortzean: tesi bat irakurtzea baino errazagoa da serie bat ikustea».
Hori dela eta, gizarte zientzietatik eta kulturaren alorretik idatzitako artikuluak jaso dituzte liburuan, bi eremu horietan egin baitira euskal gatazkaren inguruko kontakizunak. Tesiak eta master amaierako lanak jaso dituzte batik bat. Hala, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan ETAn izandako emakumeei buruz idatzi du Onintza Odriozola Irizarrek, eta 1990eko urteetan ezker abertzalean izandakoez, berriz, Olatz Dañobeitia Ceballosek; gizontasun ereduak aztertu ditu Ibai Atutxa Ordeñanak; euskal gatazkaren interpretazio binarioa gainditzeko proposamen bat egin du Maider Galardi Fernandez de Agirrek; kartzelako harreman afektibo-sexualen inguruan jardun da Oihana Etxebarrieta Legrand; idazketaz eta botere harremanez mintzatu da Eider Rodriguez Martin, eta kontakizunaren inguruko gatazkaz, Lorea Azpeitia Anta; poesiaren ikuspegitik aztertu du auzia Ane Arrastoa Villagranek, eta irudien bidez Arantza Santesteban Perezek.

Baina euskal ikerketa ez ezik, ikerketa feminista ere aintzatetsi nahi izan dute. Betaurreko horiek ekarri baitute euskal gatazkari buruzko ikuspegia zabaltzea eta konplexuago bihurtzea. Luxan: «Propio hitz egiten dugu euskal gatazka armatuaz, azpimarratu nahi dugulako ez dela gatazka bakarra izan, baizik eta bat baino gehiago aldi berean». Esteban: «Interesgarria da testuetan ikustea nola gatazkaren kontzeptua zabaldu den, bai literaturan, baita politikan ere. Eta hori emakumeok egin dugu, feministok». Ildo horretan, andreen ahotsa ere aldarrikatu du: «Emakumeek hitz egiten dutenean, beste modu batean eta beste gai batzuez aritzen dira; feminista izan baino lehen, tresneria feminista eduki baino lehen, emakumeak jada hasten dira gauza batzuk auzitan jartzen».
«Interesgarria da testuetan ikustea nola gatazkaren kontzeptua zabaldu den, bai literaturan, baita politikan ere. Eta hori emakumeok egin dugu, feministok»
MARI LUZ ESTEBAN Liburuaren editorea
Gatazkaren kontzeptua zabaltzeaz gain, gatazketan izan ohi den binarismoa ere zalantzan jarri dute liburuan bildutako testuek. Eta hutsune batzuk ere agerian utzi dituzte, Luxanen hitzetan: «Maskulinitatearen inguruan oso gutxi hitz egin eta ikertu da. Emakumeen esperientziak ekartzeko esfortzu handia egin da, baina oraindik ez dakigu zer gertatu den gizontasunarekin gatazkan. Ibai Atutxak ematen du pista bat: maskulinitatea auzitan ez jartzeagatik galdu zen beste iraultza bat egiteko aukera».
Hausnarketa horiek euskal komunitatetik eta mugimendu feministatik kanpo zabaltzea «beharrezkoa» dela uste dute biek. Eta, bide batez, feminista euskaldunek egindako ibilbidea aitortzea, Estebanek azpimarratu duenez: «Lan hau genealogia batean kokatzen dugu, bai aktibismoarena, bai ikerketena». Izan ere, bi eremu horien arteko horma hautsi izan du feminismoak maiz, Luxanek oroitu duenez: «Akademia eta gizartea ez daude banatuta: hemen gauden guztiak bi lekuetan gaude».