Zaborren kudeaketa

Atez ateko bilketaren alde direla adierazi du usurbildarren gehiengoak

Zaborrak jaso eta kudeatzeko sistema horren alde agertu dira botoa eman dutenen %55,23; hau da, duela urtebete Udalak abian jarritako bilketa eredua ona iruditzen zaiela berretsi dute. Bost edukiontziko sistema da boto gehien jaso duen bigarrena: %42,95.

2010eko martxoaren 1a
15:12
Entzun
Atzo eta herenegun herrian zaborren bilketarako eta kudeaketarako zein sistema iruditzen zaien egokiena adierazteko aukera izan dute Usurbilgo (Gipuzkoa) bizilagunek, eta Udalak duela urtebetetik bultzatutako ereduaren aldekoa izan da emaitza, botoen %56 jasota. Udalak berak antolatu du herri galdeketa.

Emaitzak

Parte-hartzea. %70,23 (3.452 boto).

Atez ateko sistemaren alde. %56,23 (1.927 boto).

Bost edukiontziko sistemaren alde. %42,95 (1.472 boto). Egun herri gehienetan dauden lau edukiontzi dira eta bosgarrena organikoentzako.

Lau edukiontziko sistemaren alde. %0,76 (26 boto).

Zuriak. 2 boto.

Baliogabeak. 25 boto.

Usurbilgo Udalak eta San Markos Mankomunitateak eman izan dituzten datuen arabera, atez ateko bilketaren bidez zabor kopuruaren murrizketa itzela lortu dute Usurbilen, eta %82ra iritsi dira birziklatzen. Areago, eredu hori Gipuzkoako herri gehienetara zabalduz gero erraustegiaren beharra ezabatuko litzatekeela iritzi diote. Ildo horretatik, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak erraustegiaren proiektua 6 urtez atzeratzea eskatu du, atez atekoa martxan jarri eta halakoren beharrik gabe zaborrak kudeatzea posible den ikusteko.

Galdeketan jasotako emaitzekin pozik agertu da Errekondo. Haren iduriko heziketa zibikoa zer den erakutsi dute usurbildarrek eta sistema egingarria eta egokia dela frogatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.