Atez atekoaren aurkako lehen manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Legazpin (Gipuzkoa). Atez atekoari ez lelopean, Egialde Laubide auzoko kaleak ibili zituzten dozenaka lagunek, eta zaborra biltzeko sistema hori martxan ez jartzeko eskatu zioten Kepa Urzelai alkateari (Bildu). Atez atekoaren aurkako plataformak antolatu zuen martxa, eta Gipuzkoako hainbat herritako taldeen atxikimendua jaso zuen. Deitzaileen esanetan, «herriaren gehiengoa» aurka du udalaren proiektuak.
Atez ateko sistemaren aurkako sinadura bilketan agerian geratu zen herritarren jarrera, plataformaren arabera. 3.683 firma batu zituzten, boto-emaileen %52renak. Diotenez, birziklatzearen alde daude, baita hondakinen gaikako bilketa «hobetzearen» alde ere, «baina inposaketarik gabe».
Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua indartzen ari dira Bizkaian. Diputazioak atzo berretsi zuen sistema hori ipiniko dutela 37 udalerritan, materia organikoa bildu eta birziklatu ondoren ongarri gisa erabiltzeko. Arratia, Txorierri eta Enkarterriko mankomunitateetan eta Ezkerraldeko hondakinen mankomunitatean jarriko dute martxan, baita beste zazpi herritan ere: Erandion, Berangon, Urdulizen, Sopelan, Plentzian, Gorlizen eta Lemoizen. Bilbon probatzen ari dira, Deustua auzoan.
%4 konpostatzea xede
Urte honen amaieran eta datorrenaren hasieran ekingo dio aldundiak edukiontzi handiak kalean jartzeari eta txikiak etxeetan banatzeari. Hala, Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Planean ezarritako helburuetako bat bete nahi du: 2016rako, hiri hondakinen %4 konpostatzea, ia 25.000 tona. Proiektua martxan jartzeko diru laguntzak onartu zituen atzo Jose Luis Bilbaoren taldeak. Guztira, 650.000 euro bideratuko dituzte horretarako; horietako 150.000, herritarren artean informazioa zabaltzeko.
Atez atekoaren kontrako lehen manifestazioa egin dute Legazpin
Bizkaiko 37 udalerritan bosgarren edukiontzia martxan jartzeko diru laguntzak onartu ditu foru aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu