Gipuzkoara iritsi da 17. Korrika. Bart igaro du Bidasoa ibaia, Hendaiatik (Lapurdi) Irunera (Gipuzkoa), Santiago zubitik. Goizaldean, gainera, Trebiñu eta Donostia arteko ibilbidearen erdia ere bete du. Errenterian (Gipuzkoa) ospatu dute, xanpain eta guzti. Aurretik, baina, hiru herrialdetan ibili da, ia 30 orduko lasterraldi etengabean: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Mezua daraman lekukoa atzoko egunsentiarekin iritsi zen Maulera, zirimiria lagun. Herrigunera sartu aurretxoan, Zuberoako ikastoletako ordezkariek egin zuten lasterka. Hunkigarria izan zen bertakoentzat Margarita Etxart andereñoa lekukoa hartuta ikustea, egun ikasle direnek inguratzen zutela. Duela hogeita hamar urte Mauleko ikastola sortu baitzuen.
Xiberuko Botzeko kazetarien eskutik heldu zen Korrika erdigunera, eta, segidan, Zuberoako presoen senideei pasatu zieten lekukoa; besteak beste, Aurore Martinen amak eraman zuen. Pastoralean parte hartuko dutenek, bertso eskolak eta Zuberoako LAB sindikatuak ere beste horrenbeste egin zuten.
Poliki-poliki ibili ziren lasterkariak atzoko lehen orduetan, eta Nafarroa Beherera behar baino hogei minutu beranduago iritsi zen Korrika. Donaixti izan zen herrialde horretan Korrikari ongietorria egiten aurreneko herria. Aldarrikapentsu ibili ziren Oztibarre bailarako euskalakariak. Didier 10 urte. Presoak etxera zioen pankarta handi batek lagundu zuen lekukoa hainbat kilometrotan. Askatasunak erositako kilometroan, gainera, «bakerik ez amnistiarik gabe», «presoak ere Korrikan» eta pareko aldarrikapenak entzun ziren.
Eskualde horretan eraman zuten lekukoa Batasuneko Mahai Nazionaleko kide Jean-Claude Agerrek eta Abertzaleen Batasuneko kide Andde Sainte-Mariek. Asisko Urmeneta marrazkilariak ere Korrikan parte hartu zuen, buruan txapela zuela. «Nork irakurtzen du Mantxut?», galdetu zuten megafonotik. Denek jaso zuten besoa, badaezpada, eskualdeko aldizkariko langileen kilometroa baitzen hura. Ainhize-Monjolosen Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidente Mixel Berhokoirigoinek eraman zuen lekukoa, «Laborantza Ganbera ere, euskararen alde» dagoela oihukatuz.
Donibane Garazira euskalakari olde handiak lagunduta iritsi zen Korrika. Eta, Kalaka ostatuaren parean, lekukoa eskuz aldatu zen unean, are gehiago batu zitzaizkion. Hala, 400 lagun baino gehiago ibili ziren hiriburuaren euskalduntasuna aldarrikatzen. Besteak beste, Aurore Martin bera ibili zen lasterka; edo, zuzenago esanda, aurpegian haren kareta zeraman gizonezko bat.
Baigorri eskualdetik bazkalostean igaro zen, 20 edo 30 lagun inguruko taldetxoa atzetik zeramala. Lapurdira iritsi, eta Itsasu eta Kanbo inguruan jende dezente ibili zen lasterka. Uztaritzen eguzkiak egin zien harrera, astelehenetik lainopean eta tarteka euriak bustita ibili ostean. Suhiltzaileek, hautetsiek, kirol taldeetako ordezkariek eta enparauek eraman zuten lekukoa. Eskola umeak ere ez ziren gutxi izan, Ipar Euskal Herrian oporrak dituztela aprobetxatuta. Irudi ederra sortu zen Senpereko oihaneko lasaitasunaren erdi-erditik igaro zenean Korrika.
Bide erdia gau ilunean
Atzo egun argiz Zuberoatik Lapurdira egin bezala, astearte goizaldean egin zuen alderantzizko bidea. Lapurdiko hiri nagusian ehunka euskalakari izan zituen lagun 17. Korrikak; handik aurrera, ordea, apaldu egin zen lasterkarien kopurua. Ez, ordea, giroa. Talde txikiak izan arren, pauso sendoz ibili ziren kilometroetan aurrera.
Baiona utzi berritan, Frantxua Maitia (PS) Akitaniako Kontseilu Nagusiko lehendakariordeak izan zuen horretarako aukera, EEP Euskararen Erakunde Publikoari zegokion tartean. Euskal Herriko Garapen Kontseiluak zuen erosia hurrengo kilometroa, eta Jean-Baptiste Etxeto lehendakariak ordezkatu zuen. Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak ere parte hartu zuen Korrikan, Mugerretik pasatu zenean.
17. Korrika
Aturriren hegotik
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa alderik alde zeharkatu dituzte milaka euskalakarik 30 orduko tarteanKorrika 17k bart bete du ibilbidearen erdia, Gipuzkoara sartu eta ordu gutxira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu