Hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera, aurrera pausuak eta elkartasuna. “Euskal nazioarentzat ziklo erabakigarria” dela esan du gaur goizean Itsaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak. Baina ziklo erabakigarria ez da hazkunde ekonomikoagatik bakarrik, baita testuinguru politikoagatik ere. “Sasoi berri honek bat egingo du Nafarroan beharrezkoa den aldaketaren itxaropenarekin, estatuaren egiturak errotik behar duten ezinbesteko berrikuntzarekin, eta zilegi eta legezko dugun estatus politiko berri bat lortzeko ahaleginarekin”. Era horretan, igande honetan egingo den Aberri Eguna berezia izango dela adierazi du.
Euskal abertzaletasunak egun garrantzitsua izango du igandean, eta azken urteetan bezala, indar abertzale nagusienek bereizita ospatuko dute eguna. EAJk, Bilbon egongo da, eta bertan “Europako beste nazioek osatzen duten maparen baitan” aldarrikatuko dute, Atutxaren arabera. Hala ere, argi utzi nahi izan du abertzaletasuna ez dela “ezeren edo inoren aurka egiteko mugimendu bat, nortasun propioa aldarrikatzeko apustu irmoa baizik”.
Ospakizun egun horretarako abertzale orori egin dio deia Atutxak, ikurrina kalera atera dezaten. “Keinu horren bidez herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiko dugu”. Era berean, dei egin du baita ere, antolatu diren ekitaldi guztietan parte hartzeko, “bakoitzari dagokion begirunea gorderik, euskal aberrikoak garela adierazteko”.