Atutxa auzia-n ebatzi zituen zigorrak berretsi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta atzera bota du horien kontra jarritako helegitea. Bi autoren bitartez jakinarazi du auzitegiak bere erabakia. Lehen autoarekin, zigorra ez gauzatzeko eskaera errefusatu du, eta erabaki honen aurka ezingo da jada helegiterik jarri. Aurreko legegintzaldian Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteari uko egiteagatik Kontxi Bilbao diputatua eta Gorka Knörr eta Juan Maria Atutxa diputatu ohiak zigortu zituen epaitegiak. Artean diputatuak ziren azken biak, eta kargurako inhabilitazioa eta isuna ezarri zien.
Gaur kaleratutako bigarren autoaren bidez -honi helegitea jartzen ahal zaio- EAEko auzitegiak Eusko Legebiltzarraren presidentetzari eskatu dio zehatz dezala noiz kenduko duen presidentetzaren mahaitik Kontxi Bilbao diputatu. Era berean, Atutxak eta Knörrek beren karguetarako inhabilitazio zigorrak noiz betetzen hasiko diren jakin nahi duela esan du auzitegiak.
Zigorren epeak jakin ahala, horiek EAEko Hauteskunde Batzordeari ezagutaraziko dizkio auzitegiak, zigortutakoak hurrengo hauteskunde autonomikoetara aurkeztea eragozteko.
Halaber, isunetarako epeak ezagutzera ematen dituztenetik hamabost eguneko epea emango die Atutxari (18.000 euro), eta Knörri nahiz Bilbaori (12.000na euro) haiek ordain ditzaten.
Politika
'Atutxa auzi'-ko ebazpenari jarritako helegitea errefusatu du EAEko Auzitegi Nagusiak
Eusko Legebiltzarrari Kontxi Bilbao kargutik noiz kenduko duen zehazteko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu