2025ean, batez beste, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrotik pasa diren pertsonek 33,1 egun iragan dituzte bertan. Denera, 287 izan dira: horietarik %38k hiru eta hamar egun artean iragan dituzte; ondoko ehuneko gorena 76 eta 90 egun artean egondakoena da, hots, zentrotik pasa diren pertsonen %12,2. Cimade elkartearen Ipar Euskal Herriko adarrak salatu duenez, geroz eta luzeago atxikitzen dituzte pertsonak, kanporatze gehiago egin gabe, haatik. Orokortzen ari den atxikitze zentroetako «gehiegikeriaz» ohartarazi dute kideek, «eskuin muturraren bozekin» ezarritako gehiengo presidentzialaren legeen ondorio.
Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen eta duintasunaren alde lan egiten duen elkartea da Cimade, Hendaiako atxikitze zentroaren merkatu publikoa irabazi zuena 2010ean; 2002tik ibiltzen zen bertako zentroan lanean. Geroztik, goiz guztiz dago bertan atxikiak diren atzerritarrei sostengu juridikoa ekartzeko. Urtero-urtero, Frantzia osoko atxikitze zentroen datuak publikatzen ditu Cimadek, baita Hendaiako zentrokoak ere: Maite Etxeberri eta Clara Lou Lagiere langileek argitara eman dituzte gaur egindako prentsaurrekoan.
80ko hamarkadan plantatu zituzten atxikitze zentroak Frantzian, legez kanpoko egoeran diren atzerritarrak bazterturik atxikitzeko, hain zuzen. Garaian, zazpi egunez atxiki zitezkeen pertsonak, gehienez ere, baina urteak aitzina joan ahala, gogortu dira baldintzak: 2011n 45 egunetara pasa zen gehienezko epea, 2018an, berriz, 90etara. Hots, zortzi urte dira epe bera dagoela indarrean, baina aldatzeko dago beste behin, 210 egunetara pasatzeko elkarrizketak gertatzen ari baitira parlamentuan; terrorismoagatik kondenatutako pertsonei gaur egun ezartzen zaien epea da hori.
Aljeriarren blokeo egoera
Jendeak geroz eta gehiago atxikitzeak, ordea, ez du ezinbestez erran nahi kanporaketa gehiago egiten dituztenik. Kontrarioa gertatzen ari da, erraterako. Aljeriarren adibidea hartu dute Etxeberrik eta Lagierek, Frantziaren eta Aljeriaren harreman diplomatikoak txartu direnaz gero 2025ean bere herritarrak ez baititu gehiago gibel onartzen azkenak. Erran nahi du Hendaiako atxikitze zentroan diren aljeriarrak, adibidez, ezin dituela kanporatu Frantziak. Haatik, horrek ez du atxikitzeen jaitsierarik ondorioztatu: Hendaian atxikitzen dituzten pertsonen herena dira aljeriarrak.
Atxikitze zentroetan sartzen direnak ez dira ezinbestez kriminalak, legez kanpoko atzerritarrak baizik, eta, beraz, ez badira auzipetuak, epe maximoa itxarotea besterik ez zaie baratzen. 90 egunak iragan eta zentrotik behin libratzen dituztelarik, egoera ez da anitz aldatu: legez kanpoko atzerritarrak dira beti, eta gerta liteke aste batzuk berantago berriz atxikiak izatea, kontrol batean edo muga zeharkatzean harrapaturik. Zentrora itzuli, eta berriz martxan jartzen da makina.
Etxeberrik eta Lagierek salatu dute pertsona horien «osasun mental eta psikologikoari larriki eragiten» dien sistema bat, etengabeko alertan bizitzera behartzen dituztena. Aljeriarrena da adibiderik argiena, agian, horien kasuan, gainera, Frantziako Estatuak hasieratik baitaki ez dituela kanporatzen ahalko. «Zergatik jende horiek atxikitze zentroan sartu, orduan?», gaitzetsi dute.
Dena dela, kanporatzeak ere salatu dituzte Cimadeko bi kideek, «zentzugabeki» eginak direlakoan, pertsonen ibilbidearen edo jaioterriaren testuinguru politikoa kontuan izan gabe, konparazione. Besteren artean, egin dute Sudango, Txadeko, Irango eta Haitiko zenbait migratzaileren aipamena, horien ustez ezin direnak kanporatu, «lanjerosa» litzatekeelako horien herrialdera itzultzea. Ordea, Hendaiako zentrotik pasa diren bi haitiarretarik bat bai kanporatu du Frantziako Estatuak; haren berririk ez dute geroztik.
«Darmanin» legea
Egun kopuru maximoa beti gora, eta zentroetan atxikitako pertsonen eskubideak behera. Etxeberrik eta Lagierek 2024ko urtarrilean «eskuin muturreko bozekin» Darmanin legearen ondorioak azpimarratu dituzte. Horietarik bat da atzerritarrek «orden publikoaren mehatxu» direla sinestarazi nahi lukeen printzipioa. Azaldu dute: «Kontzeptu juridiko bat da, egoera indibidualen ikerketa serioak baztertzen dituena. Nahasteka sortzen da orduan atzerritarren eta gaizkileen artean atxikitze administratiboa zilegiztatzeko; zuzenbide komunak ez luke hori onartuko».
Horrela, legez kanpoko atzerritarren egoera indibidualak kasik ez dira gehiago kontuan hartuak, Cimadekoek ohartarazi dutenez: orain arte, baziren jende kategoria batzuk —bikotekide frantsesa zutenak, 13 urte bete aitzin Frantziako lurralde administratibora iritsitakoak— ez zutenak automatikoki Frantzia lurraldea uzteko agindurik jasotzen. Hori aldatu da orain, eta ondorioztatu du geroz eta jende kategoria gehiago pasatzea Hendaiako zentrotik, baita haurrak Frantziako lurraldean ukandako gurasoak ere, adibidez.
«Gehiegikeria» horiek, eta beste anitz, Etxeberrik eta Lagierek deitoratu dutenez. Prentsaurrekoa bukatzeko, oroitarazi dute lege proposamen bat Senaturako bidean dagoela elkarteek atxikitze zentroetan egiten duten lana Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoaren esku uzteko. Horrekiko lehen beldurra da, noski, atxikitze zentroetako eginkizunak Frantziako Barne Ministerioaren esku geratzea; baina, horrez gain, eginkizun horiek murrizteko xedea ere zehaztua da lege proposamenean.