genero indarkeria

Atxilotuak aitortu du joan den astean andre bat hil zuela, eta etxean ere hezurrak aurkitu dituzte

Gimnasioan bertan giza hezurrak aurkitu dituzte goizean, eta, lehen ondorioen arabera, emakume batenak dira. Etxean ere miaketa egin du Ertzaintzak, eta han ere hezurrak aurkitu dituztela baieztatu diote BERRIAri. Atzo zauritu zuten andreak oso larri jarraitzen du erietxean. Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzera deitu du.

2013ko ekainaren 3a
20:31
Entzun

Bilbon emakume bat larri zaurituta topatu ondoren atxilotutako gizonak aitortu du joan den astean emakume bat hil zuela. Ertzaintzaren esku dago gizona, eta polizia iturrietatik BERRIAk jakin ahal izan du lekukotasun hori eman duela akusatuak. Atxilotuaren gimnasioan hezurrak aurkitu dituztela baieztatu du eguerdian Segurtasun Sailak, eta azaldu du etxea miatzen ari zirela. Arratsalde osoan egin dituzte miaketak, eta han ere hezurrak agertu direla jakin du kazeta honek.

Maximo Agirre kaleko gimnasio batean atzeman zuten gizona atzo bazkalondoan. Emakume bat indarrez han sartzen ikusi zuten bi bizilagunek hots egin zioten Poliziari. Atea botata sartu ziren ertzainak, eta han topatu zuten andrea, larri zaurituta. Afrikarra da sortzez, 29 urte ditu, eta prostituzioan aritzen da. Poliziek konorterik gabe aurkitu zuten emakumea, eta koman jarraitzen du Basurtuko Ospitalean.

Gimnasiora ikerketarako arrastoen bila joan direnean aurkitu dituzte hezurrak ertzainek. Emakume batenak dira, lehen ikerketen arabera. Hori ikusita, bilaketa zabaltzea erabaki du Segurtasun Sailak: atxilotuaren etxea miatzen aritu dira, inguruko edukiontziak ere bai, eta Bilboko itsasadarra ere arakatu dute. Albiste agentzia batzuek zabaldu dute gizonak berak Ertzaintzari azaldu diola plastikozko bi poltsatan gorpuzkiak jaurti zituela uretara.

47 urteko gizon bat dauka preso Poliziak. Borroka arteetan aditua da, eta hainbat txapelketa irabazitakoa. Emakumea larri zaurituta topatu zutenean haren ondoan zegoen.

Ikerketa, sekretupean

Ertzaintzako arduradunek agerraldi bat egin dute eguerdian, ikerketaren berri emateko. Lasaitasuna eskatu dute, eta nabarmendu dute zantzu guztien arabera atxilotutako gizonak bakarrik jardun zuela. Ikerketa sekretupean jarri du epaileak, eta Poliziak uste du luze joko duela miaketak. 

Hezurrak topatu dituzte gimnasioan eta atxilotutakoaren etxean, baina oraindik ez dakite zenbat pertsonarenak diren. Oraingoz, hilketa bakarra aitortu du akusatuak polizia etxean.

Protesta deialdiak

Erasoen berri izanda, protestara deitu du Emakumeen Mundu Martxak biharko eta etziko. Bihar, 19:30ean, elkarretaratzera deitu dute Bilboko Indautxu plazan, eta erasoa izandako gimnasio atarira joango dira. Donostian eta Gasteizen ere bihar egingo dituzte mobilizazioak, eta gainerako herrietan, etzi.

Emakundek salaketa agiria kaleratu du, eta gizartearen inplikazioa eskatu du: "Berdintasunik ezean oinarritutako indarkeria horri aurre egiteko ezkutu onena hori da". Prostituzioan aritzen diren andreen egoera ekarri du gogora BIlduk. "Prostituten aurkako erasoak uste baino ohikoagoak dira, jasotzen duten eskubide urraketagatik eta babes faltagatik. Hala ere, emakume hauen aurkako biolentzia ezkutuan dago. Estadistikek ez dituzte prostituten hilketak kontutan hartzen biolentzia matxistaren biktima moduan ez direlako aitortzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.