Tortura

Atxilotuen inkomunikazioaren aurka agertu da EAEko Arartekoa

Iñigo Lamarka EAE Euskal Autonomi Erkidegoko Arartekoak torturaren aurkako adierazpen instituzionala egin du, eta Espainiako Auzipetze Kriminaleko Legea aldatzeko eskatu du: besteak beste, inkomunikazio kentzeko galdegin du, edo besterik ezean, atxiloketa aldia oso-osorik grabatzeko.

2004ko abenduaren 21a
12:34
Entzun 00:00:0000:00:00
Arartekoak zenbait aholku egin dizkie administrazioei torturaren praktika behin betiko desagerrarazteko. Besteak beste, Espainiako Auzipetze Kriminaleko Legedia aldatzeko eskatu du: inkomunikazioa kentzeko, edo besterik ezean, atxilotze aldia hasieratik amaieraraino grabatzeko.

Era berean, polizien esku dauden pertsonei atxiloketaren hasieran zein amaieran osasun zerbitzu publikoetako profesionalek azterketa egitea aholkatu du. Era berean, tortura salaketa guztiak "sakonki" ikertzeko deia egin die administrazioei, eta halako praktikarik balego arduradunei zigorrak ezartzekoa. "Errudunak ez zigortzeak torturen biktimen sufrimendua areagotzen du", nabarmendu du.

Lamarkaren iduriko polizia gehienak giza eskubideekin engaiatuta daude, baina tortura salaketa ugariek gizartean praktika horien susmoa txertatu dutela uste du. "Ukaezina da gure gizartean zabalduta dagoela poliziek tratu txarrak erabiltzen dituztela atxilotuen autoinkulpazioa lortzeko metodo gisa", adierazi du.

Theo Van Boven NBE Nazio Batuen Erakundeko torturaren aurkako kontulariaren aholkuak aintzat hartu ditu Arartekoak bere adierazpenean, eta baita Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak afera horretan Espainiaren aurka emandako ebazpena ere.

Poliziak dituzten administrazio guztietara helaraziko ditu Lamarkak aholku horiek; baita Jaurlaritzako Herrizaingo Sailera zein Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzara.

Azken polizia operazioetan atxilotutakoek egindako salaketak aintzat hartuz egin du adierazpena Arartekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.