Atzera egin behar izan du, babes faltagatik

Administrazio publikoaren lege egitasmoa bertan behera utzi du Jaurlaritzak, onartzeko boto nahikorik ez zuelako.EH Bilduk, PSEk, PPk eta UPDk negoziatzeko «borondate falta» egotzi diote Urkulluri

Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean, botoa ematen. RAUL BOGAJO / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurrera ateratzeko babes nahikorik ez zuela ikusirik, administrazio publikoaren lege proposamena atzera bota du Eusko Jaurlaritzak. Lege egitasmoa ez dute eztabaidatu ere egin Eusko Legebiltzarrean, osoko bilkura hasi baino ordu eta erdi lehenago iragarri duelako Josu Erkoreka eledunak gobernuak lege proiektua erretiratzen zuela. Osoko zuzenketak aurkeztuta zeuzkaten EH Bilduk, PSE-EEk eta UPDk, eta, hortaz, ezinezkoa zuen gobernuak lege proiektua onartzea. Testua baztertuta, hauteskundeen ondoren lege egitasmo berria aurkeztuko du Jaurlaritzak, «oposizioko taldeen ekarpenak aintzat hartuta», Erkorekaren arabera.

Iazko irailean aurkeztu zuen administrazio publikoaren lege proiektua Jaurlaritzak. Bereziki bi helburu bete nahi zituen lege egitasmoarekin: batetik, EAEko sektore publikoaren sailkapena, osaera eta antolaketa arautzea, eta bestetik, «gobernu onaren» printzipioak erregulatzea, administrazio «sinpleagoaeta gardenagoa» lortuz eta herritarren parte hartzea bermatuz. Oposizioko taldeek, ordea, hasieratik baztertu zuten lege proiektua, eduki askorekin ados ez zeudelako. Desadostasunak 300 zuzenketa partzial baino gehiagotan islatu zituzten, eta baita osoko zuzenketetan ere —PPk ez gainerako taldeek aurkeztu zituzten—. Irailetik hona jarrerak hurbiltzeko gai ez da izan Urkulluren gobernua, eta legebiltzarraren eztabaidaren atarian egin behar izan du atzera.

Legealdi honetan bigarren aldia da Eusko Jaurlaritzak babes faltagatik lege proiektu bat atzera bota behar izan duena. Duela bi urte, 2013. urteko aurrekontu egitasmoa erretiratu behar izan zuen, aurrera egiteko aukerarik ez zuelako. Urkulluren lehen aurrekontuak ziren, eta legebiltzarreko eztabaidaren bezperan utzi zituen gobernuak bertan behera, oposizioko talde guztiek osoko zuzenketak aurkeztu eta gero.

Oraingoan ere Jaurlaritzak ez du ongi hartu oposizioak lege egitasmoaren aurka egitea. Erkorekak «hauteskunde interesei» begira «betoa» jartzea egotzi die taldeei. Gobernuak premiaz egindako bileran eman du Erkorekak egitasmoa bertan behera uzteko erabakia, eta oposizioari Jaurlaritza «ahuldu» nahi izatea egotzi dio. Erkorekaren arabera, gobernuak akordioak lortzeko borondatea izan du, eta zuzenketa partzial «asko» onartzeko prest egon da.

Akordiorik ezean, aurten beste lege egitasmo bat aurkeztuko duela iragarri du Jaurlaritzako eledunak, eta prest agertu da oposizioaren iradokizunak bertan jasotzeko. Izan ere, azpimarratu du Gernikako Estatutua onartu zenetik 36 urte igaro direnean, ezinbestekoa dela «arau hutsune» bat estali, administrazioaren funtzionamendua «modernizatu» eta lehen aldiz herritarrei politika publikoei buruzko informazioa jaso eta ebaluatzeko aukera emango dien legea izatea.

Borondaterik ez

EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPDk, ostera, lege egitasmoa negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi diote Jaurlaritzari. Osoko bilkuran behar zuen eztabaida azkenean legebiltzarreko korridoreetan egin dute legebiltzarkideek. Garratza izan da ika-mika, erantzukizunak elkarri leporatuta.

Jeltzaleek, baina, ukatu egin dute oposizioarekin akordioak egiteko borondaterik agertu ez izana. Joseba Egibarrek zehaztu du EH Bilduri eskaini ziotela haren zuzenketa partzial guztiak onartzea, baina koalizioak eskaintza baztertu zuela. Unai Urruzunok, ordea, ukatu egin du hori. Haren esanetan, EH Bildurekin egindako ahalegina bilera bat baino ez zen izan, baina akordiorako borondaterik ez zuten ikusi jeltzaleengan. Lege egitasmoaren gabeziak bere horretan jarraitzen dutela esan du EH Bildukoak, besteak beste legeak ez dituelako udal eta foru erakundeak kontuan hartzen. «Arazoa lege proiektuaren muinean dago, eta hori ezin da konpondu zatikako zuzenketak onartzen».

Negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu dio PSEko Jose Antonio Pastorrek gobernuari. «Sozialistekin harremanetan ere ez dira jarri», salatu du. Lege egitasmoa «oso kaskarra» dela uste du PSEkoak, eta desadostasunak «sakonak» direla dio: «Sektore publikoa eta gardentasuna ulertzeko moduan ez dugu bat egiten». PPk ere salatu du bere taldearekin ez dela negoziaziorik egon. Borja Senperren irudiko, lege egitasmoa bertan behera utzi izanak erakusten du gobernua ez dela gai akordioak lortzeko. Gainera, «ostrukarena» egitea leporatu dio Jaurlaritzari, legebiltzarreko eztabaidari uko egin diolako. UPDko Gorka Maneirok «harrokeriaz» jokatzea egotzi dio Jaurlaritzari: «ETAren preso batekin hitz egiten du, baina ez talde parlamentarioekin».

Egibarren ustez, berriz, gobernuaren «ahuldadea» agerian utzi nahi izan du oposizioak. Hala ere, aitortu egin du jeltzaleen jarrera «zuzena» izan arren «asmatzeko» gai ez direla izan.

LAB sindikatuak, berriz, ohar baten bidez eman du iritzia. Haren ustez, lege egitasmoa baztertuta, agerian geratu dira EAJren «ezintasunak» sektore publikoan akordioak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.