Atzera kontaketa hasi du Korrika 16k gizartearen aurreko aurkezpenarekin

Gizarte eragileen aurrean aurkeztu du AEK-k Korrika 16, Tuteratik Gasteizerako lasterketa hasteko bi aste geratzen direnean

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2009ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Atzera kontaketa hasi da. Bi aste eskas falta dira Korrika 16 Tuteratik (Nafarroa) Gasteizera abiatzeko. Bi aste euskararen aldeko aldarria Euskal Herrian zabaltzeko. Bi aste AEK-k ia bi urtean prestatu duena egikaritzeko. Bi aste Korrikaren bidez euskarara hurbiltzeko Ongi etorria zabaltzeko.

Ongi etorri izango da aurtengo Korrikaren aldarria, eta atzo iluntzean Bilbon egindako gizartearen aurreko aurkezpena bertaratutakoei ongietorria emanez hasi zuen Edurne Brouardek, Korrika 16ren arduradunak. Euskalgintzan diharduten eragileetako eta alderdi politikoetako ordezkariei egin zien agurra. Lasterketan, berriz, kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenei, eta euskara galdu eta berrikasi dutenei egingo diete.

Berrikuntza batekin etorri da aurtengo Korrika. Bidaia intimoak dokumentala egin du, euskara ikasteko edo berreskuratzeko ahalegina egin duten lau lagunen bizipenak biltzen dituena. Dokumentaleko pasarterik esanguratsuenak oinarri hartuta egin du hitzaldia Edurne Brouardek.

Kanpotarrak euskarara hurbiltzea izango du helburu Korrika 16k, «beste batzuetan gertatu zaiguna oraingoan gerta ez dadin». Brouardek dio etorkinei azaldu behar zaiela Euskal Herrian badela frantsesa edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat ere, «geurea propioa dena». Mezu hori bera zabalduko diete bertoko erdaldunei eta euskara galdu dutenei ere.

«Euskara ikasi edo berrikasi. Baina zertarako, erabili ezean?», dio Brouardek. Erabilera izango da Korrikaren bigarren ardatza. «Euskaldun osoak» nahi dituztela esan du, euskara jakin ez ezik, hura erabiltzen dutenak. Onartu du norberaren hautua dela euskara erabiltzea, baina agintariei eskatu die horretarako erraztasunak jartzeko. «Ez litzateke ez etikoa ez egokia erabileraren gaia norberaren konpromiso pertsonalaren esku bakarrik uztea».

Korrikarekin bat

Horren alde egingo dute korrika 11 egunez. Harekin bat egin dute hainbat gizarte eragilek eta alderdi politikok. Atzoko ekitaldian ziren, besteak beste ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Aralarreko Dani Maeztu eta EAJko Belen Greaves. Eusko Jaurlaritzaren izenean joan zen Erramun Osa, eta Euskarabidearen izenean Xabier Azanza zuzendaria. EKTtik Joanmari Larrarte eta Joxean Lizarribar izan ziren, eta ETBtik bertako zuzendari Bingen Zupiria. Kontseilua, ELA eta LAB ere han ziren.



Diru bilketa egiten ari dira egunotan Hegoaldean

Korrikaren aldeko diru bilketa egiten ari dira egunotan Hego Euskal Herriko herri guztietan, datorren igandera arte. Korrikaren izenean herritarren elkartasuna jasoko duten AEK-ko kide guztiek identifikazioa eramango dute. Diru-bilketaz gain, Korrika lagun kanpaina jarriko du abian Korrika 16k.



Korrikaren berri emango dute Gasteizko Hala Bedi Irratian

Gasteizko Hala Bedi irratian astelehenero tarte bat eskainiko diote Korrikari Zebrabide irratsaioan. Programaren kolaboratzaileak Gasteizko Aixkiria AEK euskaltegiko Mintzapraktika taldeko ikasleak dira. Ikasleek «gertutik eta ilusioz» biziko dituzte Korrikak Gasteizen egingo dituen azken kilometroak.



Euskararen aldeko lasterketa ospatuko dute Bartzelonan

Aurten ere Bartzelonan ospatuko dute euskararen aldeko lasterketa. Era guztietako ekitaldiak egiten ari dira, dagoeneko. Gaur bertan Aulki hutsa antzezlana ikusi ahal izango dute 19:30etan, eta, ondoren Anariren kontzertua entzun ahal izango da Bartzelonako Euskal Etxean.



'Ibañeta' antzezlana estreinatuko dute bihar

Korrika Kulturalak antzezlanen aldeko apustua egin du aurten. Bihar, 21:00etan, Antiguako frontoian (Donostia) aurkeztuko da Ibañeta. Piarres Larzabal idazle lapurtarrak idatzitako antzezlana da, 1968an argitaratua. 2008an, Ander Lipus aktoreak bertsio eguneratua plazaratu zuen Saran.



Edurne Brouard.Korrika 16ren arduraduna

«Hasieran baino indar gehiago dugu kalean; Korrika irabaziz joan da»

G. Goikoetxea. Bilbo

Egonerako denbora gutxi izango du hurrengo bi asteetan Edurne Brouardek. Korrikaren arduradun nagusia da, eta lasterketa hasi aurreko uneetan guztia antolatzeko zereginetan dihardu.

Bi aste eskas falta dira Korrika 16 hasteko. Guztia prest duzue?

Guztia prest dago, noski. Baina oraindik baditugu buruhausteak. Orain heldu zaigu urduritasunaren unea. Ez gauzak prestatuta gabe dauzkagulako, baizik eta orain jarri behar delako martxan prestatutako hori dena, eta ikusi ondo irteten dela. Ez zelan irteten den, baizik eta ondo irteten dela.

Lau hilabeteotan Korrika laguntzailea kanpaina jarri duzue martxan. Nolako emaitza izan du?

Korrika laguntzailea lehenengoz aurkeztu genuenean oso onarpen zabala eta handia izan zuen. Baina ordutik hona igarri dugu tentsio jaitsiera bat dagoela. AEK-k dirua biltzeko deia egiten duenean, jendeak ez du aurreko urte batzuetako tentsio berarekin hartzen. Ematen du diru alde hori erdi konponduta-edo dagoela, eta hori inondik inora ez da egia. Zoritxarrez, AEK-k baditu oraindik hainbeste eta hainbeste behar, diru-laguntza politika desegokien erruz bete ezin dituenak. Instituzioek egin beharko luketen hori guk egin ahal izateko, diru hori behar dugu. Euskal gizarteari dei egiten diot Korrika laguntzaile egitera. Abantailak edukiko dituelako, baina baita ere AEK-k behar dituelako laguntzaile horiek.

Aurtengo berrikuntza Bidaia intimoak dokumentala izan da...

Benetan ekoizpen ederra atera da. Jon Maiari entzuna diot dokumental duin bat egin dugula. Nik uste dut duina baino askoz gehiago dela. Ederra da, eta balio izan du guk nahi genuenerako. Omenaldi gisa planteatzen dugun dokumentala baita. Euskara ikasi eta etxean transmisioa bermatu duten pertsonek, eta euskara galdu, berreskuratu eta etxera berrekarri dutenek merezi zuten omenaldia. Bestalde, oso emankorra izan da gure mezua osotasunean helarazteko euskal gizarteari. Aukera eman digu ekitaldi batean barik, zirkuitu batean zabaltzeko.

16. ekitaldia izango da aurtengoa. Hasierako indarrarekin jarraitzen duzue?

Gu betiko indarrarekin gaude. Baina uste dugu kalean hasieran baino indar gehiago daukagula. Korrikaren dohainetako bat hori izan da. Urteen poderioz, jendea biltzen ibili da Korrika, gero eta sektore gehiago erakarri ditu, sektore guztietako jendea. Urteek aurrera egin ahala, irabaziz joan den ekimena da.

Makina bat herritar aterako dira korrika. Hurrengo bi urteetan ez al dira pausoak mantsoak izaten?

Korrikaren edo euskararen inguruko jaien balioaz asko eztabaidatu da, batez ere mundu intelektualean. Argi daukat Korrikak ez duela euskararen arazoa konponduko. Baina Korrikaren moduko ekimenek lagundu baino ez dute egiten. Inondik inora ez dira ez oztopatzaile, ez aurpegi zuritze. Korrikak euskarari egin diezaiokeen bakarra mesede egitea da. Soziolinguistek diote herri bateko hizkuntza berreskuratu ahal izateko lehen baldintza dela herri horrek nahi izatea. Korrika horren adierazle argia baino argiagoa da. Hori beti da euskarentzat ona.

Aurtengo ikurra Ongi etorri izango da. Lasterketa hasi aurretik lortu duzue mezua zabaltzea?

Bai, duda barik. Gu oso pozik gaude luzatu ditugun milaka ongietorri horiek oso ondo hartuak izan direlako. Mediatikoki nabaria da gero eta indar gehiago hartzen ari den ekimena dela. Egon garen eragile guztiek ondo hartu eta ulertu dute azaldu dieguna. Abegitsu hartu gaituzte.



«Ez litzateke etikoa eta egokia erabileraren gaia norberaren konpromiso pertsonalaren esku bakarrik uztea»

EDURNE BROUARD
Korrika 16ren arduraduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.