Atzeratu egin dute Gasteizko Zapatari kalean ostegunerako iragarrita zegoen etxegabetzea

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak martxoan salatu zuen hiriburuko Alde Zaharrean hiru etxegabetze egingo zituztela. Lehenengoa atzeratzea lortu zuten, eta azken orduko dei batek esan die hirugarrena ere gibeleratzea lortu dutela.

Etxebizitza sindikatuko kideak eta ostegunean Gasteizen etxegabetzekoak ziren familiako bi kide, haien etxebizitzaren atarian, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Etxebizitza sindikatuko kideak eta ostegunean Gasteizen etxegabetzekoak ziren familiako bi kide, haien etxebizitzaren atarian, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko abenduaren 2a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deialdi bat zuen antolatua gaur goizerako, ostegunean Zapatari kalean egitekoak ziren etxegabetze baten nondik norakoak azaltzeko. Etxegabetzea egitekoak ziren. Izan ere, azken orduko dei batek abisatu die atzeratzea lortu dutela. Jada bigarren aldia da etxegabetze bat gibeleratzea lortzen dutela, iragan martxoan iragarri zituzten hiru etxegabetzeetako lehenengoa ere atzeratzea lortu baitzuten. Bi lorpenak «sindikatuaren gaitasun antolatuei esker» izan direla adierazi dute sindikatuko kideek.

Berandu azaldu dira agerraldira taldeko hainbat kide, eta guztiei harridura keinuak nabari zitzaizkien. Kazetariarengana gerturatu, eta zera adierazi du Ane Mendiguren sindikatuko kideak: «Etxegabetzea atzeratzea lortu dugu!». Azaldu duenez, agerraldia hasi baino hamar minutu lehenago eta etxegabetzea gauzatzeko bi egunen faltan, Gasteizko Udaleko gizarte langileak zaurgarritasun egoera onartu dio familiari, sindikatuak egindako presioen ondorioz. Erabaki horren bitartez lortu dute etxegabetzea behin-behinean atzeratzea. 

Orduantxe iritsi da etxebizitzaren atarira bi egun barru kaleratu behar zuten gizona, eta segituan kontatu diote berria. Albistea jaso bezain pronto igo ditu etxerako eskailerak, emazteari berria kontatzeko. Pozarren jaitsi dira biak elkarrekin kalean zain zituzten sindikatuko kideengana. Esker hitzak besterik ez dituzte adierazi.

Pozarren, baina serio

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak duela urte erdi pasatxo iragarri zuen Gasteizko Alde Zaharrean bizi ziren hiru familiaren aurka kaleratze espedienteak ireki zituztela. Hiru etxegabetzeetako lehenengoa apirilaren 23rako zegoen programatua, eta atzeratzea lortu zuten. Adierazi dute gaur-gaurkoz, «sindikatuak esku hartu ondoren», familiak etxean jarraitzen duela. Bigarren kaleratzea ekainaren 19an ziren egitekoa, baina familiak etxebizitza utzi zuen ezarritako data baino hiru egun lehenago, «bizitoki alternatibarik jasoko ez zuten mehatxupean». Ostegun honetarako programatuta zegoena zen azken kaleratzea.

Sindikatuko kideak kontent daude azken orduko berria dela eta, baina ez dute ahantzi etxebizitzaren negozioaren kaltetuek bizi duten egoera: «Kaltetutako familiak bizi izan duen ziurgabetasun eta antsietate egoera azpimarratu nahi dugu, aurreikusitako datatik bi egun igaro eta oraindik ez baitzekiten azkenean etxetik kanporatuko zituzten ala ez». Salatu dute familia askok sistema judizialaren aurrean bizi duten errealitatea islatzen duela egoera horrek.

Kaltetuen zaurgarritasuna ikustaraztearekin batera, sindikatuak agerian jarri du udalaren jarrera ere: «Udalak dio hustutako etxebizitzek erabilera soziala izango dutela behin hutsik daudenean, baina azken etxegabetzea egin zutenetik sei hilabete igaro dira, eta etxebizitza hutsik dago oraindik». Argi adierazi dituzte haien eskakizunak: udalak aipatzen dituen baliabide sozialak eta premiazko neurriak okerren daudenak babesteko erabiltzea, eta etxegabetze guztiak etetea.

Manifestazioa abenduaren 13an

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak mobilizaziora deitu du abenduaren 13rako. Iruñeko Alde Zaharrean negozio turistikoak eragin dituen ondorio kaltegarriak ikusaraziko dituzte, fokua Merkaderes kaleko 18. zenbakian ipinita. Negozio turistikoari ez lelopean, «negozio turistikoaren aurka, eta horrekin aberasten direnen aurka» aterako dira kalera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.