Euskal gatazka

Atzerriko, baina ez arrotz

Hamar urte igaro dira eurodiputatu batzuek Basque Friendship taldea sortu zutenetik. Denbora honetan, euskal gatazkaren «irtenbide baketsu eta demokratikoaren alde» egin dute lan.

Friendshipeko zenbait kide, Estrasburgon, 2011ko urtarrilean, ETAren su-etena aztertzeko agerraldian. BERRIA.
gotzon hermosilla
2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Eurodiputatu multzo batek 2005eko abenduan iragarri zuen Euskal Herrian bake prozesua sustatzeko babes taldea osatuko zutela. Taldearen sortze agirian esan zutenez, haren sinatzaileak bat zetozen hainbat ideiatan: alegia, irtenbideak «elkarrizketan eta adostasunean» oinarritu behar duela, Euskal Herrian bizi direnpertsona guztien «eskubide indibidual eta kolektibo guztiak» aintzat hartu behar direla, eta ezinbestekoa dela Euskal Herria «subjektu politiko gisa» onartzea eta «justizia eta demokrazia» garatzea, euskal herritarrei «euren etorkizunari dagozkion erabakien inguruan» galdetuko dietela bermatuz; hori guztia, «bakean eta eskubide politiko eta zibil guztien errespetuan» oinarrituriko testuinguru batean.

2006an ekin zioten lanari—orain hamar urte, beraz—, eta, hasieran, hamabi lagunek osatu zuten gerora Basque Friendship izena hartuko zuen taldea. Hamar urte hauetan, Europako hainbat lekutako eurodiputatu ugarik osatu dute taldea —euskal eurodiputatuek eta, oro har, gatazkan zuzenean inplikaturik daudenek ezin dute horretan parte hartu—, eta behin eta berriro erakutsi dute euren konpromisoa Euskal Herriko gatazkari irtenbide baketsu eta demokratikoa emateko lanean.

Batez ere, Europako Ezker Batua eta Europako Aliantza Librea EAL-Berdeak taldeetako kideek osatu zuten hasieran Basque Friendship. Hortaz, lehenengo zeregina Europako Parlamentuko gainerako taldeekin zubiak eraikitzea eta harremanak sendotzea izan zen; sozialistekin eta liberalekin, batez ere. Europako Alderdi Popularreko kide bat ere egon zen hasiera hartan, Frida Brepoels flandriarra, baina bere taldearen presioak jasan zituen, eta, azkenean, Friendship utzi egin behar izan zuen.

«Urrats historikoa»

2006ko martxoaren 24an, su-etena ezarri zuen ETAk, eta, horrekin batera, nazioarteko harremanen arloak garrantzi handia hartu zuen. «Urrats historikotzat» jo zuen Friendship taldeak ETAren erabakia, eta aurreikusten zen elkarrizketa prozesuaren aldeko baldintza egokiak prestatzekolanari lotu ziren hango kideak. Lanak fruituak ekarri zituen. Orduko urriaren 25ean, Europako Parlamentuak babesa eman zion bake prozesuari, eta horren arabera jokatzeko eskatu zien Europako Kontseiluari eta Batzordeari. Bozketa oso estua izan zen —321 boto alde, 311 kontra—, eta eztabaida ere garratza eta iskanbilatsua suertatu zen, baina, lehenengo aldiz, Europako erakundeek konpromisoa hartu zuten euskal gatazkaren konponbidean.

Baina handik gutxira, abenduaren 30ean, ETAk Madrilgo Barajas aireportuan lehergailu bat zartarazi eta bi lagun hil zituenean, prozesua kolokan gelditu zen. Friendship taldeak agiri bat plazaratu zuen: horretan, ETAri bortxazko ekintza guztiak bertan behera uzteko eskatu zion, eta alde guztiei elkarrizketari ekiteko, «prozesuaren hasieran zegoen espiritu positiboa» berreskuratze aldera. Ez zen posible izan, eta,2007ko ekainaren 6an, ETAk amaitutzat jo zuen su-eten garaia.

Inaki Irazabalbeitia urtebetez izan zen eurodiputatu, 2013ko uztailetik 2014ko uztailera; Aralarreko ordezkari gisa, Independentistak eta Ezkertiarrak izeneko zerrendan aurkeztu zen 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan —Aralarrez gain, Eusko Alkartasunak, Kataluniako ERCk, Galiziako BNGk eta beste zenbait taldek osatzen zuten zerrenda—. Pentsatzen du 2006ko urrian hartutakoa «erabaki inportantea» izan zela, baina Barajasko atentatuaren ondorioz «ordura arte pilatutako sinesgarritasun guztia» galdu zela. «Hori berreskuratu behar izan da, eta horretarako lan handia egin behar izan da». Hor jartzen du, hain zuzen ere, Basque Friendshipen «meriturik» handiena: «Euskal gatazkaren konponbide baketsu eta demokratikoaren sugarra pizturik» atxikitzen lagundu dutela, garairik zailenean lagundu ere.

Izan ere, hurrengo urteetan ugariak izan ziren Basque Friendshipen ekinbideak: ezker abertzalearen legez kanporatzearen kontra, tortura gaitzetsiz, aldeei elkarrizketaren bideari ekiteko eskatuz eta abar. 2009ko hauteskundeen ostean, Europako Parlamentua berriztatu zen, eta, horrekin batera, Basque Friendship ere bai. Agintaldi hartan iritsi zen ETAren erabakia jarduera armatua behin betiko lagatzeko —2011ko urrian—, Friendshipek gogotik txalotu zuena.

2014an berriro izan ziren Europako Parlamenturako hauteskundeak. Agintaldi honetako Basque Friendshipen taldea sortu zuten lau diputatuk jarraitzen dute -Jill Evans galesak, Tatiana Zdanoka letoniarrak, Ian Hudghton eskoziarrak eta Bart Staes flandestarrak- eta beste hamar batu zaizkie. Orain, GUE/NGL Europako Ezker Batua eta EAL-Berdeak taldeetako kideez gain, kontserbadore eta erreformisten taldeko kide bat —Mark Demesmaeker flandestarra— eta ELDA Europako Liberal eta Demokraten Aliantzako beste bat ere —Kataluniako CDCko Ramon Tremosa— badaude taldean.

Parte hartzeko arrazoiak

Zerk eraman dezake Euskal Herritik kanpoko diputatu bat horrelako talde batean parte hartzera? «Denetarik dago», Irazabalbeitiaren esanetan: «Estaturik gabeko nazioen ordezkarien aldetik badago berezko jarrera bat antzeko egoera duen beste nazio batekin, euskaldunok Korsikarekin, Eskoziarekin edo Kataluniarekin daukagun bezala». Baina, dioenez, giza eskubideak leku eta egoera guztietan errespetatu behar direla pentsatzeak eraman ditu beste zenbait taldean parte hartzera.

Izaskun Bilbao EAJko kidea 2009tik da eurodiputatu. Askoz balorazio kritikoagoa egiten du: pentsatzen du Basque Frienshipen ekitaldien antolakuntzan «Euskadiko alderdi politikobatzuk» daudela, eta horretan datzala haren «ahulezia». «Zerbaitek eragina eduki dezan, ahalegin handiagoa egin behar da gogoeta egiteko eta sentsibilitate desberdinak hor sartzeko. Arlo horretan uste dut lan handiadagoela egiteko». Bilbaoren aburuz, ikuspegiak orokorragoa izan behar du: «Gauzak denon artean mugitzen ez baditugu, ez dugulako ezer lortuko. Badakit hori ez dela erraza, baina etorkizuna bideratzeko hori da beharrezkoa; ekitaldi bat eginez legebiltzarraren erdia kontra edukita, ez da ezer aurreratzen».

Oso bestelako balorazioa egiten du EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik: «Jende asko pasatu da talde horretatik, eta iruditzen zait sekulako lana egin dutela eta konpromisoa erakutsi dutela giza eskubideekin eta demokraziarekin. Lan hori kanpotik ikusten dugun euskaldunontzat, txalogarria eta, batzuetan, hunkigarria ere bada haien inplikazioa».

Ekinbidea Europako Parlamentutik sortu izanari eta konponbidearen gaia Europako Batasunaren agendan agertzeari «garrantzitsu» deritzo Juaristik, «nazioartearen inplikazioak beti izan duelako garrantzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.