Atzerritarrak gipuzkoarrekin saretzeko, Izan Harrera egitasmoa aurkeztu dute

SOS Arrazakeriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzan egindako proiektu bat da Izan Harrera. Aurtengoa seigarren aldia izango da. Helburua atzerritarren gizartaratzea erraztu eta kohesioan laguntzea da.

Izan Harrera egitasmoaren aurkezpena, gaur, Donostian. Eskuinean, Usoa eta Mohamed. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Izan Harrera egitasmoaren aurkezpena, gaur, Donostian. Eskuinean, Usoa eta Mohamed. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Mikel Garcia Martikorena.
Donostia
2025eko maiatzaren 19a
15:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herrira etorri eta egoera zaurgarrian daudenen bidelagun izateko Izan Harrera egitasmoa aurkeztu dute gaur SOS Arrazakeriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Seigarren aldia izango du aurtengoa, eta erakundeek argi dute zein diren gizarte mentoretza programaren helburu nagusiak: gizarteratzea erraztea eta kohesioan laguntzea. «Ona da haientzat zein guretzat. Gipuzkoan atzerritarrak behar ditugu: garrantzi ekonomiko eta soziala dute», azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Izan Harrera egitasmoak gipuzkoar bat ─edo familia bat─ eta migratzaile bat elkartzen ditu, bigarren horren gizarteratzea erraztu eta sareak eraikitzen hasteko. Boluntarioek osatzen dute sarea; agerraldian argitu dutenez, egitasmoaren helburua ez da prozesu administratiboetan eta legaletan laguntzea, baizik eta egunerokoan «han egotea, elkar entzutea».

Aurreko bost edizioetan, guztira 54 bikotek hartu dute parte; kopuru hori gero eta handiagoa izango dela azaldu du SOS Arrazakeriako Karlos Ordoñezek. Are gehiago, Ordoñezek kontatu duenez, hainbat elkartek eta erakundek haiengana jotzen dute informazio eske, ekinaldian parte hartu nahi duten migratzaileak dituztelako taldean.

Horiek horrela, SOS Arrazakeriako kideak gipuzkoarrei dei egin die programan parte har dezaten. Ildo beretik jo du Ion Ganbrak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak. Hark iritzi dio proiektuak «norbanakoei bizitza eraldatu eta bizikidetza demokratikoa indartzen» duela: «Elkartasuna hurbiltasunez, gizatiartasunez gauzatzeko bide bat eskaintzen digu. Gainera, betirako geratzen diren harremanak sortzeko aukera bat da».

Jatorria askotako migratzaileek hartu dute parte egitasmoan: Ghana, Errusia, Honduras, Ukraina, Tunisia eta Maroko, besteak beste. Etorkin horiek lurralde osoan sakabanatuta daudela nabarmendu du Ordoñezek; hori dela eta, Donostia aldean, Tolosaldean, Oiartzualdean eta Debagoienean dago indarrean egitasmoa.

Bientzako aberasgarri

Izan Harrerari esker saretzeko aukera izan duten horietako bat da Mohamed. Futbol partida bat ikusi, frontoian jokatu edo kafe bat hartzeko elkartzen da astean behin, gutxienez, Usoarekin. Programari esker, «Euskal Herriko kultura ikasteko aukera» duela nabarmendu du Marokotik etorritako gazteak. Usoak, berriz, adierazi du berari ere «oso aberasgarria» izan zaiola azken zortzi hilabeteetako esperientzia: «Errealitate berri bat ezagutzeko eta neure buruari galdera asko egiteko baliagarria izan zait».

Izan Harreran parte hartu nahi duten herritarrek prestakuntza jasotzen dute SOS Arrazakeriaren bidez. Bertan, gizarte mentoretza nola egin ikasten dute, migratzailearen sarea nola sendotu jakin eta gizarteratzeko tresnak eskura izan ditzaten. Gainera, programan parte hartzen dutenen artean zalantzarik sortuz gero, psikologo talde batengana jotzeko aukera dute, aholku bila.

Boluntario gisa izena emateko, izan.harrera@sosracismo.eus helbidera idatzi edo SOS Arrazakeriaren webgunera jo behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.