EAEko Hezkuntza Legea «aukera galdu bat» da euskalgintzarentzat ere

Agerraldia egin dute gaur, Gasteizen, ostegunean legea bozkatuko dela gogora ekarrita; salatu dute «baztertu» egin direla euskararen inguruan egin diren ekarpen gehienak.

(ID_13437400) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2023-12-18, Gasteiz. Euskalgintzaren azken balorazioa Hezkuntza Legeari buruz
Euskalgintzako ordezkariak, gaur, agerraldian. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Maixa Utrera Puelles - Arantxa Iraola
2023ko abenduaren 18a
13:30
Entzun

Ostegunean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean EAEko Hezkuntza Legea. Bi urte pasatxoko prozesu baten emaitza da bozkatuko den testua, eta haren gabezien gaineko ohartarazpena egiten ari dira hainbat eragile. Lehengo astean bertan, Ikastolen Elkarteak esan zuen ezen, hezkuntza ereduaren egungo erronkei erantzuteko zituen tresnei dagokienez, «aukera galdu bat» izango dela lege berria. Gaur, euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat eragilek ere, zeinek beren arlotik, antzeko interpretazioa egin dute: «Aukera galdu bat da etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko».

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Gasteizen egin dute agerraldia. Hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoak han izan dira: Ikastolen Elkartea, EHIGE, Heize eta Hik Hasi. Hezkuntzan ordezkaritza zabala duten sindikatuak ere han ziren: ELA, LAB eta Steilas. Eta euskalgintzako eragileak ere bai: AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, UEU... Kulturgintzako hainbat ordezkari ere izan dira. Salatu dute «baztertu» egin direla legea lantzeko prozesuan euskararen inguruan egindako ekarpenak gehienak.

Kezka azaldu dute, besteak beste, orain ere hizkuntza ereduak aipatzen direlako legean. Testua idazten hasi aurretik, talde politiko ia denek landutako akordioan ez zituzten aipatu egungo hizkuntza ereduak: hor sakoneko aldaketa bat etor zitekeen irudipena zegoen, baina gero, lege proiektuari zuzenketak egiteko fasean, PSE-EEk eta EAJk hala hitzartuta «propio» aipatu zituzten. Horrek kritika ugari eragin ditu. Hizkuntzen trataerari begira, kezkarako zio gehiago ere badirela gogoratu dute gaur: ohartarazi dute nolako arazoak ekarriko dituzten euskara gaitasunaren kanpo ebaluziorik ezak eta hizkuntza bakoitzaren esposizio orduen zehaztasun faltak.

Lehendik hainbatetan egin duten moduan, gaur berriz gogoratu dute ikasleek lortu beharreko euskara gaitasuna zehaztuta egotea dela legeak dakartzan aldaketa onetako bat: hain justu ere, jasota dago B2 irteera profila lortu beharko dutela derrigorrezko ikasketak bukatzean. Baina uste dute testuan «zehaztasunak» falta direla helburu hori lortzeko bidean.

Gogora ekarri dute legea lantzeko prozesuan ekarpen ugari egin dituztela, eta  egoera euskararen alde onbideratzea izan dela horien helburua; bide horretan, mugarri izan zen 2021eko abenduaren 16an ados jarri izan hizkuntza eredu baztertzaileak gainditzearen alde eta euskara ardatz duen ikasteredu inklusiboa orokortzearen alde Euskaraz hezi, berdintasunean hazi. Eta izan dira ahalegin gehiago ere, azken unera arte.  Azaroaren 20an Kontseiluak 20.000tik gora herritarren sinadurak aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean: euskarazko ikasteredu orokortua eta euskal curriculuma ardatz izango dituen hezkuntza eredu bat eskatu zituzten, besteak beste.

«Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia soizlean aurrera egiteko lanabesa. Berriro diogu: zoritxarrez, aukera galdu bat da».

IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Ez dute uste entzun egin dietenik, ordea. «Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa. Berriro diogu: zoritxarrez, aukera galdu bat da», adierazi du gaur Euskagintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek. 

Bakoitzak bere bidea, baina elkarlanean

Eskisabelek jakinarazi du bi urteko prozesuari bukaera eman diotela gaurko prentsaurrekoarekin, eta hemendik aurrera eragile bakoitzak «bere bidea» hartuko duela. Hala ere, elkarrekin lanean jarraituko dute beste gauza askotan: «Honaino elkarrekin etorri gara, eta beti izango ditugu zubiak elkarrekin gauza batzuk egiten jarraitzeko». Adierazi du Kontseiluak argi duela akordio soziopolitiko baten beharra, eta hori, adibidez, Hezkuntza Legea adosteko lan egin duten eragile guztiekin esploratu nahi dutela. Izan ere, akordio horretan hezkuntzaren gainekoek aparteko esangura izan beharko dute.

Elkarlanean jardungo dute, beraz, Kontseiluak eta eragileek hurrengo urteetan, baina bakoitzak bere bidetik. «Bakoitzak bere gogoeta egingo du, eta bakoitzak aurrera eramango ditu bere ekimenak», argitu du Eskisabelek.

Ostegun honetan, esaterako, elkarretaratze bat egingo du EHEk 09:00etan, Eusko Legebiltzarreko atarian, EAEko Hezkuntza Legearen gainean ados ez dagoela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.