EAE-ko hauteskundeak

Aukera Guztiak-en zerrendak baliogabetu egin ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Aukera Guztiak aukerarik gabe utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak: hautesle elkartearen zerrendak baliogabetu egin ditu, aho batez. Orain, AGk Auzitegi Konstituzionalera joko du, eta bi eguneko epea dauka helegitea aurkezteko. Apirilaren 17an EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztea, baina, oso zail dauka.

2005eko martxoaren 26a
21:15
Entzun
Espainiako bi erakundek inpugnatu dute AGren zerrenda: batetik, Espainiako Estatu Abokatutzak Madrilgo Gobernuaren ekimenez; bestetik, Espainiako Fiskaltza Nagusiak.

Batak zein besteak, argudio bertsuak erabili dituzte hautesle elkartearen aurka egiteko: AG Batasunaren oinordeko dela, eta, gainera, ETArekin harreman zuzena duela.

AGk atzo aurkeztu zituen akusazio horien kontrako alegazioak, eta, horrez gain, "giza eskubide guzti-guztien urratzeen kontra" dagoela aldarrikatu zuen berriro ere.

Estatu Abokatutzaren zein Fiskaltza Nagusiaren inpugnazio idatziak zein AGren alegazioak aztertu ondoren, 20:30ean eman zuen bere erabakiaren berri Goreneko 61. Salak. Aukera Guztiak-en hauteskunde zerrendak baliogabetu egin ditu..

Erroldak jasotzeko debekua

Nolanahi ere, Espainiako Gorenak atzo hartu zuen AGren aurkako lehen erabakia: Estatu Abokatutzak eskatu bezala, galarazi egin du AGri errolda zerrendak ematea, datu horien "erabilera arriskutsua" egin dezakeela argudiatuta.

Espainiako Auzitegi Gorenak AGri bozetan parte hartzea eragotzita, hautesle elkarte horrek bi eguneko epea dauka —domeka eta astelehena— Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko. Konstituzionalak martxoaren 31 baino lehen hartu behar du behin betiko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.