Espainiako Poliziak astearte goizaldean atxilotutako Aurken Solak, Xabier Reyk, Araitz Amatriaek eta Sergio Boadak inkomunikatuta jarraitzen dute, Poliziaren esku. Gainera,inkomunikazio aldia luzatzea erabaki du atxiloketak agindu zituen Fernando GrandeMarlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Inkomunikazio horren barnean, Sola Iruñera ekarri du gaur Espainiako Poliziak, eta haren etxea miatzen ari dira berriro bera bertan dela. Lau atxilotuen senideak kexu eta beldurtuta agertu dira gaur komunikabideen aurrean egin duten agerraldian: batetik, atxilotuen inguruko berririk ez dutela salatu dute, eta, bestetik, torturatuak izateko arriskuan direla ohartarazi dute.
Espainiako legearen arabera, hiru egunez izan ditzakete gehienez ere atxilotuta. Hala ere, "terrorismoaren aurkako legearen" barnean sartzen dituzten auzietan atxiloaldia beste bi egunez luzatzeko aukera ematen dio legeak epaileari. Inkomunikazioa ere kasu horietan soilik ezar dezakete. Hori guztia aplikatzeko erabakia hartu du Grande-Marlaskak.
ETAko talde bat osatzea egotzi diete lau gazteei, eta loja batean ehun bat kilo lehergai eta bi pistola zituztela ere zabaldu dute polizia iturriek. Alfredo Perez Rubalcaba Espaniako Barne ministroak, berriz, "operazio prebentibotzat" jo zuen sarekada.
Atxiloketak