Politika

Aurore Martin bizitza publikora itzuliko da

Sei hilabete eman ditu gordeta. Ziurrenik Espainiaratua izango dela onartu du, eta espetxeraturik amaituko duela. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu dute beretzat.

2011ko ekainaren 3a
19:26
Entzun

Aurore Martin Batasunako militante politikoak ezkutuan egoteari utziko dio, eta bizitza publikora itzuliko da ondoko egunetan. Hala azaldu du Euskal Irratiak-en eginiko elkarrizketan. Alice Leiziagezahar Berdeen eskualdeko kontseilariarekin eta Anaiz Funosas Askatasuneko kidearekin batera, mahainguru batean parte hartu du. Le Journal du Pays Basque kazetak bihar argitaratuko du hari egin dioten elkarrizketa. Euskal Herriko egoera politikoak "aldaketa azkarrak" eman dituela adierazi du Martinek. Bere kasuaren inguruan sortu diren mugimendu eta elkartasun urratsengatik bizitza publikora agertzea deliberatu du.

Orain dela urtebete atxilotu zuten Martin, eta kartzelan izan zen orduan. Gero aske utzi zuten harik eta haren euroagindua iritsi bitartean. Frantziako Gobernuak Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua onartu ondoren, ezkutatzeko erabakia hartu zuen. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu dute Martinentzat, Hego Euskal Herrian Batasunako kide gisaa egindako agerraldi batzuengatik.

Bere lan politikoarekin jarraitzearren hartu zuen ezkutatzeko hautua, eta sei hilabete eman ditu gordeta. Martinek azaldu duenez, badaki bizitza publikora itzulita, atxikitua izan, eta Espainiaratua izateko arrisku handia duela: "Badakit prozedura judiziala amaiera arte joango dela. Barneratu dut Auzitegi Nazionalera eramango nautela, eta espetxeratua izango naizela. Barneratu diot, horrelako egoera bat onartezina delako".

Justiziak ezker abertzalearen proiektu politikoaren kontra duen jazarpena salatu du Martinek. Eraso horiek proiektua "koherentea eta egingarria" delako egiten dira Batasunako militantearen ustez. Ezker abertzalearen ideiak Euskal Herrian "gehiengoak" babesten dituela azaldu du, "gutxiengoak" jarraituko balitu, jazarpenik ez zelako egingo.

Ipar eta Hego Euskal Herrian "kriminalizazio maila" bera dagoela esan du Martinek elkarrizketan, eta Espainia bezala, Frantzia gatazkaren "eragile aktiboa" dela. Horregatik, euroagindua onartuta, Batasuna Frantzian ere legez kanpo uzteko "beste pauso bat" eman dela adierazi du; politika egiteko eskubidea kendu diotelako. Frantzian errepresioa areagotuko dela uste du Martinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.