atxiloketa

Aurore Martin espetxean izango dute euroagindua aztertu artean

Hurrengo astean izango da auzi saioa. Frantziako Poliziak goizean atzeman du militante abertzalea. Pauek ekainean atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren lehen eskaera, igorritako informazioa eskasa zela argudiatuta.

2010eko azaroaren 9a
18:09
Entzun
Frantziako Poliziak Aurore Martin militante abertzalea atxilotu du gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka bigarren aldiz euroagindua eskatu duela medio, eta Martin behin-behinean espetxean sartu dute. Paueko Auzitegiak euroagindua aztertu artean izango dute kartzelan; hain zuzen, hurrengo astean izango da auzi saioa.

08:00etan Donibane Garaziko jendarmeriara deitua zelarik, hara joan denean atxilotu dute. Kanpoan elkartasuna adieraztera joan diren 25 lagun ingururen babesa jaso du. Kazeta.info webguneak azaldu duenez, jendarmeek Paueko Auzitegira eraman dute handik. Ekainaren 8an atzera bota zuten lehen euroagindua, igorritako informazioa eskasa zela argudiatuta. Martin Batasuneko mahaikide izandakoa da.

Lehen euroagindu eskaerak protesta mugimendu zabala ekarri zuen, besteak beste, Askatasuna, Batasuna, AB, EA, Segi, LAB, ELB, Sud, Anai Artea, CDDHPB, Autonomia Eraiki eta NPA Angelu taldeengandik. Gainera, euroagindu hori errefusatzeko eskaerari hainbat pertsona ezagunek eman zioten babesa: Catherine Grrze eta Jose Bové eurodeputatu ekologistak, Francois Alfonsi eurodeputatu korsikarra, Jean Lassalle frantziar legebiltzarkide zentrista, Alice Leiziaguezahar, Eskualdeko kontseilaria ferdea, Kotte Ezenarro ( PS ) eta Alain Iriart (abertzalea ) kontselari nagusiek eta beste hamarnaka auzapez, herri kontseilari eta elkarteek. Gaillot gotzainak ere babestu zuen idatzia. Michel Etxebest Mauleko alkateak gutun bat idatzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.