Aurore Martinek dio atxiloketa «gobernuaren erabakia» izan zela

«Ohiko» kontrol batean atzeman zutela esan zuen Parisek; Martinek, aldiz, ez du uste kasualitatea izan zenik

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurore Martin ezker abertzaleko kidea joan den azaroaren 1ean, Mauletik hurbil dagoen errepide batean egindako kontrolean, atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Egun hartan, jendarmeek azaldu zuten errepideko «ohiko» kontrol batean atxilotu zutela Martin. Baina, ezker abertzaleko kideak uste du bere atxiloketa «prestatuta» zegoela, «gobernuaren erabakia» izan zela.

«Errepidean kontrola ikusi nuenean burutik pasa zitzaidan halako zerbait gertatu zitekeela. 16:00etan atera ginen Mauletik, 18:00etan Paueko polizia-etxean nengoen, 20:00etan Behobiako mugan, eta gauean Madrilen. Iruditzen zait oso antolatua zegoela dena», esan dio Martinek AFP berri agentziari, espetxetik atera ondoren eskainitako lehen elkarrizketan.

Frantziako nazionalitatea duen pertsona bat Espainiaratzeko agindua onartzen zuten lehen aldia izan zen Martinen kasua. «[Frantziako Barne ministro Manuel] Vallsen eskua ikusten dut [atxiloketaren erabakian], eta haren atzean gobernuarena», dio ezker abertzaleko kideak.

«Horrelako erabakiak ez dira hartzen ondorioak aintzat hartu gabe». Martini garrantzitsua iruditzen zaio kontuan hartzea Euskal Herria «garai politiko berezian» murgilduta dagoela, eta erabakia horren harira hartutakoa dela uste du.

Martinen iritziz, Frantziako Gobernuak erabaki eta agindu zuen bere atxiloketa. Azken aldian «gero eta ozenagoak ziren aldarriak» isiltzeko asmoz hartutako erabakia izan zela uste du berak. «Ipar Euskal Herrian ezer izango ez dugula ulertarazteko seinalea izan da». Atxilotu eta Espainiaratzea, beraz, «gobernuak hartutako erabakien» emaitza dela pentsatzen du.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak hamabi urteko zigorra eskatzen du Martinentzat, Espainiako Estatuan Batasuna legez kanpoko alderdiaren ekitaldi publiko batzuetan parte hartu izana egotzita, baina baita Ipar Euskal Herrian egindako lanagatik ere. Martin joan den abenduaren 22an, 15.000 euroko bermea ordaindu ostean, aske geratu zen, ihes egiteko arriskurik ez zegoenez, espetxean edukitzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuta.

Gaur agerraldi publikoa egingo du Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.