Aurpegi berriz betetako bozak

Alderdi nagusietako hautagaiak berriak ─eta gizonezkoak─ izango dira Eusko Legebiltzarrerako bozetan. Aldaketak, baina, sakonagoak dira.

HAUTAGAIAK
Pradales, Otxandiano, Andueza, De Andres, Gorrotxategi eta Garcia.
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 23a
10:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren zehaztuta, alderdiek martxa biziagotuko dute kanpainaurrean, zeina hasia baita jada. Duela lau urte baino talde bat gehiago arituko da legebiltzarrera sartzeko lehian apirilaren 21ean, azken lau urteetan Elkarrekin Podemos-IUk bete duen eremua bitan zatitu baita. EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos, Sumar eta Vox, eta hautagai berri mordoxka bat, gehienak gizonezkoak. Voxen hautagaia nor izango den argitu bitartean, Miren Gorrotxategi da oraingoz 2020ko lehendakarigaien artean berriz aurkeztuko den bakarra. 

EAJ

Filtrazio batek eman zuen aldaketaren lehen seinalea. EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ez zuen egokitzat jo Iñigo Urkullu egungo lehendakarigaiak laugarren agintaldia osatzeko saiakera egitea, eta erreleboa aurkeztu zuen: Imanol Pradales soziologo eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua. Izan ere, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek azaldu zuenez, «belaunaldi berri bati bidea ireki» nahi izan diote jeltzaleek.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia. Marisol Ramirez / FOKU
Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia. Marisol Ramirez / FOKU

Aldaketa ez da lehendakaritzarako hautagaitzan bakarrik izan. Urkullurekin batera, politikaren lehen lerrotik aldenduko dira haren agintaldiko zutoin izan diren politikarietako batzuk ere, hala nola Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia ─Nerea Melgosa da aurkeztu den sailburu bakarra─. Ez dira EAJren zerrendetan ageri Joseba Egibar GBBko buru eta Eusko Legebiltzarreko eleduna eta Jose Antonio Suso ABBko presidentea ere. Horien ordez, zerrenden goi postuetan ageri dira, besteak beste, Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen Arabako Batzar Nagusietako eleduna eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia. Halere, Eusko Legebiltzarreko mahaiburu izateko hautagaia ez dute aldatu: Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako zerrendaburu izango dena. 

EH Bildu

Zenbait hedabidek adierazia zuten bazitekeela Arnaldo Otegi lehendakaritzarako hautagai izatea, baina prentsaurreko batean baztertu zuen ideia hori, «ziklo politikoaren aldaketa» hizpide hartuta. Hala, belaunaldi berri bati lekua uzteko beharra azaldu zuen koalizio subiranistako koordinatzaile nagusiak, eta horretarako hautatutakoa Pello Otxandiano Programa zuzendaria izan da. Hura izango da lehendakarigaia eta Arabako zerrendaburua. Beste bi zerrendaburuak ere berriak dira. Duela lau urte Gipuzkoan Maddalen Iriartek bete zuen lekua Nerea Kortajarenak beteko du apirileko bozetan, egun legebiltzarreko eledun lanetan ari denak. Bizkaian, berriz, Ima Garrastatxu Durangoko alkate ohiak zuzenduko du zerrenda. 

Pello Otxandiano
Pello Otxandiano

Gainerakoan, «esperientzia eta ezagutza» uztartzearen alde egin du koalizio subiranistak. Hala, Eusko Legebiltzarrean eserleku bat eskuratzeko hautagai izango dira martxan den legealdian sona izan duten zenbait legebiltzarkide, lanari jarraipena emateko asmoz. Kortajarenaz gain, Oihana Etxebarrieta ─kanpainako eleduna da─, Mikel Otero, Julen Arzuaga, Diana Urrea, Ikoitz Arrese, Rebeka Ubera, Arkaitz Rodriguez, Eba Blanco... zerrendetan ageri dira. Eta horiekin, izen berriak: Itziar Murua, Ander Goikoetxea, Edurne Benito...

PSE-EE

Alderdi sozialistak legealdia martxan zela aldatu zuen idazkari nagusia, 2021ean, eta horrekin batera lehendakarigaiaren aldaketa ere iritsi da. Eneko Anduezak hartuko du 2020ko bozetan Idoia Mendiak izan zuen lekua. Ez da izango, baina, aldaketa bakarra. Anduezak Bizkaiko zerrendako lehen postua beteko du. Arabako zerrenda, berriz, Aroa Jilete Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak gidatuko du, eta Gipuzkoakoa, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok.

Eneko Andueza, atzean Julia Liberal eta Cristina Gonzalez dituela. BERRIA.
Eneko Andueza, atzean Julia Liberal eta Cristina Gonzalez dituela. BERRIA.

Berritasunen artean dira, besteak beste, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Estibaliz Canto Arabako batzarkidea eta Miguel Angel Paez Irungo alkateordea. Lehen aldiz ageri da Javier Hurtado Turismo sailburua ere. Baita Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburuak ere, baina horiek «modu sinbolikoan», zerrendak ixten.

Elkarrekin Podemos eta Sumar

Sektore politiko horretan aldaketak egingo dira, halabeharrez. Ahal Dugu-ren, Sumar Mugimenduaren, Ezker Anitza-IUren eta Equo Berdeen arteko negoziazioek ez dute fruiturik eman, eta bi zerrenda aurkeztuko dira: Elkarrekin Podemos ─Ahal Dugu-k gidatua─ eta Sumar ─Sumar Mugimenduak, Ezker Anitzak eta Equok osatua─. Lehenak 2020an ekindako bidearekin jarraitzearen aldeko apustua egin du, eta, orduan bezala, oraingoan ere Miren Gorrotxategi aurkeztuko du lehendakarigai gisa. Sumarrek, berriz, hautagai berri bat izango du: Alba Garcia, urtarrilera arte Ahal Dugu-ko langile izan zena. Beraz, oraingoz horiek dira lehendakaritzarako emakumezko hautagai bakarrak.

Miren Gorrotxategi, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Miren Gorrotxategi, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.

Gainerakoan, Ahal Dugu-ko primarioen prozesuan Gorrotxategiren batera boto gehien eskuratu zituztenen artean ageri dira David Soto eta Isa Gonzalez legebiltzarkideak, Miren Etxebeste Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna eta Guillermo Presa Espainiako Kongresurako Sumarren Arabako hautagai izan zena. Halere, alderdiak atea zabalik utzi du Aliantza Berdearekin koalizio bat osatzeko edo «gizarte zibileko» kideak zerrendara batzeko.

Sumarrek, berriz, oraindik ez du bere zerrenden berri eman, baina, azken asteetako agerraldiei erreparatuz gero, Garciarekin batera hautagai lanetan arituko dira Ezker Anitzako legebiltzarkide Jon Hernandez eta Equoren Bilboko zinegotzi ohi Carmen Muñoz. 

Alba Garcia, Sumarren lehendakarigaia. Aritz Loiola / FOKU
Alba Garcia, Sumarren lehendakarigaia. Aritz Loiola / FOKU
PP

Espainiako PPren zuzendaritzan izandako aldaketa batekin iritsi zen Carlos Iturgaiz EAEko PPren buruzagitzara eta 2020ko Eusko Legebiltzarreko lehendakarigai izatera, eta beste aldaketa batekin utzi ditu zeregin horiek. Eusko Legebiltzarra ezaguna duen beste alderdikide batek ordezkatu du hura: Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohiak. 

Voxek, berriz, oraindik ez du argitu nor izango den bere lehendakarigaia. Azken hauteskundeetan, Araban eskuratu zuen Eusko Legebiltzarrean duen eserleku bakarra, Amaia Martinezena, eta inkestek diote bertan soilik duela halakorik lortzeko aukera.

Javier de Andres eta Alberto Nuñez Feijoo. L. RICO / EFE
Javier de Andres eta Alberto Nuñez Feijoo. L. RICO / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.