Gasteizko udal gobernua

Aurrekontuak luzatuko ditu Gasteizko Udalak

Udalbatzarrean aurrekontu proiektuaren inguruko zuzenketen inguruan aritzeko eguna zuten gaur, baina bozeramaileen batzordera deitu, eta aurrekontuak luzatzea erabaki du udal gobernuak.

Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez, Memoriaren Eguneko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO, FOKU.
2018ko abenduaren 17a
14:16
Entzun

Oposizioko alderdiekin adostasunez lortu ez dutenez, 2019ko aurrekontu proiektua erretiratu eta 2017koak berriz luzatzea erabaki Gasteizko udal gobernuak —bigarren urtez jarraian luzatu dituzte aurrekontuak—. EAJ eta PSE-EE daude gobernuan Arabako hiriburuan, baina gutxiengoan ari dira gobernatzen, eta beraz, beste talde baten babesa behar zuten aurrekontuak aurrera ateratzeko. EH Bildurekin aritu dira negoziatzen azken egunetan, baina ez dute adostasunik lortu, Itziar Gonzalo Ogasun zinegotziak jakinarazi duenez. "Ez du zentzurik eztabaida antzu bat mantentzeak", argudiatu du Gonzalok, oposizioko alderdiek adostasunerako borondaterik ez dutela iradokiz. Dena den, unean uneko akordioak lortzeko eskaintza egin die, 2017ko aurrekontuei diru sailak eransteko aukera badagoela gogora ekarriz.

EH Bilduk nahiz PPk nabarmendu dute udal gobernuaren porrota dela erabaki hori, eta Urtaran alkatearen lidergo falta aipatu dute, besteak beste. EH Bilduren bozeramaile Miren Larrionek "hitza ez betetzea" leporatu dio udal gobernuari.

Hiriburuan bezala, Arabako Foru Aldundian ere luzatu egin behar izan ditu aurrekontuak Ramiro Gonzalezen gobernuak. Han ere ez dute gehiengorik EAJk eta PSE-EEk. EH Bilduren botoei esker onartu zituen aurrekontuak aurreneko bi urteetan, eta PP izan zuen bazkide gobernuak iaz. Aurten, ordea, ez dute talde horien babesik lortu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.