Equo Berdeak alderdiak oniritzia eman dio bere koalizio Elkarrekin Podemosek EAEko 2020ko aurrekontuetarako Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari. Erika Martinez eta Jose Ramon Becerra eledunek esan dute militanteen %30ek hartu dutela parte barne kontsultan, eta horietatik %98 azaldu direla kontuak «onartzea ahalbidetzearen» alde. Besteek kontrako botoa eman dute. Martinezen eta Becerraren hitzetan, militanteek jarrera «eraikitzailea eta pragmatikoa» erakutsi dute.
EPk 11 legebiltzarkide dauzka, eta bik jakinarazi dute aurrekontuen aurka bozkatuko dutela: Ezker Anitza-IUko biek. Ahal Dugu-k zortzi ditu eta Equok bat —Becerra da—; bederatziok abstenitu egingo dira, eta kontuek EAJko (28) eta PSE-EEko (9) ordezkarien botoekin egingo dute aurrera. EH Bilduk (18) eta PPk (9) kontrako botoa emango dute. Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkide eta idazkari nagusiak EPren jokabidea eskertu du, «akordioan sartzeko gauza izan delako. Zuzenketen bidez, hobeak izango dira aurrekontuak». Mendiaren arabera, EPk legealdiko hiru urteetan «deskubritu du ez duela ezer lortu hiritarrentzat», eta «poza» azaldu du koalizioak akordioen bidea hartu duelako.
Aurrekontuen gaineko akordioa onartu du Equok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu