BAKEAREN ALDEKO MUGIMENDU SOZIALAK. ELKARRI

Aurreneko ahalegina

Elkarri-k 1995eko martxoan antolatu zuen, Bilbon, I. Bake Konferentzia. EAJ, HB, EA, IU eta UA izan ziren. Ez zuten akordiorik lortu, baina Mariano Ferrer moderatzaileak dio hurrengo urteetarako bide bat erakutsi zuela topaketak.

enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun

Euskal Herrirako Bake Konferentziaren Lehen Topaketa izena jarri zion Elkarri bakearen, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimenduak 1995eko martxoaren 8tik 12ra Bilbon antolatu zuen ekinbideari. Formatu hartako aurreneko saioa zen. Zaila zegoen bakea. 1994ko azaroan aurkeztu zuen konferentzia, eta bezperan Jonan Fernandez Elkarri-ko koordinatzaileak iragarri zuen “inkomunikazioa eta mesfidantza apurtu” nahi zituztela. “Helburua ez da igandean [martxoaren 12an] bake ituna sinatzea, topaketa esperientzia partekatuak ereiteko ortua izatea baizik”. Hegoaldeko alderdiak izan ziren protagonista nagusiak, baina ez ziren guztiak joan: PSE/PSNk, PPk eta UPNk uko egin zioten gonbitari. Eta izan zirenek ez zuten akordiorik lortu, “lan garrantzitsu bat” egin zuten arren, Mariano Ferrer kazetari eta konferentziako moderatzaileetakoak hogei urtera BERRIAri kontatu dionez.

Ferrerrek gogorarazi du 1993an eta 1994an Arantzazun eta Maroñon mugimendu sozial batzuek solasaldiak izan zituztela “indarkeriarik ezaren eta elkarrizketaren alde” —Elkarri eta Bakearen Aldeko Koordinakundea ziren haien artean—, baina I. Bake Konferentzia “profil baxukoa” izatea aurreikusi zutela. “Hilabete eta erdi lehenago ETAk Gregorio Ordoñez PPko hautetsia hil zuen, eta atentatuak gizartea astindu zuen. Gainera, alderdi konstituzionalista nagusiek esan zuten ez zirela konferentzian izango. Beraz, ez zirudien askorik emango zuenik; zergatik puztu?”. Felix Marti Kataluniako Unescoko orduko lehendakaria, Eugenio Ibarzabal kazetaria eta hirurak ziren moderatzaileak.

Baina topaketa “berotu” zuen artikulu bat atera zen hura hasi baino lau egun lehenago, Ferrerrek dioenez: “Juan Mari Ollora EBBko kideak El Correo-n iritzi artikulu adierazgarri bat idatzi zuen, esanez EAJ bakearen alde bide subiranista jorratzeko prest zegoela eta, armak isilik ez egon arren, lan egingo zuela”.

Alderdien artetik hauexek egon ziren: EAJ (Joseba Egibar, Gorka Agirre eta Ollora), HB (Adolfo Araiz, Kepa Landa eta Karlos Rodriguez), EA (Inaxio Oliveri, Sabin Intxaurraga eta Rafa Larreina), EAEko IU (Javier Madrazo, Andoni Perez Aiala eta Martin Landa) eta UA (Jose Luis Añua, Javier Moraza eta Anton Saenz de Santamaria). Tarteka izan zen eragile sozialen parte hartzea ere. Lekua: Bilboko Carlton hotela; sinbologia handiko tokia, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Jaurlaritzak Espainiako Gerraren hasieran egoitza gisa erabili zuelako.

“Bukaeran agiri posible baterako testu bat prestatu genuen moderatzaileok, ahalegin handia eginda eta hitzak asko neurtuta. Konferentzian eragileek esandakoa jasotzen genuen guk, desadostasunekoak ziren edukiak kenduz eta batzen zituzten osagaiak bilduz. Laranja zukua balira bezala ateratzen ziren lerroak”, dio Ferrerrek. Alderdien arteko elkarrizketak ateak itxitako saioetan egin zituzten, moderatzaileak han zirela. “Nahikoa giro ona izan zuten”. Partaide batzuk hotelean geratzen ziren lotarako.

Ferrerrek oroitzen duenez, EAJko buruak “tinko” zeuden euren apustuan. “Topaketako azken egunetan Carltoneko tabernan Arzalluz, Agirre eta Ollora ikusi, eta haiekin egon nintzen tarte batez. Esan nien akordiorik bazen prest egoteko zirenak eta ez zirenak entzuteko. Haietako batek erantzun zidan erasanik ez zietela egingo kritikek”. Dena dela, EAJ barruan bazituen desadostasunak, Olloraren-eta ildoarekin ez baitzeuden oso ados Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako orduko lehendakaria eta Juan Mari Atutxa Barne sailburua. Bion iritzian, HBrekin hizketan hasi aurretik ETAren indarkeriak gelditu beharra zeukan. Xabier Arzalluz EBBko buruak berak egun haietan adierazi zuen garai hartan nahiago zuela ETAk armak uztea, autodeterminazio eskubidea lortzea baino.

Dokumentuko ardatzak

Ferrerrek paper mutur batean apuntatuak ditu bukaeran alderdiei aurkeztu zieten dokumentuko ardatz nagusiak. “Funtsean, hau zioen gure proposamen neurtu hark: euskal gizartean pluraltasun soziala dago, eta konponbideak denen onurarako izan behar du; batzuek besteen aurka proposaturiko konponbideak ez du funtzionatuko, eta are gutxiago hura poliziala bada; politikariek aterabide politikoak bilatzeko beharra dute; nazioartean badira esperientziak, eta hemen ere aterabideak egon daitezke; gatazkak barruko eta kanpoko dimentsioa du; elkarrizketa topagune izan da beti, eta ezin zaio uko egin; konbikzio demokratikoagatik eta aurrera egiteko, demokrazian beti posible izan behar da helburu politikoak lortzea, haiek demokratikoki planteatzen badira; proiektu politikoak aurrera ateratzeko gehiengo soziala behar da; eta horrelako prozesu bat bateraezina da indarkeriarekin eta giza eskubideen urraketekin”.

Elkarri-k bezala, moderatzaileek bazekiten bost alderdiek dokumentu hura izenpetu izan balute konponbidea ez legokeela hurrengo egunean, “baina gatazkaren aterabiderako eta horretarako bake prozesu bat abiatzeko bide bat marraztuko zukeen, testua irekia baitzen”.

Alderdi bakoitzak nork bere etxean aztergai izan zuen moderatzaileen dokumentua, eta Ferrerrek dio HBk ez zuela ontzat jo: “Herri Batasunak onar zitzakeen eduki asko zekartzan testuak. Ez zen ETAren gaitzespenik azaltzen, adibidez. Baina bi kontu zeuden. Batetik, 1995eko konferentziatik zerbaitekin ateratzea Jonan Fernandezi karta bat ematea zen HBren irudiko, eta ez zuen halakorik nahi, haren bilakaera gero eta gutxiago gustatzen zitzaiolako. Bestetik, gatazkaren konponbidearen prozesuan ETAk eta HBk ez zuten beste eragile batzuen pare jartzerik nahi; beste eragileek eurei bidea markatze hori ez zuten gustuko. Begira, Elkarri-ren aurreneko topaketa hartatik hilabete batera, apirilean, ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen, posizioa markatu nahian”.

HBk Carltonen izan zuen ordezkarietako Kepa Landak kazeta honi esan dio eurek egindako proposamen landu batzuk beste alderdi batzuek baztertu zituztela, eta, beraz, desadostasun orokor gisa hartu behar dela 1995ean dokumentu bateraturik sinatu ez izana. HBk konferentziaren azken-aurreko egunean manifestazio bat egin zuen Donostian, autodeterminazioaren alde: 40.000 lagun elkartu ziren.

Agiria ez, oharra

Azkeneko egunean —martxoaren 12an—, bilkurako alderdiek agiria ez, baizik eta ohar bat plazaratu zuten, konferentzia elkarrizketa sustatzeko lagungarri izan zela joz eta halako saioen jarraipenaren alde eginez. Ferrerrek ondorio positiboa atera zuen: “Lehen esaten zen ez zegoela ezer egiterik, baina konferentziak erakutsi zuen egin zitezkeela gauzak”.

Astebeterako agenda politikotik eta mediatikotik kanpo zegoen topaketa, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak azaldu baitziren Alacanten (Herrialde Katalanak). Horrez gain, PSE-EEk, PPk eta beste batzuek sustatuta, 1995eko martxoaren bukaeran Jaurlaritzak Elkarri-ri bat-bateko loteriaren ustiaketa eman izanaren polemika piztu zen.

2001-2002an II. Bake Konferentzia izan zen, 2004-2005ean III.a, emaitza zehatzik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.