Proposamena astelehenean erregistratuko dute, Noticias de Navarra egunkariak aurreratu duenez. Horren arabera, bi hilabeteko epean onartuko litzateke aldaketa. Euskararen legearen 26. artikulua aldatuko da soilik, hau da, eremu ez-euskaldunean D eredua ezartzeari dagokiona.
PSNk argi utzi du eskaeraren arabera ezarri nahi dutela D eredua eremu ez-euskaldunean; hala ere, testuan ez dute zehaztu gutxieneko ikasle kopururik, eskola batean euskaraz ikasi ahal izateko —administrazioaren irizpideen arabera utziko dute—.
Pedro Rascon parlamentari sozialistak azaldu berri duenez, asmoa da haien proposamenaren bidez eremu ez-euskaldunean D eredua ezartzea, eta, horrekin batera, eremu euskaldunean gaztelaniaz ikasi nahi dutenei ere hori egin dezaten bidea bermatzea.
Ezkerrak jarri zuen Nafarroako euskararen legea aldatzeko aukera mahai gainean, eta PSNren zuzendaritza batzordeak aukera horri baiezkoa eman zion gero. Taldeek, ordea, zuhurtziaz hartu dute euskararen legea aldatu nahi izatea. Bilduk eta Geroa Baik asteazkenean argi utzi zuten PSNrekin ez direla fidatzen; Aralar-NaBaiko Nekane Perez ere ez.