Aurrera egiteko oinarri bila

EPPK-k konponbidea bultzatzeko prestasun osoa du, bitartekarien hitzetan. Baina, horretarako, beharrezkotzat dute presoek eztabaidatzea. Eztabaida oztopatzeko neurrien atzean prozesua zapuzteko nahia ikusten dute.

Aintzane Orkolaga, Arantza Garbaio eta Estanis Etxaburu, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari lanetan ari den taldeko kideak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gatazka gainditzeari begirako foroak, gomendioak eta proposamenak argitaratu dira azkenaldian. Planteamendu sakon eta mamitsuak. Hainbat hartzaile dituzte guztiek, eta, horien artean, eskaera jakin batzuk egiten dizkiete, bai estatuei bai presoei, aurrera egiteko ezinbesteko eragile gisa. Ezezko jarrera zurrunean dago Espainiako Gobernua; eta Frantziakoa, aldamenean. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urratsak egiteko prestasuna azaldu du, baina aurrera egiteko gero eta oztopo gehiago aurkitzen ari da, haien ahotsa plazaratzeko lana hartu duen bitartekari taldearen esanetan.

Ez duela ez hanka ez buru diote aho batez BERRIArekin bildu diren hiru bitartekarik: Aintzane Orkolagak, Arantza Garbaiok eta Estanis Etxaburuk. Ez duela zentzurik, prozesua bera zapuztu nahi ez bada behintzat.

EPPK-ren mintzakideek izendatutako bitartekariak dira hirurak. Presoen kolektiboak hartutako jarrerak gizarte eragileei aurkeztea, eragile horien iritziak jaso eta presoei helaraztea da haien lana. Presoen eta gizarte eragileen arteko zubi lana egitea. Ondo ezagutzen dute hirurek espetxea. Preso ohiak dira guztiak. Garbaio, gainera, batu berri da bitartekari taldera. Espetxetik atera berritan, kartzelan EPPKren zuzendaritzako kide izaten hasi, eta kaleko bitartekari bihurtu da.

Zer pentsatua ematen du plazaratu duen egoerak: «Barruan ez daukagu aukerarik eztabaidatzeko, eta azken urteetan askoz gutxiago. Borroka armatua utzi denetik, inoiz baino zailtasun handiagoak jartzen ari zaizkie presoei. Gure gainean daude, miaketak egitera etortzen dira etengabe, inoiz baino gehiago; zorrotzagoak dira miaketak, kontrol gehiago dugu». Aldiro, ziegak «hankaz gora» jartzen dizkietela kontatu du. Presoak, bitartean, ziegatik kanpo izaten dituztela, eta, gero eta gehiagotan, miaketak egin dizkietela esaten ez dieten arren, «nabaritzen» dela ziegan norbait ibili zaiela. 17 urtez kartzelan egon eta Algeciraskotik atera berritan, espetxean du oraindik burua. Lehen pertsonan hitz egiten du presoei buruz ari denean.

Sakabanaketa ere sekula baino gogorragoa dela ohartarazi du. Euskal presoak ehun bat espetxetan izateaz gain, kartzela barruan ere inoiz baino banatuago dituztela. Bi edo hiru euskal presoka banatzen dituzte moduloetan. Horrela, espetxe berean dauden presoak ez dira ikusi ere egiten, modulo berean ez badaude.

Bitartekariek argi dute neurri horiek areagotzearen zergatia: kolektiboa fisikoki zatituta, eztabaida saihestu nahi dute. Beraz, prozesua oztopatzeko saio gisa besterik ez dute ulertzen neurria.

EPPK-k urratsak egiteko prestasuna erakutsi duenean, logikoena asmo hori mamitu dadin saiatzea litzatekeela ohartarazi dute; presoek bide horretan aurrera egiteko erabakia har dezaten beraien arteko eztabaida bultzatu behar litzatekeela, konponbidearen aldeko bidea talde guztiak oso-osorik har dezan, guztien parte hartzearekin, denen arteko bilera eta hausnarketa sakonen ondorioz. Erabakiak har ditzaten, eztabaidatu beharra dutela nabarmendu du Aintzane Orkolagak. «Eta eztabaida dezaten, elkarrekin egon beharra dute».

Bitartekariek horregatik ematen diote berebiziko garrantzia sakabanaketa amaitzeari. Presoak Euskal Herriko espetxeetan batzeak prozesua hauspotu egingo lukeela dio Orkolagak. Presoek horrenbestetan eskatzen zaizkien pausoak ematea erraztuko lukeela. «Urratsak egiteari buruz hitz egiten ari den honetan, kolektiboari ahalbidetu beharko zaio egoera bat non gaiei sakon heldu ahalko dien; proposamenetan sakondu eta babesteko eskatzen ari bazaio, ahalbidetu beharko zaio hori egin ahal izatea». Hortaz, gatazka gainditu eta jokaleku demokratiko baterako bidea urratzeko, sakabanaketa amaitzea lehentasunezkoa dela abisu eman dute.

Espainiako Gobernua aurkako bidean sakontzen ari da, ordea. Presoen egoera gogortu, tentsioa areagotu eta erasoak gehitzen ari dela diote bitartekariek. Eta horrela, konponbiderako aukera zapuztu nahian dabilela ondorioztatu dute.

«Ahal dugun moduan»

Hala ere, oztopoak oztopo, EPPK eztabaidan ari dela azaldu du Garbaiok. «Ahal dugun moduan egiten ari gara». Eta zatiketarako arriskurik ez dagoela dio: «Kolektiboa bakarra eta oso batua da». Hortaz, zatiketen mamua piztea «etsaiaren arma zaharra» besterik ez dela iruditzen zaio. «Betiko» amarrua dela, baina antzua. «Gerra zikinaren parte da, ez mugitzeko helburuz egina».

Horren atzean estatuen «beldurra» ezkutatzen dela deritzo: «Ikaragarrizko beldurra diote Euskal Herriari. Horrela soilik uler daiteke ahul, zatitzear omen dagoen kolektiboaren aurka halako makineria martxan jartzea. Badakite nora doan kolektiboa, badakite konponbidean murgiltzeko apustua egiteko determinazioa duela, eta hori hautsi nahi dute».

Bien bitartean, presoak muturreko egoeran dituzten arren, kolektiboak ez dio utzi urratsak egiteari, bitartekarien hitzetan. Azken urteotan eztabaida sakonak egin dituelagogora ekarri du Estanis Etxaburuk; konponbidean murgiltzeko erabakia hartu duela, eta bide horretan lanean jarraitzen duela. Oraintxe bertan, beste eztabaida bati heldu dio: Prozesua indartzeko Gizarte Foroak egindako gomendioak aztertzen ari da, horren inguruan jarrera argi eta bateratua hartzeko.

EPPK-k jaso ditu gomendioak, eta, orain, barne hausnarketa ahalik eta zabalena egiten saiatzen ari da. Eztabaidaren ondoren, erabakiak hartuko ditu. Eta bitartekariek ez dute zalantzarik prozesua hauspotzeko dinamika guztien inguruan kolektiboak jarrera «positiboa» hartuko duela, hausnarketa «ikuspegi baikorretik» egiten ari baita, ekarpenak egite aldera.

Presoek foroaren gomendioei zer erantzun emango dioten ezin dute oraindik azaldu bitartekariek, presoek beraiek erabakia hartu gabe baitute. Baina hasieran, begi onez jaso dute ekinbidea. «Foroa Aieteko Konferentziaren garapenetik dator, eta ulertzen dugu baduela aurrera egiteko borondate bat». Bestalde, foroak gomendioetan jasotako eduki batzuei buruz EPPK-k emana du bere iritzia, orain arte egindako urratsetan: argitaratu dituen agirietan zein elkarrizketetan, eta Euskal Herriko eragileekin sinatutako akordioetan. Aietekoa eta Gernikakoa dira adibide.

Konponbideak integrala izan behar duela jasotzen dute, esaterako, Gizarte Foroaren gomendioek. Amnistiarekin lotzen du integraltasun hori EPPK-k. «Amnistia ezin dugu kaleratze hutsarekin lotu», dio Etxaburuk. «Kolektiboak esana du amnistia egoera politikoa aldatzeko modu gisa ulertzen duela. Ez da kaleratzeekin amaitzen; berriro errepresioaren bidez presoak, iheslariak, senitartekoak, esku sartzeak, inposizioa ez direla egongo ziurtatzea dakar amnistiak».

Amnistia, integraltasunerako

Hortaz, presoak kaleratzetik askoz haratagoko zentzua ematen dio kolektiboak amnistiari; eskubide guztiak errespetatuko diren egoerarekin lotzen du; baita gatazkaren arrazoiei heltzearekin ere, «autodeterminazio eskubiderekin».

1977ko neurriari begira jarri da Etxaburu, halakorik ezin dela errepikatu ohartarazteko. «Hura ez dugu ulertzen amnistia denik, preso guztiak kaleratu eta hilabetera kartzelak berriz euskal herritarrez betetzen hasi baitziren». Hortaz, «sasi-amnistia» besterik ez zen izan 1977koa bitartekariarentzat; «indultu bat, isiltasun lege batekin gainera, non ezin zen ezer aztertu eta inpunitateari bide eman zitzaion».

Indarkeria guztiak amaitu diren egoeratzat du, beraz, amnistia. «Errepresaliatu guztiak etxean egonik, baina biharamunean antzeko indarkeria egoerarik sortzeko inolako aukerarik utziko ez duena». Hartara, ondorioei ez ezik, arrazoiei ere irtenbidea emango dien neurri sorta gisa aldarrikatzen du amnistia presoen kolektiboak, erabateko izaera politikoa emanda.

Zigorgabetasunari ateak ixtea ere biltzen du kontzeptu berean EPPK-k, egia osoa plazaratzeko beharrari lotuta: «Kolektiboak aurreko eztabaidan argi utzi zuen egia, memoria eta justizia oinarri izan behar direla. Ezin zaio gatazka bati benetako irtenbiderik eman, gertatu den guztia mahai gaineratzen ez bada». Memoria «guztiak» aintzat hartu beharra aldarrikatu du, beraz: «Zer gertatu den jakin gabe oso zaila izango da gatazkaren benetako konponbidea aurkitzea». Eragindako mina aitortzeari dagokionez, EPPK-k bide horretan adierazpenak eginak dituela ohartarazi dute bitartekariek.

Presoei gomendioetan egiten zaizkien eskaera jakinetan, baldintza batzuek banaka onartzeko beharra jasotzen da. Konponbide integrala ematen bada eta prozesu horretan preso guztiak kaleratuko badira, eskaerak bakarka edo taldeka egiteari garrantzia kendu dio Etxaburuk. «Beste kontu bat litzateke batzuk etxeratzea eta beste batzuk ez», zehaztu du. «Baina irtenbidea bakarka edo taldeka egiteak ez du bestelako esanahirik, lehen presotik azkenengora kaleratzen bada».

Gainera, preso bakoitzak eskaera batzuk betetzea onartuko balu, aurrez kolektiboak egindako eztabaidaren ondorioz egingo lukeela azaldu du. Beraz, eskakizun bakoitza banaka sinatuko balu ere, erabakia kolektiboa izango litzatekeela, talde osoarena. Hori bai, proposamenaren atzean «beste zerbait» egongo balitz eta preso batzuen kaleratzea onartu arren beste batzuena baztertuko balitz, berriz, neurria «onartezina» litzateke.

Talde izaeran egin du indar Orkolagak: «Kolektiboak esana du erabakiak kolektiboa izan behar duela. Presoen auziari irtenbide orokor bat emateko borondatea da behar dena, eta borondatearen pilota estatuen teilatuan dago. Borondate hori erakusten bada, ikusiko da zein bitarteko jartzen diren gauzatzeko. Tresna horiek baliatzen badira, kolektiboak hala erabaki duelako izango da. Beraz, eskakizuna bakarka egitea ez da esanguratsua izango».

Justizia trantsizionala eraikitzeko gomendioa ere borondatearen menpe dago Etxabururen hitzetan: «Salbuespen neurri batzuk asmatu eta lege bihurtu badira, errepresioa lege bihurtzeko inboluzio bat egin bada, inboluzio horren beste inboluzio bat egin dezakete estatuek. Gerrarako tresnak asmatu bezala, asma daitezke konponbiderako. Borondate politikoak gauzatzea da kontua, baita legeen bitartez ere».

Jaurlaritzaren proposamena

Eusko Jaurlaritzak bake eta elkarbizitzarako egindako proposamena ere aztertzekoa dela uste du Etxaburuk. Jaurlaritzak txostena presoen eremura zabaltzeko asmoa azaldu duela gogora ekarri du: «Pentsatu nahi dut kolektiboaz erearituko dela. Badute mintzaidetza bat. Publikoa da nortzuek osatzen duten eta zein kartzelatan dauden. Benetan presoen jarrera zintzoa nahi badute, joan daitezela haiengana, eman diezaietela proposamena eskura, eta haiekin hitz egin dezatela. Seguru nago erantzun eta ekarpen positiboak jasoko dituztela. Baina bada garaia beraiek ere konpromisoa praktikan erakustekoa, eta, horregatik, bitartekariok eskaera zuzena egin nahi diogu Iñigo Urkulluri: eraman proposamena zuzenean kolektiboari, eta hitz egin berekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA