Nafarroako Gobernua

«Aurrerakoia» izatea du xede

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak ontzat jo dute «adostasunak zein desadostasunak» biltzen dituen gobernua osatzeko ituna. UPNk eta PPk gaitzetsi egin dute, argudiatuta «Nafarroa EH Bilduren esku» utzi dutela

Maria Txibitek, Uxue Barkosek eta Begoña Alfarok atzo sinatu zuten gobernu «aurrerakoi eta plural» baterako akordioa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Nafarroako Gobernu aurrerakoi eta plural baterako akordioa» sinatu dute PSNko idazkari nagusi eta lehendakarigai Maria Txibitek, Geroa Baiko buru Uxue Barkosek eta Zurekin Nafarroako bozeramaile Begoña Alfarok. Nafarroako Parlamentuan izenpetu zuten akordioa, atzo eguerdian. Jarraian, hitzarmenaren eta gobernu osaeraren ingurukoak izan zituzten mintzagai.

Ikusi gehiago: Zerbitzu publikoak indartzea izango du xede akordio programatikoak

Nafarroako Gobernurako lehendakarigaiak hartu zuen hitza aurrena. Txibiteren arabera, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa uztartu nahi dituzte, eta, aurreratu duenez, aukeren berdintasuna bermatzerakoan, zerbitzu publikoen «sendotasuna» izango da gobernuaren zutabeetako bat. Enplegu arloan, gizarte talde ahulenengan jarriko dute azpimarra. Gainera, «bizikidetza balioak ardatz» izango dituzte, eta «gobernu feminista izango da», berdintasun politikak garatzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko, edo LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko.

Beste hainbat lehentasun zerrendatu ditu, azkar. Tartean daude Osasun Legea, elkarbizitza plana, berrikuntza eta 4.0 industria. Gogorarazi du eurena bestelako gobernua izango dela eskuinaren eta eskuin muturraren aldean: «Herritarrek konfiantza izan dezakete Nafarroaren aurrerabidearen alde egingo duela. Eskubideetan, zerbitzu publikoan eta berdintasunean aurrera egingo dugu, atzerapausorik gabe».

Txibiteren ostean, Barkosek eta Alfarok egin zituzten adierazpenak. Geroa Baiko buruaren arabera, «ez dago zalantzarik» gobernuak nahikoa babes izango duela, eta txalotu egin du hirugarren legealdian jarraian «gobernu plural eta aurrerakoia» osatu dutela. Aitortu du bi hilabete «zail» izan direla eta hainbatetan egin dutela «talka», baina eskerrak eman dizkie hiru alderdietako lantaldeei.

Zurekin Nafarroako bozeramaileak ere lankidetzan lortutako ituna goraipatu du: «Guretzat garrantzitsua zen akordio programatiko on bat lortzea, eta uste dut lortu dugula». Emaitzarekin pozik agertu arren, aitortu du «atzera egin behar izan» dutela hainbatetan, eta akordio «sakonago» bat lortu nahi zutela.

Alfarok itunaren helburua honela definitu du: «Zera dagokigu: egonkortasuna ematea gobernuari, hura osatzen den lehen unetik lanean jartzea, eta atsekaberik ez eragitea maiatzaren 28an indar aurrekoiei botoa eman ziguten herritar guztiei». Eta gehitu du: «Garrantzitsuena akordioetara iritsi ahal izatea da, eta Nafarroako herritarren aniztasuna errespetatzea».

Euskararen inguruan galdetuta, Barkosek zehaztu du 2015eko agintaldiko gobernuak, iragan legealdikoak eta oraingoak «beti» eman diotela babesa euskarari: «Bestela, Geroa Bai ez litzateke hemen egonen. Argi eta garbi esango dut, gainera. Nafarroan inoiz ikusi gabeko hazkundea izan da: ez soilik aurrekontuetan, baizik eta euskararen babeserako politika publikoetan. Egia da bide luzea dela oraindik. Egia da bazkideen arteko jarrerak ere ez direla berberak puntu honetan». Txibitek ere izan du euskara mintzagai; «euskararekiko errespetua» aipatu du, baina «legea oinarri hartuta».

Inbestidura saioan EH Bilduren abstentzioa beharko du Txibitek lehendakari izateko. Horren harira, PSNko idazkari nagusiak azaldu du asmoa dutela koalizio subiranistarekin batu eta akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Barkosek ere azpimarratu du «garrantzitsua» dela EH Bildurekin adostasunetara iristea eta «ez beste aldearekin», eskuineko alderdien aukerari atea itxiz irmo.

Kritikak UPNk eta PPk

UPNko idazkari nagusi Javier Esparzak kritikatu egin du gobernu osaera akordioa. Haren ustez, «Txibitek EH Bilduren esku utzi du berriro ere Nafarroa, apurtuta jaio den gobernu baten buru izateko». EH Bilduk aurreko legegintzaldian baino «botere eta eragiteko gaitasun handiagoa» izango duela gaitzetsi du, eta dio alderdi subiranistak duela «interes gehien» Txibitek lehendakari izaten jarraitzeko. Esparzaren arabera, PSNk eta EH Bilduk gobernuaren osaera horrela izatea adostu dute, Geroa Bairi indarra kentzeko asmoz: «EH Bildu Txibite erreskatatzeko prest agertu zen, Geroa Bai behartuz PSNren azken proposamena onartzera». Horrela, Esparzaren arabera, EH Bilduk PSNren «bazkide nagusia» izaten jarraituko du, «inolako higadurarik gabe».

Bestetik, azken hilabeteetako negoziazio prozesua «espektakulu lotsagarri» gisa definitu du, eta hau galdetu du: «Akordio horrek benetan herritarren nahiari erantzuten dio, edo alderdi zein pertsona jakin batzuen interes ekonomikoei?». Bere alderdiak PSNri «eskua luzatu ziola» ere jakinarazi du. Esan du horrela «Nafarroa EH Bilduren eskuetan» geratzea eragotzi nahi zutela.

PPk ere gogor kritikatu du PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko akordioa. Twitter sare sozialean adierazi du «berriro ere probak egiteko laborategi gisa» erabiliko dutela Nafarroa. Gainera, salatu du PSNk ituna akordio aurrerakoitzat «saldu»nahi izatea eta nafarrentzat «egun pozgarria» dela esatea, «jakinda EH Bilduren abstentzioa beharrezkoa dutela». Gehitu du: «Ez dute lotsarik».

Ikusi gehiago: Presidenteorde bana izango dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.