Eusko Jaurlaritzak ETAri armagabetzeko egin zion proposamena "posiblea" dela deritzo Fernandezek, Espainiako eta Frantziako gobernuek armagabetzea errazteko konpromisorik hartu gabe ere. "Esperientziak badaude, eta behar dena da pausoak ematea. Jaurlaritzak aurkeztu zuen proposamenean jasotzen da zein urrats egin behar diren horretarako".
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen iritziz, "baikorra" da ETAk jardun armatua duela bost urte amaitu izana, eta "dena behin betiko konpontzeko itxaropenez" dagoela adierazi du. "Armagabetzeaz eta ezohiko politikez ari gara", gaineratu du. Barkosen arabera, ETAk jardun armatua uzteko erabakia "funtsezkoa" izan da "bakearen bidean". Albisterik "onenetarikoa" izan zela ziurtatu du, "gizartearen garaipena den neurrian".
Fernandezek Bake eta Bizikidetza planaren (2013-2016) balorazioa egin du gaur goizean, Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan egin duen agerraldian. Haren esanetan, "eragin baikorra izan du oroimen kritikoa aintzat hartzen den bizikidetza lortzeko". Hartutako neurrien artean, honako hauek azpimarratu ditu: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak "terrorismoaren biktimen" aurrean egin zuen "adierazpen autokritikoa", jatorri desberdineko biktimei aitortza egiteko antolatu diren ekitaldiak, haien biktima izaera aitortzeko onartu diren legeak eta Gogora institutuaren sorrera.
Horrez gain, ETAren armagabetzerako, espetxe politika aldatzeko eta iraganari buruzko autokritika egiteko gobernuak aurkeztu dituen proposamenak nabarmendu ditu. Fernandezen esanetan, hurrengo Jaurlaritzak bake eta bizikidetzarako "plan berria" osatu beharko du, "ebatzi gabeko erronkei aurre egiteko" eta "agenda berria sortzeko". Haren iritziz, gizartearen kezkak aldatzen ari dira, eta indar handiagoa hartzen ari dira migrazioa, iheslariak, gerrak eta nazioarteko terrorismoaren inguruko auziak.
Bestelako espetxe politika
Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak ere urteurrenaren balorazioa egin du: "Aurrera egin bada ere, kontu asko daude egin gabe". Gogorarazi duenez, "giza eskubideen urraketen biktima batzuek ez dute oraindik eraginkortasunez babestuko dituen legezko esparrurik. Torturaren, poliziaren gehiegikerien eta estatuaren terrorismoaren biktimak dira horiek". Ezker abertzalearen jarreraz ere mintzatu da: "Urratsak aurrera egin arren, ezker abertzale tradizionalak zehatz-mehatz neurtzen du erabiltzen duen hitz bakoitza, indarkeriaz eta oinazez beteriko hamarkada horietan duen erantzukizuna aipatzerakoan. Oraindik omenaldiak ikusten ditugu gure auzo, herri eta hirietan, eragozpena adierazteko moduko ibilbideak izan dituzten pertsonei eskainiak, eta eragindako mina inondik inora aitortzen ez dutenak". Datozen urteetan "ausart eta anbizioz" jokazeko beharra nabarmendu du, eta zenbait ildo lehenetsi: "memoria inklusiboa" eta presoak "hurbiltzea", besteak beste.
Donostiako alkate Eneko Goiak, berriz, esan du Gipuzkoako hiriburuko herritarrak "oso azkar" egokitu direla "egoera berrira". Baina ohartarazi du "egiteke asko" dagoela.
Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministro Jorge Fernandez Diazek beharrezkotzat jo du "gorrotoaren kultura" amaitzea, eta uste du zeregina dagoela "egia historikoaren kontakizuna nagusitu dadin". Fernandez Diazen esanetan, ETAk "bere errealitatea" onartu behar du; hots, "erabat" desegitea. Hala egitean espetxe politika berrikus litekeela erantsi du.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zen Patxi Lopez ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuenean. Gaur, esan du egia eta memoria "aintzat" hartu behar direla eta beharrezkoa dela ETAren "mamua" desagertzea. Lopezek uste du "desiragarria" dela bestelako espetxe politika bat, baina azpimarratu du presoek bakarka eman behar dituztela pausoak.