Juan Mari Igarataundi. Preso ohia; Auzitegi Gorenak doktrina ezarri, eta Konstituzionalak kendu egin zion

«Aurrez denok genekiena esan du Estrasburgok: doktrina ilegala dela»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtetan bizi izan duena eta gero, ez da Espainiako Gobernuaz fio. 22 urte preso egin ondoren kaleratze data iritsi bezperan, doktrina ezarri ziotela jakinarazi zioten bere abokatuari: beste zortzi urte egin beharko zituela espetxean. Hiru urte geroago kaleratu zuten duela hiru hilabete, Auzitegi Konstituzionalak bere helegiteari arrazoi emanda. Baikor dago, hala ere. Europak Espainia jarreraz aldatzera behartuko duen esperantza du.

Nola hartzen du 22 urte preso egin eta kalera doala uste duen preso batek ez dutela askatuko jakitea?

Nire kasuan, doktrina aurrez beste batzuei ezartzen ari zirenez, banekien gerta zitekeela. Lehendabizi egokitu zitzaienei egingo zitzaien oso oso gogorra. Niri ere gogorra egin zitzaidan, baina urte batzuk lehenago zer gertatuko zaizun jakiteak, mentalizatzeko aukera ematen dizu, nolabait.

Nola bizi izan dituzu hiru urte horiek kartzelan?

Urte gogorrenak edo gogorrenetarikoak izan dira. Zuk badaukazu irteera data bat urte asko lehenagotik eta burua prestatua duzu egun horretan kalera ateratzeko. Momentua iristen denean espetxean beste zortzi urte egin behar dituzula esaten dizutenean... Gainera, ordurako 22 urte neraman kartzelan, eta gogorra da. Baina badiotsut, aurretik sumatzen baduzu, burua pixka bat prestatu dezakezu. Ez zaitu sorpresaz harrapatzen lehenengoak harrapatuko zituen bezala.

Konstituzionalak, zure kasuan,onartu zuen luzamendua ez zela zilegi. Kalte-ordainik eman dizute?

Ez.

Zer sentitzen duzu?

Inpotentzia; handia, gainera. Eta orain, Estrasburgoko epaiak dioena ikusitakoan, inpotentzia areagotu egin zait. Aurrez denok genekiena esan du: doktrina ez dela legezkoa. Hala ere, orain, argia ikusteko aukera bat behintzat ematen du, nahiz eta Barne ministroaren adierazpenak ez izan oso itxaropentsuak. Baina pentsatzen dut iritzia aldatu beharko dutela; Europatik behartuko dituztela aldatzera.

Zer uste duzu etorriko dela?

Nik pentsatzen dut bertan behera geratuko dela doktrina. Beste 30 preso joango dira Europara helegiteekin, eta erabakiak ildo beretik etorriko direla pentsatzen dut. Eta espero dut errespetatuko dutela, behartuko dituztela errespetatzera. Baina ez dakigu. Legez kanpoko hainbeste neurri ikusi ondoren, ez dakigu zer etor daitekeen. Bainabaietz espero dut.

Gero salbuespen neurri guztiak bertan behera geratuko direla ere bai?

Baietz uste dut. Itxaropena, behintzat, horretan daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.