Ohi ez bezala, aurten ez dute Donostian Kontxako Banderako bigarren jardunaldi egunerako euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziorik deitu. Hala ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) igandean -estropaden bigarren jardunaldian- Donostian presoen eskubideak aldarrikatzeko eta haiekiko elkartasuna adierazteko dei zabala egin du.
Izan ere, "euskal preso politikoei ezarritako muturreko egoerak indarrean jarraitzen duela eta une honetan espetxeetako egoera zinez larria dela ohartarazi nahi dugu", dio AAMk ohar batean.
Azkeneko urteetan Eusko Jaurlaritzak eta auzitegiek hainbat aldiz debekatu izan dute aipatutako eguneko manifestazioa. Istiluak sortu izan dira, atxiloketak eta kartzelatzeak...
AAMk hainbat kasu ekarri ditu gogora "egoera larria" dela azaltzeko: 53 euskal presori ezarri diete biziarteko zigorra, hogei urte baino gehiago espetxean daramatzate 53 lagunek -Jon Bilbao Morok 28 urte, Jon Agirrek 29, Jose Mari Sagardui Gatza-k 30-, 25 urte baino gehiago espetxean daramatzate hamahiruk, zazpi preso gaixotasun larriekin kartzelan dituzte, beste sei lagun espetxealdi arindua betetzen ari dira etxean kontrol neurri zorrotzekin...
"Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaldu den honetan, euskal preso politikoen eskubideen alde ekimena indartu behar dugu datozen hilabeteotan. Prozesu politikoak amnistiarainoko bidea egin behar du ezinbestean. Amnistiaren bidean euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen bermea izango da lehen mugarria".
euskal presoak
Aurten presoen eskubideen aldeko manifestaziorik ez Donostian, baina bai aldarrikapena egiteko dei zabala
Igandean, Kontxako Banderako bigarren jardunaldian, presoen "egoera larria" salatzeko eskatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu