Euskara

Aurtengo Araba Euskaraz-en abestia aurkeztu dute

Arabako En Tol Sarmiento taldeak egin du. [Youtube] https://youtu.be/V_HWES056Tk [/Youtube]  

2015eko apirilaren 14a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur goizean aurkeztu dute En Tol Sarmiento taldeak Araba Euskaraz jairako egindako abestia. Doinu dantzagarriak egin ditu Arabako taldeak. Jaiaren leloari jarraiki, Piztu euskara izena du abestiak. Bideoklipa ere grabatu dute, gainera. Oiongo San Bizente ikastolako ikasleek parte hartu dute bertan. Aurtengo Araba Euskaraz San Bizente ikastolak antolatuko du, baina Gasteizen egingo da ekainaren 14an. 

Bonbilla bat izango da aurtengo jaiaren irudia, Piztu euskara leloarekin bat eginez. Cristina Ruiz Carrillo ikastolako guraso elkarteko kideak azaldu zuen zergatia azaroan egindako aurkezpenean: «Bonbilla bat pizterakoan gure inguruan dagoena beste modu batean ikusten dugu; ikuspuntua eta pertzepzioa aldatzen dira».

Azpiegiturak helburu

San Bizente ikastolak zenbait helburu bete nahi ditu ekainaren 14ko jaiarekin. Lehenik eta behin, guraso eta langileen egoera «arintzea» nahi dute antolatzaileek. «Esfortzu handia egiten ari gara euskararen aldeko proiektua aurrera eramateko», azaldu zuen Gema Berzal ikastolako zuzendari pedagogikoak aurkezpenean. Bestetik, azpiegitura hobetzeko baliatuko dute bildutako dirua; 1930eko hamarkadako burdinazko leihoak aldatu, informatika gelako materiala gaurkotu...

Lan horiez gain 2009. urtean abiarazitako jantokia egiteko egitasmoari jarraipena eman asmo diote ikastolako arduradunek. Duela bost urte San Bizente ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaiari esker, betoizko oinarria prestatu zuten, baina ez zuten nahikoa baliabide izan aurrera jarraitzeko. Ekainaren 14an jantokia bukatzeko nahikoa finantzaketa lortzeko helburua du Oiongo ikastolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.