«Egun batean espetxera eraman zituztenak edo erbestera alde egin behar izan zutenak ezin ditugu bazterrean utzi etxera itzultzen direnean; ezin ditugu albo batera utzi». Halaxe idatzi zuen behin BERRIAn Sebastian Barinagarrementeria Harrera elkarteko kideak. Duela lau urte errandako hitzak dira, baina zentzu bete-betea dute gaur egun ere. Larunbatean eginen du Harrera elkarteak urteroko batzar orokorra, Durangon (Bizkaia), eta bi zeregin nagusi izanen ditu: joan den urtean lortutakoak azaldu, eta urte berriari dagozkion betebeharrak zehaztu.Â
Paradoxikoa dirudi, baina egia da: euskal presoen kopurua apaldu ahala, handitu egiten da elkartearen lana. Kartzelatik ateratakoan hasten baita, neurri handi batean, Harrerakoen zeregina. Eta lau ildo nagusitan banatzen da, gutxi-asko. Bat: preso bakoitzari laguntza ekonomikoa ematea. Kalera irteten hasten direnean aktibatuko da lana. Bi: laguntza administratiboa ematea. Askatasuna berreskuratzearekin batera paper eta kontu administratibo andana egin behar izaten da, eta eginbide horiekin laguntzeko ardura dute elkarteko kideek.Â
Hiru: osasun arreta integrala bermatzea. Litekeena da preso ohiek zenbait arazo garatu izatea kartzelan igarotako urteen ondorioz, eta horiek kudeatzen laguntzen du elkarteak. Eta lau: lana eta etxebizitza bilatzea eta antolatzea. Laurehun euskal preso baino gehiago itzuli dira etxera, eta 30 erbesteratutik goiti Euskal Herriratu.Â
Egindako lanak
Bazkideek osatzen dute Harrera elkartea, eta horiei esker izaten dute modua preso denei laguntzeko. Joan den urtean, kasurako, 5000 baietz egitasmoa jarri zuten martxan, eta 5.000 bazkide lortzea zen helburua. Larunbatean emanen dute egitasmo horren emaitzen berri, eta, horrez gain, zehaztasunez kontatuko dute zer erronkari buru eginen dioten luze gabe.Â
2012an sortu zen elkartea, «kezka» bat izanik abiaburu, Barinagarrementeriak berak azaldu zuenez. «Bagenekien inork ez zizkigula gauzak erraztuko, ezta bidea erakutsiko ere». 2024an, Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztu zuten, eta, horrekin batera, 2028. urtera arteko plan baten nondik norakoak esplikatu —Harrera biziberritzen 2024-2028: tximeletaren hegaldia marrazten—. Izan ere, zuzendaritzaren erranetan, preso gutxiago egon arren «muturreko egoerak areagotzen» ari dira, eta, hortaz, Harrerak ematen duen laguntza «dimentsionatu» egin behar da. Ordutik, egoera berrira «egokitzen» ari da elkartea, eta halako batzarrak ezinbertzekoak zaizkio euskal presoak ahalik eta ongien ulertu eta lagundu ahal izateko.Â