Aurtengo uda ere ohi baino beroago joan da, eta bero bolada gogorragoak izan dira

Ekaina eta abuztua bereziki beroak izan dira: ia 45 graduko tenperatura ere izan da. Iaz halako bi herritar hil dira gehiegizko beroaren ondorioz.

Bero bolada batean termometro bati ateratako argazkia, Donostian. JON URBE / FOKU
Bero bolada batean termometro bati ateratako argazkia, Donostian. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2025eko irailaren 18a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetako joera bera izan da uda honetan ere Euskal Herrian tenperaturei dagokienez: ohi baino beroagoak izan dira. Iaz Euskalmetek bero gisa definitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin zuen uda, eta aurtengoa ere halakoa izan da, ekaina eta abuztua bereziki. Iaz baino bero pixka bat gehiago egin du aurten, baina kezkagarrienak bero boladak izan dira, ohi baino gogorragoak izan baitira.

Meteorologiaren Euskal Agentziak esan du ekaina «zeharo beroa» izan dela, uztaila «normala», eta abuztua «oso beroa». Udako hilabete gogorrenean 1,6 gradu zentigraduko anomalia kalkulatu dute 1991-2020 bitarteko batezbestekoarekin alderatuta.

Plubiometriari dagokionez, azken urteetako idorterik ez da izan, nahiz eta euriaren parte handi bat epe murritzetan kontzentratu den. Euskalmeten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekaina normala edo hezea izan da, uztaila normala, eta abuztua, berriz, normala. Uztailean, adibidez, prezipitazioak iaz halako bi izan ziren estazio batzuetan, baina abuztuan, Araban bereziki, ia ez du euririk egin. Paganosen (Araba), esaterako, 1,9 milimetro bota zituen abuztu osoan —urte batzuetan 50 milimetroak gainditu dira—.

Nafarroan, berriz, uda osoko euri kantitatea normal gisa definitu du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak, eta Ipar Euskal Herrian baloreak iazko udaren oso antzekoak izan dira.

Ekaina, oso beroa

Euskalmetek kaleratutako datuek garbi diote, erreferentziazko estazioek jasotako datuetan oinarrituta, aurtengo ekaina iazkoa baino hiru edo lau gradu beroagoa izan dela. Zorrotzako estazioan (Bizkaia) 2,5 gradurena izan da aldea, 3 gradurena Lasarte-Oriakoan (Gipuzkoa), 3,3rena Arrasaten (Gipuzkoa), eta 3,6rena Abetxukun (Araba) eta Paganosen.

Ipar Euskal Herrian ere nabaritu da iazko ekaina baino beroagoa izan dela aurtengoa. Baionan, Biarritzen, Angelun, Donibane Lohizunen, Ezpeletan, Bidarten eta Hendaian dauden estazioetako datu historikoak begiratuta, ekainean nabaritu dira bereziki ezohiko tenperatura beroak. Iazko ekainean, batez beste 18 gradu zentigradu erregistratu ziren, eta aurten 21 gradura igo da: hiru graduren aldea. Hori erakusten du tenperatura maximoak, iaz gehienez 31 gradura iritsi baitzen merkurioa, eta aurten 36 graduak gainditu ditu.

Nafarroan ere nabaritu da hori. Aemeten datuen arabera, iazko ekainean tenperatura anomaliarik ia ez zen izan 1991-2020ko aldiarekin konparatuta, eta Noaingo aireportuko estazioan batez beste 19,1 gradu erregistratu zituzten —ohi baino 0,3 gehiago—. Bada, aurtengo ekainean 22,5 gradura iritsi da batezbestekoa, eta anomalia lau gradura gerturatu da (+3,7ºC). Muturreko anomalia hori orokortua izan da ia herrialde guztian, Nafarroa iparraldean eta Lizarraldeko leku batzuetan izan ezik.

Uztailean, tenperaturak nahiko berdintsuak izan dira iazko urtearekin eta datu historikoekin alderatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erreferentziazko bost estazioetatik lautan jaitsi egin dira batez besteko tenperaturak, eta Zorrotzan pixka bat egin du gora. Noaingo aireportuan 0,7 gradu zentigradu jaitsi da batez besteko tenperatura 2024ko uztailarekin alderatuta, baina 1991-2020ko aldiko batezbestekoaren gainetik jarraitu du (+0,8ºC).

Ipar Euskal Herrian, berriz, uztailean eta abuztuan batez besteko tenperaturak berdinak izan dira aurten eta iaz: batez beste 21 gradu uztailean, eta 22 abuztuan. Hala ere, aurten 43 gradu ere gainditu ditu termometroak, eta iaz ez zen 41etik pasatu. Hego Euskal Herrian bai, nabaritu da abuztua ohi baino beroagoa izan dela. Estazio guztietan neurtu dituzte batez besteko tenperatura beroagoak, 2024arekin alderatuta: Zorrotzan (+0,5ºC), Lasarte-Orian (+0,7ºC), Arrasaten (+1ºC), Abetxukun (+1ºC), Paganosen (+0,7ºC) eta Noainen (+1,3ºC).

Baina abuztua gehien markatu duena hilabete erdialdeko beroaldia izan da. Abuztuaren 15a izan zen egunik beroena, eta berorik handiena Sodupeko (Gueñes, Bizkaia) estazioan neurtu zen: 44,9ºC.

Beroa, hiltzaile isila

Espainiako Osasun Ministerioak heriotza guztiak monitorizatzen ditu, eta kalkulatu egiten dute ea horietako zenbat egotz dakizkiokeen muturreko beroari edo hotzari. Bada, ekainaren hasieratik hona, Hego Euskal Herrian 196 heriotza egotzi dizkio Espainiako Osasun Ministerioak gehiegizko beroari, iaz halako bi doi-doia, epe berean 98 pertsona hil baitziren beroarengatik. Ministerioaren zerbitzu horrek maiatzaren 15a eta irailaren 15a bitarteko garaia hartzen du uda garaitzat, eta hor gertatzen dira gehiegizko beroagatik jazotzen diren heriotza ia denak.

Ipar Euskal Herrian, berriz, abuztuaren 8aren eta 19aren bitartean heriotzek %10 eta %20 artean egin zuten gora, egun horietan izan zen bero boladak eraginda. Frantziako Osasun Ministerioak emandako datuak dira.

Imperial College London eta London School of Hygiene and Tropical Medicine institutuetako ikertzaileek ikerketa bat egin dute, eta ondorioztatu dute uda honetan Europan beroagatik gertatu diren 24.400 heriotzen bi heren 16.500, klima larrialdiaren ondorioz izan direla. Hala ere, zenbaki horiek 854 udalerri handitako datuekin lortu dituzte, eta ohartarazi dute beroagatik hildakoen herena izan daitekeela soilik; nabarmendu dute beroak hildakoak «askoz gehiago» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.