Urepeleko auzapeza

Xole Aire: «Ausartuz, gauzak posible dira; baina ez da beti erraza, ostikoak biltzen baitira»

2020tik Urepeleko auzapeza da Xole Aire. Bigarren agintaldirako zerrenda osatu berri du, eta iragarri du herriko proiektuen artean Lurralde Kooperazioko Europako Taldea sortuko dela. Segurtatu du herriari «irekidura» ekarriko diola.

GUILLAUME FAUVEAU
GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Urepele
2026ko martxoaren 5a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira guti azken agintaldian Urepeleko Herriko Etxeak eraman dituen proiektuak. Xole Aire (Urepele, Baxenabarre, 1973) izan da 2020 geroztikako auzapeza, eta hamar kontseilarirekin batera eraman ditu herriko aldaketa nagusiak. Seroren etxea zen Amerikanoinea egun interpretazio zentro da. Hortik gutira, EPFL Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoarekin batera, herriko etxeak Manuelenea, Beheitikoetxea eta Ikaztegia eraikinak erosi ahal izan ditu. Duela 30 urte hetsia zen Angelesainea hotelean bi apartamentu egin dira, baita CSVB Baigorriko Ibarreko Mendi Sindikatuaren egoitza finkatu ere. GECT Lurralde Kooperazioko Europako Taldea egituraren sortzeko lehen urratsetan buru-belarri ari da Aire azkenaldian. Heldu den agintaldirako zerrenda osatu berri du, eta kontent agertu da, laborantza arloko lau emazte sartuko baitira herriko kontseiluan.

Lau kontseilari atera dira aitzineko kontseilutik, baina zerrenda osatu berri duzue.

Laborantzatik egin ahala hurbil diren emazte gazte batzuei gomita helarazi genien, eta kausitu dugu zerrenda osatzen. Katzakan aritu izan gara, ez baita beti erraza emazteen konbentzitzea, baina azken finean uste dut haien lekua badutela kontseiluan; dudarik ez da horren aldetik.

2020tik mera zara. Amerikanoinea etxearen proiektua izan zen gauzatu zenuten lehen proiektua. 

Meriara arribatu berri ginen eta ez zen bortxaz erraza izan afera. Gainera, COVID pandemiaren garaia zen, eta jendea herrira jinarazteko zaila izan zitzaigun. Azkenean lortu genuen finantzaketa eta erreusitu genuen Urepeleri doazkion lau gairekin —euskara, Kintoa, laborantza eta bertsolaritza— Amerikanoineko gelak apaintzea. Etxea herriaren bihotzean kokatua da. Ez genuen aitzin ikusia bisitariez gain herritarrek ere nahiko zutela etxe horretan bildu. Herritarrek galdegiten digutelarik biltzeko gela bat, Amerikanoinea dute galdegiten; izan yoga, psikomotrizitate tailerra, gazteen arteko bilkurak edo euskara klaseak egiteko. Naturaltasunez doaz hara, eta horrek erran nahi du beharra bazela.

Bertzalde, Angelesainea hotela EPFLarekin erosi zenuten. Egun, Baigorriko Ibarreko Mendi Sindikatua han egonkortu da, eta bi apartamentu ere egin dira.

Angelesainea duela 30 urte hetsi hotela eta ostatua zen. Mendiko sindikatuarekin mintzatzen hasi ginen eta han kokatzeko xedea agertu zen. Bortz lanpostu dituzte, eta guretako zentzua du egitura Urepelen kokatzeak, harreman azkarrak baititu Nafarroarekin eta batez ere Erroibarrekin. Batzuek nahi zituzten bulegoak Baigorrin kokatu, baina atxiki dugu bururaino, eta biziki kontent gara egun sindikatua herrian baitugu. Badakigu Erroibarko jendea ere kontent dela Urepelen kokatu baita, eta, egia erran, umiltasun osoz erran daiteke proiektuak aski oihartzun ona ukan duela. Bertzalde, bi apartamentu ttipi egin ditugu, eta jadanik alokatuak dira. Guretako eta herritarrendako plazera da argia berriz bizirik ikustea etxe horretan.

«Erroibarko jendea ere kontent da Urepelen kokatu baita Mendi Sindikatua. Guretako eta herritarrendako plazera da argia berriz bizirik ikustea etxe horretan»

GECT Lurralde Kooperazioko Europako Taldea sortzen ari zarete, Baxenabarreko eta Nafarroako herri batzuen artean. Zertarako aukera emanen luke mota horretako egiturak?

Hastapenean Baigorriko, Bankako, Aldudeko, Urepeleko, Eugiko eta Zubiriko herriak, Esteribarko Udala eta Baigorri Ibarreko Mendi Sindikatua bildu ginen proiektua bultzatzeko. Berriki proiektura batu dira Luzaide, Auritz eta Baztango udalak ere. Ene ustez, egitura berri horrek Urepele lau ibarren arteko erdigunean kokatuko du, egoitza hemen izanen baitu. Baigorriko ibarreko azken herria dela aditzen eta sentitzen dugu anitzetan, baina esperantza dugu bigarren agintaldian irekidura eskaintzea herriari. Egiturak aitzinkontu propioa izanen du, eta herrien artean adostu beharko ditugu eramanen diren proiektuak. Kultura arloa, ondarea eta hizkuntza dira garrantzitsuenak zaizkigun gaiak. Herri bakoitzak izanen du bere proiektua, eta %80an finantzatua izanen da, baina horretarako partaide guziak ados jarri beharko gara.

(ID_17726149557045) Xole Aire
Xole Aire, 2020ko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Geroari begira jar gaitezen orain. Manuelaenea saltegi zaharra berriz saltegi bihurtzeko zurrumurruak aditzen dira.

Bai, baina kasu, proiektuaren hastapen-hastapenean gaude bakarrik. Etxebizitza izateko ordez, saltegi baten gisako zerbait nahi genuke izatea. Bi gazte jin zaizkigu labe baten inguruko proiektu batekin. Labe horretan ogia eta bixkotxak erreko lituzkete. Etxalarko bi okindegirekin harremanetan gara proiektua eramateko. Baina hori gauzatu aitzin herritarrei galdeketa bat egin nahi genieke proiektu horretaz zer iritzi duten jakiteko. 

Geroz eta biztanleria zaharragoa du Urepelek. Zaharrek herrian egoteko gogoa dute?

Arrunt erronka berria da ene buruan. Etxetik abiaturik amak erran zidan: «Guk nahi genuke herrian zahartu». Herriko etxeetarik abia daiteke zahartzaroari buruzko gogoeta. Etorkizunean posible balitz eta erreusituko bagenu, uste dut baliagarria izan daitekeela osagarri zerbitzu bat eta belaunaldien arteko egitura bat muntatzea. 

«Baigorriko ibarreko azken herria dela aditzen eta sentitzen dugu anitzetan, baina esperantza dugu bigarren agintaldian irekidura eskaintzea herriari»

Bertzalde, herri ttipietan erronka soziala izaten da bertzearen begiradak duen pisua arintzea biztanle guziak eroso senti daitezen, ezta?

Erronka handia eta luzea da. Bertzearen begiradatik ateratzeko lan handia dugu oraino herri ttipietan. Ohartzen gara ibar hetsi batean bizi baldin bazara bertzearen begiradak ikaragarriko pisua duela. Desberdinki nahi baldin baduzu bizi hemen kasik ezinezkoa da, eta hori ez badugu hausten nik ez dut ikusten aterabiderik. Lehen agintaldian bi gizonen arteko ezkontza bat egin genuen, eta hori izan zen lehen aldikotz alimaleko irekidura. Ausartuz, gauzak posible dira; baina ez da beti erraza, ostikoak biltzen baitira. Herri honetan ere denak desberdinak gara, baina elkar errespetatuz eta ausartak izanez gauzak lor daitezke.

Ausardia beharko da euskararen erabilpenaren gainbeherari kontra egiteko ere, ezta?

Entseatzen gara antolatu jarduera bakoitzean euskararen presentzia bermatzen. Nahi eta nahi ez, herritarrak ohartzen dira euskara ez doala azkartuz. Nonbait batzuendako kezka ere sortzen du gai horrek. Eskolaren bidez zaintzen ahal da euskara, baina ez da aski. Familietan geroz eta gutiago ematen da gainera, baina AEKrekin partaidetza azkartzen ari gara: hiru ikastaldi izanen dira aurten, eta hastapen klasea sortu dugu. Astearte goiz guziz herriko eta auzo herriko zazpi ikasle biltzen dira hastapenean. AEK-ko irakasleak erran bezala: «Nork erranen zuen 2015ean Korrika Urepelen abiatu zelarik hain indartsua zela euskara eta orain hastapen klase bat behar dela?». Izugarri fite doa hizkuntzaren gainbehera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA