Australiak eta Kanadak uko egin diete 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoei

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak dio ez dituela bertan behera utziko jokoak, baina litekeena dela atzeratzea. Datozen lau asteetan hartuko dute erabakia.

Jokoak, lehenago edo beranduago, Tokion egingo direla baieztatu du NOB-ek. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 23a
12:59
Entzun

Atzo arratsaldean, lehen aldiz, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aitortu zuen litekeena dela Tokioko Olinpiar Jokoak atzeratzea. Printzipioz, uztailaren 24tik abuztuaren 9ra dira egitekoak aurtengo jokoak —amaitu eta bi aste geroago paralinpikoak—, eta Japoniako agintariek data horiek ez aldatzeko asmoa erakutsi dute azken egunetan, NOB-en babesarekin. Han kontrolatuta dago koronabirusaren pandemia; Australiak eta Kanadak, ordea, jada iragarri dute ez dutela parte hartuko aurtengo jokoetan.

NOBek lau asteko epea hartu du zer egin erabakitzeko. Batzordeak maiatzera arte itxaroteko asmoa zuen erabaki bat hartu baino lehen, baina pandemia geroz eta gehiago zabaldu izanak eta jasaten ari diren presioak mugitzera behartu ditu. Jokoak prestatzen ari diren milaka kirolarik entrenamenduak eten behar izan dituzte koronabirusaren aurkako neurrien ondorioz.

Dena den, Tokioko Jokoak nahi eta nahi ez egingo direla azpimarratu zuen NOB-ek atzo. Aurten, 2021ean, 2022an edo aurrerago, baina Tokion. Atzerapenak eragingo lituzkeen zailtasun nagusiak aipatu zituen batzordeak: «Hoteletan erreserbatutako milioika gauak kudeatzeko zailak dira, eta, gutxienez, 33 kirolen nazioarteko olinpiar egutegia moldatu beharko genuke».

Nazioarteko batzordeak Olinpiar Jokoak mantentzeko hartutako asmoari azkar erantzun diote Australiako eta Kanadako ordezkariek. Kanadako Olinpiar Batzordeak honela argudiatu zuen Tokiora kirolaririk ez eramateko erabakia: «Gure kirolarientzat arriskutsua da pandemia bizirik dela jokoak prestatu eta jokatzea». Jokoak urtebetez atzeratzeko eskatu du Kanadak, eta bide horretan aurrera egiteko «babes osoa» eskaini dio NOB-i. 

Estresa eta ziurgabetasuna

Ildo beretik jo du Australiako Olinpiar Batzordeak; haien iritziz, lehentasuna izan behar du «kirolarien ongizateak». Ian Chesterman Australiako espedizioaren buruak, 25 diziplinatako kirolariekin hitz egin ostean, hala esan du: «Begi bistakoa da jokoak ezin direla uztailean egin. Gure kirolariek prestakuntzarako izan duten jarrera bikaina izan da, baina jasaten ari diren estresa eta ziurgabetasuna jasanezinak dira». 

Poloniako ordezkariek ere Olinpiar Jokoak atzeratzeko eskatu dute, entrenatzeko dituzten baliabideak «geroz eta urriagoak» baitira. Ameriketako Estatu Batuetako atletismo eta igeriketa federazioek ere atzeratzearen aldeko jarrera erakutsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.