Alegia parean gertatu da ezbeharra, Donostiarako noranzkoan, N-1 errepidean. Segurtasun Sailak azaldu duenez, goizeko bostak aldera hiru ibilgailuren arteko istripua gertatu da, eta haietako bat bidetik irten da, beste biak jo ostean. Errepidetik irtendako ibilgailuko gidaria hil egin da zaurien ondorioz.
Ertzaintzak itxi egin du N-1-a Donostiarako noranzkoan, eta errepide zaharretik desbideratu du trafikoa. Zer gertatu den ikertzen ari dira.
LABek eta ELAk jakinarazi duenez, hildakoa Beasaingo CAF enpresako langilea zen, eta istripua izan duen unean etxerantz zihoan, lan jarduna amaitu berri. CAFeko langile batzordeak ordubeteko lanuztea egingo du bihar. LABek esan du enpresa zuzendaritzarena ere badela langilea etxera onik itzultzearen ardura. ELAk salatu du in itinere lan istripuak ugarituz doazela, eta salatu du batzuetan ez direla aintzat hartzen lan istripuen datu ofizialetan.
Ohikoa duten moduan, CAFeko langileek hildakoaren familiari emango diote ordubeteko jardunari dagokion diru saria.