Auto gidari batek txirrindulari azpeitiar bat hil du Valentzian, eta haren 14 urteko semea zauritu

Herenegun jazo zen ezbeharra, 11:30ak aldera, Calpen. 20 urteko auto gidaria atxilotu egin zuen Guardia Zibilak, eta zuhurtziagabekeriagatiko hilketa, lesioak eta errepideko segurtasunaren kontrako delituak egozten dizkiote. Aske utzi dute gaur.

BOMBERS
Harrapaketaren osteko argazkia. ALACANTEKO SUHILTZAILEAK
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 22a
21:05
Entzun 00:00:0000:00:00

20 urteko auto gidari batek txirrindulari talde bat harrapatu zuen herenegun Calpen (Alacant, Valentzia, Herrialde Katalanak), eta horietako bat, 50 urte inguruko gizon azpeitiar bat, hil egin da. Haren semea, 14 urteko mutikoa, zaurituta eraman zuten ospitalera, femurra hautsita baitzeukan, eta 20 urteko beste gizon bat ere ospitalera eraman behar izan zuten, antsietate krisi bat zela eta. 11:30ak aldera jazo zen ezbeharra.

Antza, 20 bat txirrindulariz osatuta zegoen talde batean zihoazen bi euskal herritarrak, baina bi horiek bakarrik harrapatu zituen autoak. Tunel baten irteeran izan zen, eta gizon azpeitiarra, errepidearen bazter babesa gainetik gaindituta, amildegi batetik erorita hil zen. 20 urteko gidaria atxilotu egin zuen Guardia Zibilak, eta, Efe albiste agentziak emandako informazioaren arabera, zuhurtziagabekeriagatiko hilketa, lesioak eta errepideko segurtasunaren kontrako delituak egotzi zizkioten. Gaur, albiste agentziak berak jakinarazi du aske utzi dutela, epaiketaren zain. 

Poliziak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak jakiteko, baina motiboak oraindik ez dituzte plazaratu. Alkoholemia eta droga azterketak egin zizkioten gidariari, baina ez dute emaitzei buruzko ezer esan oraindik.

Calp Europako hainbat txokotatik joandako txirrindulariz bete ohi da neguan eta udaberrian, eta tropel profesionaleko hainbat taldek ere bertan egiten dute denboraldiaren aurreko entrenamendu fasea, eguraldi onak eta inguruko mendateek erakarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.