Autodefentsa feministak dakarren begirada aldaketa

Unibertsitate ikasleek autodefentsa feministako ikastaroetan izandako bizipenak eta ikaspenak aletu dituzte jardunaldi batzuetan. Gaia unibertsitateko curriculumetan txertatzeko eskatu dute.

Aurten hirugarrenez egin dituzte autodefentsa feministari buruzko jardunaldiak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aurten hirugarrenez egin dituzte autodefentsa feministari buruzko jardunaldiak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko maiatzaren 7a
15:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laura Ibañez Ferrerrek iazko azaroan entzun zuen lehen aldiz autodefentsa feminista kontzeptua, ikastaro batean parte hartu aurretik, baina horren defendatzaile sutsu bihurtu da denbora gutxian: «Autodefentsa feministako ikastaroetan parte hartzera animatu nahi zaituztet. Asko-asko ikasteko esparru bat da, eta eraldaketarako toki bat». Antzeko bidea egin du Li Baliño Fernandezek ere, eta autodefentsa feministaren estrategikotasunaz jakitun, unibertsitateetako curriculumetan txertatzera deitu du: «Hezkuntzarako eskubidea indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubideari lotu behar zaio».

Deustuko Unibertsitateko ikasleak dira Ibañez eta Baliño, eta bertako Berdintasun Sailak autodefentsaren inguruan antolatutako jardunaldietan hartu dute hitza, gaur, Bilbon. Hirugarren urtez egin dituzte jardunaldiok, eta nabaria da gaia arrastoa uzten ari dela emakumezko ikasleen artean; besteak beste, euren lanetan eta gogoetetan.

«Hezkuntzarako eskubidea indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubideari lotu behar zaio»

LI BALIÑO FERNANDEZ Deustuko Unibertsitateko ikaslea

Izan ere, autodefentsa feministari buruzko trebakuntza orokorra ematen diete hiru gradutako ikasleei, eta, ondoren, ikastaro trinko batera gonbidatzen dituzte. Ikasturte honetan, lehen aldiz, jarraipen talde bat ere antolatu dute, halako ikastaroek sabelean utzi ohi duten korapiloa askatu ahal izateko. Esperientzia berri horri buruz mintzatu dira ikasleak. Autodefentsarekiko lehen harremanaren «inpaktua» azaldu dute lehenik. Ibañez: «Ikastaroan, lurrean geundela eraso batean nola jokatu aztertzeko, ohartu nintzen egiaz gerta zitekeen egoera baterako prestatzen ari ginela. Indarkeria egiazkoa baita, egunero gertatzen da, eta geure burua defendatzen ikasi behar dugu». Baliño: «Baina, aldi berean, une hartan segurtasun handia sentitu nuen: emakume asko ari ginen hura ikasten. Askotan uste dugu ezetz, baina badugu erantzuteko gaitasuna».

«Geure burua eta feminismoa ikusteko modua aldatu da. Ni neu aldatzen ari naiz harremanak egiteko modua, protesta egitekoa, mugak jartzekoa... eta horren bidez, nire ingurua ere aldatzen ari da»

LAURA IBAÑEZ FERRER Deustuko Unibertsitateko ikaslea

Halako bizipenen bidez komunitatea eratu dutela nabarmendu du Ibañezek: «Ordu gutxian oso talde kohesionatua osatu genuen. Segurtasun eremu bat sortu genuen, ahizpatasunezkoa, elkar ulertzekoa, eta babes sare bat. Barre eta negar egiteko eremu bat izan zen: emozio asko igaro genituen, baina elkarrekin igaro genituen». Eta hortik etorri da eraldaketa, pertsonala zein kolektiboa: «Geure burua eta feminismoa ikusteko modua aldatu da. Ni neu aldatzen ari naiz harremanak egiteko modua, protesta egitekoa, mugak jartzekoa... eta horren bidez, nire ingurua ere aldatzen ari da».

Ahalduntze esparru bat izan zela ondorioztatu dute, baina zalantzan jarrita ahalduntzearen ulerkera indibidualista. Autodefentsa feminista «praktika politiko bat» dela azpimarratu du Baliñok: «Bada joera bat pentsatzeko emakume ahaldunduek guztiari aurre egin diezaioketela, eta indarkeriaren ondorioak pribatuan kudeatu ditzaketela. Baina autodefentsa feminista eraldatzailea da erantzun kolektiboa ere ematen digulako».

Etxera beldurrez itzultzea

Autodefentsa feministaren inguruan ikasleek dituzten jarreren berri ere eman dute jardunaldian. Izan ere, gaiari buruzko galdetegi bat egin diete hiru gradutako ikasleei, Libe Jauregi Madariagaren gidaritzapean. Aurten 92 lagunek hartu dute parte, horietako 74 emakumeak. Laginak emaitzetan eragin duela aitortu du Jauregik: «Gehiengo handi batek feminismoaren aldeko jarrera agertu du, eta indarkeria sexualari buruzko mitoen edo sinesteen aurkakoa. Azterlanean gizon gehiagok parte hartu izan balute, emaitzak bestelakoak lirateke segur aski, aurreko urteetan gertatu izan den bezala».

Dena den, ohartarazi du mito batzuek onarpen zabala daukatela oraindik. Zehazki, bi baieztapen hauek lortu dute babesik handiena: «Emakume bati nagusiak sexu harremanak izatea eskatzen badio eta emakumeak onartzen badu, ez da bortxaketa bat»; eta «bortxaketa bat gerta daiteke gizona sexualki frustratuta dagoenean». «Oro har, mitoen onarpena nahiko apala da, ematen du ikasleek ondo ulertzen dutela auzia, baina, harremanetan boterea edo autoritate posizioa sartzen denean, kontraesanak agertzen dira. Horrek adierazten du oraindik asko dagoela egiteko mitoak desmuntatzeko», azaldu du Jauregik.

«Oro har, mitoen onarpena nahiko apala da, baina, harremanetan boterea edo autoritate posizioa sartzen denean, kontraesanak agertzen dira»

LIBE JAUREGI MADARIAGA Deustuko Unibertsitateko ikaslea

Era berean, partaideen %51k ez zuten autodefentsa feministaren berri, eta ez zuten inolako formakuntzarik genero gaietan. Baina %62k adierazi dute «guztiz ados» daudela autodefentsa feministari buruzko trebakuntza curriculumean txertatzearekin. «Sexu indarkeria ikusarazteko eta jorratzeko eremua izan behar du unibertsitateak», ondorioztatu du Jauregik.

Eta horren premia azaleratu dute sexu indarkeriari buruz jasotako bizipenetan. Galdetegiari erantzun dioten 74 emakumeetatik 73k baieztatu dute beldurra sentitu izan dutela gauez bakarrik etxera itzultzean; eta, euren burua defendatzeari dagokionez, erdiek baino gehiagok esan dute ez dutela «konfiantzarik beren gorputzean eta gaitasunetan».

Baina, ikasleek adierazi dutenez, indarkeria matxista eguneroko bizimoduan dago. Partaideen %40k adierazi dute sexu erasoren bat jasan dutela, eta %66k, bortizkeriak «inpaktua» eragin diela: %94k sentitu dute zaurgarritasuna, %88k amorrua, %85ek tristura, %68k errua, eta %50ek bakardadea. «Babesa da gutxien agertzen den sentipena: %26», zehaztu du Jauregik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA