Alderdi politikoetako ordezkariak eta kultura zein kirol munduko eragileak elkartu ziren atzo Beasaingo Igartza jauregian, ekimenaren berri emateko. Nazioen Mundua ekimenaren izenean, Eider Alustizak hartu zuen hitza. Ekimenak orain arte Goierrin izan duen «arrakasta» izan badu «hainbat pentsaeratako herritarrak elkartu eta auzolanari» ekin diotelako izan dela nabarmendu zuen. Autodeterminazioa oinarri duen ekimen hau pixkanaka zabaltzen joan da, baina Ordiziako jaialdiarekin beste pauso bat eman nahi dute. «Goierrin posible izan bada, Euskal Herriko txoko guztietan izango da posible. Ez daukagu dudarik. Esperientziak erakutsi digu posible dela».
Hiru urte daramatza herri ekimenak harremanak lantzen Eskoziarekin, baina batez ere hango eskualde batekin, Highlandsekin. «Izenari erreparatzen badiogu, Goierri esan nahi du Highlandsek, eta, horretaz ohartuta, bi eskualdeen arteko uztarketa egin nahi da». Izenetik haratago ordea, beste antzekotasun batzuk ere badituzte bi herrialde hauek; hizkuntza gutxitu baten aldeko lana eta euren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena.
«Eskozian inor gutxik zalantzan jartzen duen printzipio demokratiko bat da autodeterminazioa». Euskal Herrian ere beste horrenbeste lortu nahi dute; hau da, autodeterminazioa «oinarrizko eskubide demokratiko eta unibertsala» dela ulertaraztea. «Horixe gizarteratu nahi dugu bi nazioen arteko topaketa honen bidez. Euskal herritarrok ere erabakitzeko eskubidea daukagula».
Bi herrialdeen arteko topaketa honetarako, ordezkaritza zabala etorriko da Eskoziatik. «Denera 70 lagun etorriko dira: politikariak, musikariak, herri kirolariak, pailazoak, gaelikoaren inguruan lan egiten dutenak...». Ordiziako jaialdira etortzeaz gainera, bisita hau beste harreman batzuk lantzeko ere erabiliko dute. Hala, euskal alderdi politiko zein erakundeekin eta hainbat kultur mugimendutako kideekin ere bilduko dira eskoziarrak.
@Informazio gehiagonahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.uneairitsida.net
Egitaraua, urriak 16
11:00. Highlands Games.Eskoziarrak mundu osoko kirolarien kontra lehian.
14:30. Bazkaria 'On egin' karpan. Ondoren, kantaldia.
16:00. Pirritx eta Porrotx eta Big Rory & Ochie the Dog pailazoen emanaldia.
18:30. Ekitaldi nazionala:
Autodeterminazioa gauzatzeko unea lelopean.
21:00. Kontzertuak: Berri Txarrak, Red Hot Chili Pipers, Gose, Grousebeater Sound System, Trikizio, Oreka TX eta Euskal Herriko eta Eskoziako DJak.