Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

Autodeterminazioa bakerako formula gisa proposatu dute

Bonbardaketan «desagerrarazi nahi izan zituzten» ideien zilegitasuna aldarrikatu du Gernika Batzordeak

Gernika Batzordeak memoria aldarrikatzeko atzo Gernikan egindako ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Bakea du helburu Gernika Batzordeak, eta autodeterminazioa proposatzen du bakea lortzeko formula gisa. Atzo, bonbardaketaren 75. urteurrenean ekitaldia egin zuten Gernikan bertan, eta orduan «desagerrarazi nahi izan zituzten» ideien zilegitasuna aldarrikatu zuten. Argi dute bonbardaketak «herri bat eta bertako jendea» baino gehiago suntsitu nahi izan zuela: «Herri bat sinbolikoki hiltzea, etsipenean eroraraztea, herri gisa zegokigun eta dagozkigun eskubideei behin betiko errenuntzia egitea eta ahanzturan murgiltzea. Herri bizi bati bere etorkizuna bahitzea».

Halakorik ez dela gertatu ohartarazi dute, ordea: «Gureak ziren hildakoak, gureak ziren oihuak eta malkoak, gureak sutan erre zituzten etxeak eta ondareak, gurea kaleak gorriz margotuta zituen odola. Baina faxismoak Gernikan egindako sarraskian ez zuen gure ortuetako lur emankorra ongarritu baino egin. 75 urte pasatu dira, eta bizirik gaude, hemen gaude. Herri honek zutik dirau».

11:00etan egin zuten ekitaldia. Sabin Ibazetak irakurri zuen testua, eta han bakerako dei argia egin zuen, «askatasuna bidelagun». Euskal herritarrek zer izan nahi duten erabakitzeko askatasuna izan behar dutela aldarrikatu zuen. Hala, «izateko eskubidea» ukaezina dela esan zuen: «Gu euskaldunak gara. Mundukide ditugun auzo eta urrunekoen aitortza eskatzen dugu».

Ibazetak nabarmendu zuen euskaldun izaera aldarrikatzeak ez duela sortzen eragozpenik elkarbizitzarako. «Euskal Herrian euskaldunak garela aldarrikatu behar izatea da askatasunaren eta begirune ezaren froga ukaezina», gaineratu zuen. Hala, aukera guztiek parekide eta libre lehiatzeko bermea izan behar dutela defenditu zuen.

Historia ez daukate ahazteko. Begirada atzera zuzenduz aurrera egiteko asmoa dute. Memoria aldarrikatu zuten, «gure ondoren etorriko direnek halaxe merezi dutelako, gure Gernikurteak ez daitezen 100 izan». Historiarekiko fideltasunaren beharra ere azpimarratu zuten, «memorian gorderiko oroigarriak baketan bizi ahal izango ditugun seinale».

Flandriako eta Herrialde Katalanetako lagunek ere hartu zuten parte ekitaldian. Aurrenek gogora ekarri zuten 1936ko gerratik ihes egindako ume batzuk Flandriaraino iritsi zirela. Bigarrenak, berriz, Euskal Herrian «benetako demokraziarik» ez dagoela salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.