Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Autogobernua. Bost urtean, bost transferentzia gehi bat

Gernikako Estatutua ez da bete oraindik, 44 urteren ondoren: Pedro Sanchezek negoziaziorako baliatu ditu lege organiko horrek jasotzen dituen transferentziak, eta Eusko Jaurlaritzak espetxeen arloa eskuratu du. Nafarroak, berriz, trafikoarena.

Nafarroako Gobernuak trafiko eskumena jasotzean egindako ekitaldia, Maria Txibite presidentearekin. NAFARROAKO GOBERNUA.
xabier martin
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutua betetzeko, 25 bat eskumenen transferentzia egitea falta da, eta azken legegintzaldia uste baino zekenagoa izan da Espainiako Gorteetan. Izan ere, PSOEren gobernuak ez du bete estatutua erabat osatzeko 2018. urtean adostutako kronograma. Espetxeen kudeaketaren eskumena izan da Eusko Jaurlaritzak jaso duen transferentziarik garrantzitsuena, 2021eko urrian. Nafarroako Gobernuak, berriz, errepideen trafikoaren kudeaketa lortu du berriki. Gernikakoa izan zen Espainiako Estatuan onartu zen lehen estatutua, baina gauzatu gabe dagoen bakarra da.

Ia 44 urte bete ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutuak, eta, azken lau hamarkadetan, Espainiako Gonbernu desberdinek negoziazio politikorako baliatu dituzte berez lege organiko horrek transferituta beharko lituzkeen eskuduntzak. Azken legegintzaldian ere ez da besterik gertatu; Pedro Sanchezek kronograma bat sinatu zuen EAJrekin, eman gabe dauden transferentzia guztiak gauzatzeko, baina bide orri hori ez da bete. Jeltzale batzuei iruditzen zaie aukera on bat alferrik galdu dela; izan ere, haien ustez, alde izugarria egon daiteke autogobernuari begira Madrilen gobernu progresista bat egotearen edo PPk eta Voxek osatutako gobernu bat egotearen artean.

Batera edo bestera, Sanchez Moncloara iritsi eta gero, EAJren babesa lortu zuen, 2018ko ekainean egindako akordio bat tarteko: PSOEko agintari berriak 35 eskuduntza euskal herriratzeko konpromisoa hartu zuen; horien artean, espetxeena eta gizarte segurantzarena. Bost urte joan dira ordutik, eta Urkulluk eta Sanchezek elkarri eskua emanda itxitako itunak bost transferentziaren lokarriak baizik ez ditu askatu.

Beste eragile bat Madrilen

Azken agintaldian Eusko Jaurlaritzak jaso duen eskuduntzarik baliotsuena espetxeen kudeaketarena izan da; tresna hori oinarrizkoa da euskal presoak birgizarteratzeko. Horrekin batera, beste lau arlotako eskumenak jaso ditu: bizitzeko gutxieneko diru sarrerarena, errepideko garraioarena, liburuak identifikatzeko ISBN eta ISSN nazioarteko kodeena, eta Ondarroako itsas arloko eraikin batena.

Transferentziak negoziatzeko, ordea, beste eragile bat izan du azken lau urteotan: EH Bildu. Koalizio subiranistak rol berri hori jokatu du Madrilen, eta Nafarroako Gobernuak oso sinbolikoa den transferentzia lortu du bide horretatik: trafikoarena. Eskuinak eta eskuin muturrak polemikarako baliatu dute Nafarroako trafikoa Espainiako eztabaida politikoan, Guardia Zibilaren presentziarekin lotuta, baina, ika-mikaren gainetik, uztailaren 1ean gauzatu da PSOEk eta EH Bilduk adostutako eskumena. Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi batean, Maria Txibite jarduneko presidenteak «mugarri historikotzat» jo zuen Nafarroak berriro funtzio hori edukitzea, frankismo garaian kendu baitzioten, 1960ko hamarkadan.

Transferentzia hori mugarri esanguratsua da, gainera, 2018ko urriaren 30ean ere: Pedro Sanchezen gobernuak aurreko lehendakari Uxue Barkosi ziurtatu baitzion trafiko eskumena itzuliko zitzaiola Nafarroari. Ordu hartan ez zuen hitza bete, eta, azkenik, Madrilek urratsa egin du Espainiako aurrekontu orokorren inguruan EH Bilduk lortutako akordioaren barruan.

Edonola ere, eskumenen transferentzien zerrenda uste baino laburragoa izan da, oro har. EAJk bazuen EAEko autogobernuak jauzi bat egingo zuen esperantza, 2020rako aurreikusi baitzuen Gernikako Estatutua osorik betetzea, betiere Sanchezen exekutiboarekin lotutakoari jarraiki. Pandemiak dena zapuztu zuen, ordea. Hainbeste trabatu zuen, ezen, transferentzien emaria eteteaz gain, eduki batzuk birzentralizatzea ere eragin baitzuen, izurritearen haize bortitza lagun.

Gizarte Segurantza

2022ko maiatza ezarri zuten epemugatzat hitzartutakoa betetzeko. Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari buruzko azterketa bat egitea adostu zuten EAJk eta PSOEk, azken konpromiso gisa, baina hori ere airean gelditu da, aldiriko trenen transferentziaren moduan. Azken hilabeteotan, Olatz Garamendi Autogobernuko sailburuaren taldeak zenbait bilera izan ditu Madrilgo gobernuarekin eskumen hori lortzeko, eta, gauzatzetik gertu zeudela helarazi zuten arren, hura ere ez dute transferitu.

Edonola ere, datorren legegintzaldiari begira, EAJk Gizarte Segurantzaren eskumenean jarri du arreta. Alderdiko presidente Andoni Ortuzarrek ohartarazi du«indar bereziarekin» exijituko dutela transferentzia hori, «euskal pentsiodunek bermaturik izan ditzaten beren pentsioak». Espainiako Kongresuan zer-nolako rola joka dezaketen, horren arabera izango dute jeltzaleek aukera gehiago edo gutxiago gobernu berriarekin negoziatzeko arantzaz beteriko eduki hori. Izan ere, PSOEk ez du sekula sartu nahi izan Gizarte Segurantzaren labirintoan. Transferentzia horrek kutxa bakarra hautsiko lukeela salatzen dute askok Espainian, eta salaketa horrek oihartzun handia eta hartzaile ugari ditu, ezkerrean nahiz eskuinean.

Espainian PP-Vox eskuin muturreko gobernu bat eratuz gero, transferentziak negoziatzea are zailagoa litzateke datozen urteetan, baina kontua zera da, oraindik ere eduki garrantzitsuak falta dituela Eusko Jaurlaritzak, legez dagozkion eskumenak aintzat hartuz. Gizarte Segurantza eta aldiriko trenak azaltzen diren zerrenda horretan daude, era berean, migrazioa, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, itsas laguntza eta meteorologia, esaterako.

Haatik, autogobernuan aurrera egiteko baino gehiago, Madrildik datorren haizeak birzentralizazioarantz jo dezake luze gabe, Voxen programak islatzen duena kontuan hartuta. Politikak, ordea, beti utz dezake tarteren bat ezusterako, batez ere, Espainiako ganbera egituratuko duen indar orekak itunen atea irekitzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.